Hosni Mubarak diktadore ohia aske utzi du Egiptoko epaitegi batek. Astelehenean ustelkeria kasu batetik absolbitu zuten, eta orduan jada haren abokatu Fareed El-Deebek jakinarazi zuen aste honetan bertan atera zitekeela espetxetik. Beste ustelkeria kasu bat zuen zintzilik, baina "48 ordu baino lehen" epaileak bertan behera utziko zuen susmoa hartua zuen El- Deebek, eta gaur baieztatu da hark iragarritakoa.
Datozen orduetan atera daiteke Mubarak espetxetik, fiskalak baieztatu baitu ez duela epailearen erabakia apelatuko, baina oraindik ere beste epaiketa bat du zintzilik: 2011 hasieran bere aurkako protestetan hainbat manifestari hil izana leporatzen diote. Manifestarien hilketak agintzeagatik berriz epaitu behar dute Mubarak: iaz bizi osoko espetxe zigorra agindu zuten harentzat, baina helegitea jarri zion erabaki horri, eta auzitegiak onartu egin zuen eskaera. Horren ondorioz, epaiketa errepikatzeko agindu zuen epaileak.
Atxiloketak, aurrera
Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdiko bozeramaileetako bat atxilotu dute bart Egipton, Erromara zihoan hegazkin bat hartzekotan zela. Aireportuko segurtasun zerbitzuek EFEri jakinarazi diotenez, bizarra eginda eta gazteen arroparekin zihoan Ali, inor ohartu gabe pasatu ahal izateko. Segurtasun zerbitzuetako langileek, baina, ezagutu eta atxilotu egin zuten.
Atzo beste buruzagi bat atxilotu zuten, Mohamed Badie Anaia Musulmanen buruzagi espirituala. Ordu batzuk geroago, auzitegi batek Badie hamabost egunerako espetxeratzea agindu zuen, eta, horren ondorioz, Mahmud Ezat izendatu zuten Anaia Musulmanen behin-behineko buruzagi espiritual. Duela egun batzuk Anaia Musulmanek salatu zuten iragan asteko istiluez geroztik 400 buruzagi islamista atxilotu zituela Egiptoko armadak.
Europako Atzerri ministroen bilera
Europako Batasuneko herrialdeetako Atzerri ministroek bilera egingo dute azken egunotan Egipton gertatzen ari diren istiluei zein erantzun eman erabakitzeko. Leon Bernardino EBko Mediterraneo Hegoalderako ordezkari bereziak adierazi zuen "bortxa amaitzeko eta alderdien arteko elkarrizketa bultzatzeko" neurriak hartu nahi dituztela EBko kideek. EBk Egiptori armen salmenta etetea eta laguntza ekonomikoak bertan behera uztea izan dira nabarmendu diren neurrietako bi, baina bigarrenaren kasuan, adibidez, kideetako batzuk aurka agertu dira, uste baitute neurri horren ondoriak herritarrek pairatuko dituztela gehien.