Abkhazian eta Hego Osetian abuztu hasieran Georgiarekin izandako borroken haritik, Errusiako lehen ministro Vladimir Putinek -presidente ohia- sostengua eskatu dio nazioarteari, bi herrialde horietan dituen "bake ordezkariak" babes ditzan. Halaber, "Georgiako kriminalentzako zigorrak" eskatu ditu, Kaukason gatazka areagotu izanaren erantzukizuna Tbilisiko agintariena dela argudiatuta.
Gaur gauean Alemaniako ARD telebista katean eskainiko duten elkarrizketa grabatzean Putinek adierazi du Europako Batasunaren aldetik sostengua espero duela, Moskuk Hego Osetian eta Abkhazian dituen "bake ordezkarientzat". Bi herrialdeak de facto independenteak dira 1990eko hamarkada hasieratik, eta Moskuren babesa izan dute harrezkeroztik -Errusiako Federazioko kide den Ipar Osetiarekin bat egin nahi du Hego Osetiak, Moskuren laguntzaz-, baina joan den astea arte ez ditu haien independentziak formalki onartu. Horrek Georgiaren haserrea areagotu du, bere lurraldeak direla baitio.
Putinek baztertu egin du nazioarteak Errusia bakartu egingo duenik, EBk edota AEBk jarrera bat edo bestea hartuta ere. Georgiak atzo harreman diplomatiko guziak moztu zituen Moskurekin, eta EBko iturriek iragarri zuten astelehenean Bruselan egingo duten goi bileran balitekeela Moskurekiko harremanak aldatzeko erabakitzea, eta haren jarrera aldatu arte "normalak ez izatea".
"Gure herrialdea, bere herritarren duintasuna eta harrotasuna defenda dezakeena, ez da bakartua izango. Mundua ez da Europarekin eta AEBekin bukatzen", nabarmendu du Putinek, ARDk eginiko elkarrizketan.
Agintari errusiarraren iritziz, Abkhaziako eta Hego Osetiako gatazkaren sortzailea Georgia da, eta Errusiak ez zuen bi herrialde horien independentzia Mendebaldeak Kosovorena onartu eta berehala,"askok hala espero zuten arren"; haatik, handik hilabete batzuetara egin du, Errusiako Legebiltzarrak eta Senatuak aho batez hala eskatuta.
"Kosovoren onarpen ez zilegiaren ondotik, denek espero zuten guk Abkhazia eta Hego Osetiaren independentzia onartuko genuela; ez genuen egin, eta Kosovoren onarpena irentsi egin genuen. Trukean jaso genuena (Kaukasoko) gatazka areagotzea izan zen".
Bestalde, Putinek baztertu egin du Errusiak parte hartuko duen hurrengo gatazka Ukrainako Krimea penintsula izango dela, batzuek dioten bezala.
"Krimea ez da krisi lurralde bat, ez dira gatazka etnikoak egon, Abkhazian eta Hego Osetian ez bezala", nabarmendu du, eta Moskuk Ukrainarekiko mugak onartuta dituela gogorarazi du.
Mundua
Moskurekiko sostengua eta "Georgiako kriminalentzako zigorrak" eskatu ditu Putinek
Errusiako lehen ministroak Abkhazian eta Hego Osetian dituen "bake ordezkariei" laguntza ematea galdegin dio nazioarteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu