egipto

Mubaraken lehen ministro ohi Xafikek dio bigarren itzulira igaro dela

Ekainaren 16an eta 17an izango da Egiptoko Presidentziarako hauteskundeetako bigarren buelta.

2012ko maiatzaren 26a
14:21
Entzun

Ahmed Xafik-ek azaldu du Egiptoko Presidentziarako hauteskundeetako bigarren itzulira igaro dela eta hor Anaia Musulmanekin lehiatuko dela. Dena dela, oraindik ez da lehen itzuliko emaitza ofizialik. Ekainaren 16an eta 17an izango da bigarren buelta.

Hosni Mubarak presidente ohiaren azken lehen ministroa izan zen Xafik.

Anaia Musulmanen hautagaia Mohamed Mursi da.

Egipton lehen aldiz joan dira herritarrak bozkatzera jakin gabe nork irabaziko duen. Orain, berriz, irabazten duenaren baitan, Egiptok oso bide ezberdina har dezake. Anaia Musulmanekin oso kezkatuta daude laikoak, xaria lege islamikoan oinarritutako gobernuak har ditzakeen erabakiak arriskutsuak iruditzen zaizkielako. "Berdintasuna eta askatasuna denontzat izango duen herria eraiki nahi dugu". Horixe da Mursik aspaldian behin eta berriz esaten duen esaldia, Anaia Musulmanen joera moderatuenaren aldekoa izango dela. Turkia jartzen du islamaren eta demokraziaren elkarbizitzarako eredu gisa.

Baina Anaia Musulmanentzat, oro har, izan muturrekoago edo ez, berdintasuna, besteak beste, ez da arlo publikoan emakumearen parte hartzea bermatzea, haren zeregin garrantzitsuena ama eta emazte izatea baita. Etxetik kanpoko lana zilegi da haientzat, baldin eta familiari eragiten ez badio. Gaitasun intelektuala aitortzen badiote ere, pentsatzen dute emakumeak ez duela balio edozein arlotako buruzagi izateko.

Xafik aurreko erregimenaren segidarik argiena da, baina islamistak urruti nahi dituztenak ere gerturatu zaizkio, hautagaienganako gogokotasuna aukerak dituztenekin ordezkatuta. Amro Musa hautagaiak bezala, Xafikek ere arbuiatu du publikoki Mubarakekin egindako lana, baina gutxiegitan, Tahrir plazako manifestariek aurpegiratzen diotenez.

Ez zen aurkeztekoa Xafik; ezin zuen, baina Mubaraken garaian goi karguak bete zituztenei bozetara aurkeztea debekatzen dien legeari helegitea aurkeztu zion, konstituzioaren aurkakoa dela arrazoituz, eta Hauteskunde Batzordeak ontzat eman du argudioa. Helegitea aztertuko dute, ordea, eta ohartarazi dute lehen ministro ohiaren hautagaitza atzera botatzen badute Presidentetzarako bozak baliogabe gera daitezkeela. Bigarren itzulira igarotzen bada, egoera nahaspilatu egingo du horrek, epaitegien erabakia hauteskundeak igaro ondoren hartuko delako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.