Mario Montik Italiako lehen ministro izaten segitzeko asmoa du, 2013ko otsailaren 24ean eta 25ean legebiltzarrerako hauteskundeak izango direla-eta programa aurkeztu baitu. Orain, aurrera jotzeko, "alderdi politiko baten edo batzuen" babesa nahi du. "Alderdi horiek ni presidente izateko asmoa adierazten badute, aztertuko dut eta baliteke baiezkoa ematea".
Oraingoz, zentroko alderdiak atera dira haren alde. Silvio Berlusconiren PDL kontserbadorea eta PD progresista ez daude Montirekin bat egiteko prest.
"Italia aldatzeko eta Europa erreformatzeko" xedea agertu du Montik. Bere herrialdea berriro krisian egon ez dadin proposamen batzuk plazaratu ditu, eta uste du horiekin Europako Batasuna ere hobetu egingo litzatekeela. Ondasunari buruzko zerga, gutxieneko soldata eta Europa integratuago eta solidarioago baten eraikuntza daude haren programan.
Montik lehengo ostiralean dimisioa eman zuen, eta Giorgio Napolitano Italiako presidenteak parlamentua desegin zuen larunbatean;. Ondoren deitu zituen bozak Ministroen Kontseiluak.
2010eko azaroan Berlusconik lehen ministro kargua utzi ondoren hartu zuen postu hori Montik, hauteskundeetara aurkeztu ez zen arren.