Indiako iparraldea izan da ingururik kaltetuena. Han 14 milioi desplazatu eragin dituzte euriteek. Adituen arabera, azken hamar urteetako montzoi garairik gogorrena da aurtengoa. Horrek eta kaltetutako herriak itsasoaren mailan egoteak uholdeen eragina handitu dute. Biharreko gobernadore ohi eta egungo Garraio ministro Laloo Prasad Tadavelek «utzikeria kriminalaz» jokatu izana egotzi dio Indiako Gobernuari. Izan ere, nabarmentzekoa da kaltetutako eremuak Indiako pobreenetariko batzuk direla. Nekazaritzara bideratutako eskualde horietan etxe gehienak baxuak eta erraz hondatzen diren materialekin egindakoak dira. Betse horrenbeste gertatzen da Bangladesh eta Nepalen ere.
GIZA LAGUNTZAREN ZAIN. Indian armada helikopteroak erabiltzen ari da elikagaiak eta edateko ura banatzeko. Baina gobernuz kanpoko agentziek salatu dute laguntza ez dela toki guztietara iristen. Horretaz gain, Biharreko Auzitegi Gorenak Indiako Gobernua kritikatu du giza laguntza behar bezala banatzeko gai ez izateagatik.
Bangladeshen ere antzeko egoeran daude. Kaltetuetako asko etxeetako teilatuetan babestu dira, nola edo hala, eta han jarraitzen dute laguntza iritsi zain. Beste batzuk, berriz, txalupetan abiatu dira lehorrera. «Gehiegi sufritzen ari gara inprobisatutako estalpe honetan. Uholdeek gure jabetza guztiak suntsitu dituzte. Ezin izan dugu ezer salbatu», dio Sirajganj herriko bizilagun batek. Gobernuak, berriz, dio ahal duen guztia egiten ari dela.
Nepalen egoera ez da hobea. Bihar eta Uttar Pradeshekin muga egiten duen Terai eskualdean ibaiek gainezka egin dute. Katmandun Indiako Gobernuari egozten diote gertatzen ari denaren erantzukizuna, urtegietako ateak ez irekitzeagatik. Indiako Uttar Pradesheko agintariek, aldiz, Nepali botatzen diote errua, esanez urtegietako ateak ireki eta ura India aldera bidali duela. Horiek hala, Erresuma Batuak eta Nazio Batuen Erakundeak giza laguntza bidaliko dutela iragarri dute.
Haizeek dakarten urteroko hondamendia
Urteroko euriteen menpe bizi dira Asiako nekazariak; baina montzoiak heriotza ere ekarri ohi dua. e.
Bizia eta heriotza biak ekartzen ditu urtero montzoiak Asiako hegoaldeko herrialdeetara. Bizitza, eurite garaia lehorra bada, nekazariek uzta guztia galtzen dutelako eta horrek gosetea eragiten duelako; heriotza, aurten bezala, euriteak oso gogorrak baldin badira, uholdeek nekazaritza eremuak suntsitzen dituztelako.
Fenomeno meteorologiko guztiak bezala, montzoiak ere tenperatura aldaketek eragiten dituzte. Apiril inguruan, lehorreko tenperaturek nabarmen egiten dute gora; itsasokoak, aldiz, freskoagoak dira. Batzuen eta besteen arteko aldea 20 gradurainokoa izatera irits daiteke. Lehorreko aire beroak gora egiten du, presio baxuko eremuasortuz. Haizeak, berriz, presio altuko eremuetatik presio baxuetako eremuetara jotzen duenez, montzoi garaian itsasoko haizeak etengabe jotzen du lehor aldera. Horrek euriteak eta uholdeak eragiten ditu.
Udazken aldera arte irauten du montzoien garaiak. Orduan, lehorreko tenperaturek behera egiten dute azkar, eta itsasokoek, aldiz, epelago irauten dute. Horrek eragiten du haizearen norabidea aldatzea eta euriteak murriztea. Garai lehorraren hasiera da.
NEKAZARIEN MENPEKOTASUNA.Eurite eta uholdeak ohikoak dira Indiako iparraldean, eta inguruko estatuetan. Horiek gabe, nekazariek ezin izango lukete urteroko uzta aurrera atera. Uholdeek kalte handiak eragiten dituzte, baina aldi berean lurra aberasten dute.
Askotan, lehorteek uholdeek baino hondamendi handiagoa eragiten dute. Eurite gabeko garaiak dira hain zuzen, nekazarien artean beldur handien eragiten dutenak. Euririk egiten ez duenean, ez dute uztarik landatzen, eta gosez hiltzeko arriskua handitu egiten da. 1899 eta 1901 urteen artean Indiako mendebaldeko Gujarat estatuko herritarren %15 gosez hil ziren. 1770ko gosetean, berriz, Bengal estatuan 10 bat milioi pertsona hil ziren. Hala ere, azken mende laurdenean aurrerapauso asko egin dituzte goseteen ondorioak murrizteko.
Horiek hala, nekazarientzat garrantzitsua da, oso, montzoia noiz etorriko den jakitea, haren menpe baitago elikatu ahal izatea.