Moralesi aurre eginez, Boliviako Santa Cruz eskualdeak autonomia aldarrikatu du

Gaur herritarrei testua aurkeztu eta sinadurak bilduko dituzte erreferenduma egiteko

ANE AZURMENDI
2007ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Santa Cruz Boliviako eskualde dirudun eta handieneko agintariek autonomia aldarrikatu dute. Herenegun onartu zuen Gobernuak eskumen gehiago emango dizkionautonomia estatutua, gaur, berriz, herritarrei aurkeztuko die. Autonomia eskaera izan da Boliviako Gobernuak bultzatutako Konstituzio berriari oposizioak emandako erantzuna. Autonomia Estatutuarekin eskualdean agintzeko askatasuna lortu nahi dute Santa Cruzen. Onartu duten testuak 155 artikulu ditu.

Gaur elkarretaratze jendetsua egitea aurreikusten dute Santa Cruz departamenduko hiriburuan, bertan aurkeztuko diete herritarrei estatutua eta, ondoren, Ruben Costas eskualdeko gobernadoreari erreferenduma egiteko eskatuko diote.

Pablo Klinsky departamenduko autonomiaren aldeko batzarreko presidenteak Estatutua gaur aurkeztu, eta aldeko ehunka mila sinadura lortzen saiatuko direla jakinarazi du. Horrela, Santa Cruzeko herritarrek testua onartzeko erreferenduma antolatu ahal izango dutela dio Klinskyk. Bide batez, Boliviarentzat ordezko bide bat nahi dutela adierazi du. «Ez dugu estatu sozialista eta komunistanahi». Estatutuaren aldekoak testua osatzera «behartuta sentitu» direla diote. Haien iritziz, Evo Morales presidentearen gobernua «arrazista» da, indigenei nahi duten lurrak hartzen uzten dielako haien autonomiak osatzeko.

Autonomiaren aldeko batzarra gizarteko hainbat taldek, ehundik gora udalek eta eskualdeko Gobernuak osatzen dute.

Tarija, Pando eta Beni eskualdeek ere autonomia nahi dute. Duela hiru urte egin zioten lehen aldiz eskaera Gobernu zentralari. Evo Moralesen gobernuak bultzatutako Konstituzioaren kontra daude eskualde horietan ere.



EVO MORALES: «LEGEZ KANPOKOA». Boliviako presidenteak, Santa Cruzeko agintariek bultzatutako autonomia «legez kanpokoa» dela salatu du, eta herrialdearen «batasunaren alde» lan egitea boliviar guztien ardura dela gaineratu. Alvaro Garcia Linera presidenteordearen arabera, konstituzio berria berrestea eta erreferendum bidez onartzea da, Santa Cruzeko Autonomia Estatutua «legezkoa» izateko aukera bakarra. Izan ere, Estatutua, konstituzio berriaren menpe baldin badago, Gobernua ez dela testu proposamenaren aurka egongo jakinarazi du.

Santa Cruzen onartu berri duten Autonomia Estatutuaren arabera, natur baliabideen eta lurren gaineko erabakiak eskualdeak hartuko ditu, eta Polizia propioa ere izango dute. Horretaz gain, zergen gaineko eskumena ere eskualdearen esku geratuko da.

Moralesek Gobernua haiekin hitz egiteko prest dagoela azaldu du. «Ez badute elkarrizketa onartzen, arrazoirik ez dutelako izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.