Mubarakenmendekua

Egiptoko Legebiltzarrerako biharko bozen aurretik presidenteak boterea hartuz geroztiko kanpaina bortitzena bideratu du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ez dago batasunik Hosni Mubarak presidenteari aurre egiteko, ez behintzat biharko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Mohamed el Baradei presidentegai izan daitekeenak eskatutako oposizioaren boikot erabatekoa ez du lortzerik izan, Anaia Musulmanak talderik sendoenak aurkeztea erabaki eta gero. Oposizioa isilarazi nahian, berriz, gobernuak bideratu duen kanpaina izugarria Kairoko kaleak bezainbeste nahasten ari da Egiptoko giro politikoa. Presidenteak 1981ean boterea hartu zuenetik errepresiorik handienarekin erantzuten ari da Kairoko mugimenduen hazkundea.1.200 Anaia Musulman baino gehiago atxilotu ditu, eta 156 kristau espetxeratzeko agindu. Polizia kale guztietan da iskanbila zantzurik txikiena isilarazten. Baikorrenek diote azken astinduak ematen ari dela Mubarak. Berak esana da azken hatsa eman arte ez duela amore emango.

Gobernuaren kontrako alderdiak 1981eko Larrialdietarako Legea bertan behera utz dezaten eskatzeko atera dira kalera -atxiloketa arbitrarioak eta eperik gabeak baimentzen ditu-, baita eskubide demokratikoak eskatzeko ere; Mubarakek ezkutatu ezin dituen zahartzaroa eta gaixotasun arazoak polizien eta herritarren arteko iskanbila iturri izan dira kanpainan, beldur direlako haren seme Gamalen oinordekotza prestatzen ari dela. Horregatik erabaki dute Anaia Musulmanek aurkeztea, Mubarakek gobernua uzten duenerako leku egokian egon daitezen. Musulmanen alderdia legez kanpo dago 1954tik, baina independente moduan aurkeztuta bere esku dago Legebiltzarreko eserlekuen bostena.

Legez kanpokoa delako 52 hautagai iker ditzaten eskatu du Mubaraken Alderdi Nazional Demokratikoak, «Konstituzioaren kontra» doazelakoan. 254tik 24 barrutitan hauteskunderik ez egiteko erabakia eman du PL aginpide judizialak, irregulartasunak daudela eta. Adituen ustez, azpijokoa da, Anaia Musulmanek errepika ez ditzaten 2005eko emaitzak. Bihar 508 legebiltzarkide aukeratuko dituzte, eta, emaitzak direnak direla, beste hamar Mubarakek zuzenean aukeratutakoak izango dira.

Kazetari asko kaleratu dituzte azken aldian, boterearen beste aldera ezartzen direnen alde hitz egiteagatik edo haien artikuluak argitaratzeagatik. AzkenetakoaIbrahim Eissa izan da, Al Dustour egunkariko langilea. Jabe berriek komunikabidea erosi eta hurrengo egunean bota dute El Baradeiren artikulu bat argitaratu nahi izateagatik.

El Baradeiren saioa

Mohamed el Baradei Bakearen Nobel sariduna Mubarakek ezarritako ia 30 urtetako salbuespen egoera datorren urtean amaitzeko presidentegai egokia izan daitekeela-eta, Anaia Musulmanek, oposizioko alderdi gehienek bezala, hura sostengatuko dutela iragarria dute, baina El Baradeik biharko bozetan boikot egiteko baldintza jarri izan du aurkezteko. Oraindik ez du argitu zer erabaki duen. Lehenik bihar zer gertatzen den ikusi beharko da. Hasteko milioi bat sinadura biltzen ari dira Konstituzioa alda dezan gobernuari eskatzeko.

Oposizioko taldeek buruzagi ezagun bat eduki behar izatea daMubarakek Konstituzioari gaineratu dizkion emendakin berrietako batek ezartzen duen baldintza presidentetzara aurkeztu ahal izateko. Haren arabera, batzorde batean gutxienez urtebetean aritu behar izan du, eta horregatik itzuli zen urtarrilean El Baradei Egiptora, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ardura utzi eta gero. Gobernuak auzitara eman du, eta herritartasuna kendu nahi dio, esaten duelako Egiptoren interesen kontra aritu den nazioarteko erakunde batean parte hartu duela.

Azken urteotan Egiptok liberalizazio politikorantz urratsak egin dituela dirudi, baina oso mantso. 2005ean lehen aldiz hainbat alderdi aurkeztu ziren hauteskundeetara -hori baino lehen Mubarak bai edo ez esan zezaketen soilik herritarrek-. Oposizioko kideak onartu ditu, nahiz eta gehiengo izugarria duen Legebiltzarrean, eta udal ordezkari izateko ere aukera badago.

Baina Mubarakek ez du Konstituzioa aldatzeko inolako jarrerarik erakutsi, ez horrek bere agintea kolokan jartzen badu behintzat. Gaur egungoak muga zurrunegiak ditu edozein aldaketa bideragarri egiteko. Han ezartzen den hauteskunde sistemak ere aukera gutxi ematen du Mubarakena ez den beste edozein alderdirentzat. El Baradeik, ordea, estrategia egokia erabili du, Konstituzioa aldatzearen alde dauden ia alderdi gehienen sostengua jaso baitu, ideologia baten edo bestearen alde egin gabe, lege sistema aldatzetik hasi behar dela iritzita. Oraingo sistemaren arabera, presidentegai izateko gutxienez 250 legebiltzarkideren babesa eduki behar da, eta Mubaraken alderdiak gehiengo zabala du organo legegile guztietan.

Bien bitartean, Hosni Mubarak bere semea prestatzen ari da boterea betikotzeko, baina orain kontua nola egin da, herritar gehienek aukera hori erabat baztertzen baitute. Fama txarra du Gamalek Egipton, eta eztabaidahandia sortu izan du haren jarrerak; politikan aritzeko ez duela nortasunik pentsatzen dute, eta, gainera, ustelduta dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.