Mossoen indarkeriak eztabaida sortu du berriz ere Katalunian. Hilaren 6an 50 urteko gizonezko bat hil zen Bartzelonan mossoek indarrez atxilotu ondoren, eta atzo argitaratu ziren bideoek kolokan paratu dute poliziek hasieran eman zuten bertsioa. Oposizioko alderdiek azalpenak eskatu dizkiote Generalitateari, eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak Mossos d'Esquadrako zuzendari Manel Prat kargutik kentzeko ere eskatu du. Generalitateak hotz erantzun die kritikei. Artur Mas presidenteak erran du "kasu jakin bat epaitzeko pelikula osoa ikusi beharra" dagoela, eta adierazi du Barne Sailak ikerketa bat irekiko duela. Azken urteotan anitz izan dira mossoen aurkako salaketak. Torturaren Prebentziorako eta Defentsarako Koordinakundeak berriki argitaratutako txosten baten arabera, iaz bortz lagun hil ziren mossoek atxilotzean edo haien zaintzapean.
Azken kasua hilaren 6an gertatu zen, goizaldean, Bartzelonako Raval auzoan. Borroka bat zela eta, dei bat jaso zuten mossoek. Ailegatu zirenean, Juan Andres Benitez ustez borroka hasi zuen gizonezkoa atxilotu zuten poliziek. Haien bertsioaren arabera, Benitezek aurre egin zien eta indarrez menderatu behar izan zuten. Autopsiaren arabera, Benitez bihotzekoak jota hil zen, baina kaskezurrean zeuzkan kolpeek eragina izan zuten. Mossoen arabera, Benitezek berak egin zituen zauri horiek, baina atzo Espainiako El País egunkariak argitaratutako bideoetan ez da halakorik ageri. Benitezen gainean lau mosso ikus daitezke atxilotua jotzen, eta haren garrasiak aditzen dira.
PSC, dimisio eske
"Ravaleko atxiloketaren irudiak izugarriegiak dira", adierazi du Xavier Sabate PSCko diputatuak. "Edo Manel Pratek dimisioa ematen du gaur, edo erantzukizunak eskatuko dizkiogu karguan mantentzen duenari". Kargutik kentzeko eskari hori parlamentuan aurkeztu du PSCk, PPk segurtasunaren inguruan aurkeztutako mozio baten emendakin gisa. Bartzelonako PSCk ere hiriburuko udalaren "erabateko isiltasuna" kritikatu du. CiU Convergencia i Unio dago agintean, Generalitatean bezala. ICV Iniciativa per Catalunya-Verdsek Ramon Espadaler Barne sailburuaren agerraldia eskatu du, azalpenak emateko. CUP Candidatura d'Unitat Popularrek salatu du, berriz, Benitezen heriotza ez dela "kasu bakan bat". David Fernandez diputatuak erran du "begi bistakoa" dela "indarkeria eta gehiegikeria arazo larri bat" dagoela Ravaleko polizia etxean, eta azken urteotan gertatutako kasu esanguratsuak ekarri ditu gogora.
Benitezen heriotza ikertzen ari den epaileak Generalitateari eskatu dio atxiloketan parte hartu zuten mosso guztiak identifikatzeko, eta haien artean eta polizia etxearekin izandako elkarrizketen grabazioak emateko.