Montebourgek Hollanden alde bozkatuko du Frantziako PSren bigarren itzulian

«Sarkozyren aurrean ezkerra batzeko hautagai onena da», lehiatik kanpo geratu den hautagaiaren ustez

Erredakzioa
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Datorren urtean Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan Nicolas Sarkozyren kontra lehiatzeko bidean babes bat gehiago lortu du François Hollande hautagai sozialistak. Arnaud Montebourg hautagai sozialistak bihar Hollanden alde bozkatuko duela iragarri du, baina argitu du bere izenean emango duela botoa. PS Frantziako Alderdi Sozialistak iragan igandean egin zuen presidentegaia hautatzeko lehen itzulia, eta Hollande eta Martine Aubryk lortu zuten bigarren itzulirako txartela, %39ko eta %31ko babesarekin, hurrenez hurren. Montebourg hirugarren geratu zen, botoen %17rekin.

Lehiatik kanpo geratu diren gainontzeko hiru hautagaiek ere —Segolen Royalek, Manuel Vallsek eta Jean-Michel Bayletek— Hollanden alde egingo dutela baieztatu dute. Dena dela, Aubry eta Hollande «baliokideak» direla esan du Montebourgek, baina «Sarkozyren aurrean ezkerra batzeko onena delako» emango dio botoa Hollandi.

«Ezkerraren ordezkari»

Montebourgek PSko korronte ezkertiarrenaren ordezkaritzat du bere burua; «desglobalizazioa», bankuen kontrola eta protekzionismo soziala proposatu zituen, besteak beste, lehen itzulian. Hala, Aubry Hollande baino ezkertiarragoa dela ukatu du.

Bestetik, Dominique Strauss-Kahn ez duela ministro izendatuko hitz eman zuen atzo Hollandek. Azken inkesten arabera, Aubryk tartea gutxitu arren, Hollandek botoen %53 lortuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.