Mugako izotza urtzear

Armenia eta Turkia gaur dira bi herrialdeen arteko harremanak sustatzeko protokoloa sinatzekoak; 1993. urtetik itxita dagoen muga irekitzea ekar lezake horrek urtea amaitu baino lehen.

urtzirrutikoetxea
Istanbul
2009ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Azken ordura arte misterioari eusteko ohiturari jarraituz, oraindik ez dago argi oraindik gaur izenpetuko dute Armeniaren eta Turkiaren arteko harremanak konpontzeko hitzarmena. Zurichen jarrita dago hitzordua, eta urriaren 13a -datorren asteartea- baino lehen egitea adostu zuten bi herrialdeek, baina azken egunetan egondako presioen ondotik, armeniarren aldetik zalantzak sortu dira.

Arman Kirakossian Armeniako Atzerri ministrordearen berba kalkulatuek -«hitzarmena oso aurki izenpetzea espero dut»- zerbait atzeratu daitekeen zurrumurrua piztu dute. Suitzak bultzatutako negoziazioetako testuan azken ñabarduraren bat erantsi nahi omen du Armeniak. Turkian ere asko dira hurbilketa errezeloz jarraitu dutenak, baina Ahmet Davutoglu Atzerri ministroak ziurrago dirudi hitzarmenean. «Ez dut egunik emango. Itxaron diezaiogun suitzarren proposamenari. Turkiari dagokionez, ez dugu zalantzarik, protokoloak izenpetuko ditugu».

Argi dago, gaur ez bada, aurki behar duela, bi herrialdeetako gobernuek dauzkaten barne presioak baino indartsuagoak baitira Errusiak, Europako Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek hitzarmena lor dezaten egiten dituztenak. Hillary Clinton Estatu Idazkaria eta Javier Solana Europako diplomazialari burua Zurichen egongo direla iragarri dute, prozesua bultzatzeko. Irailean adostutakoaren arabera, protokoloak Turkiaren eta Armeniaren arteko harreman diplomatikoak berrezarriko ditu, ondoren bi herrialdeetako parlamentuen onespena behar den arren. Teorian gobernuek babesa badaukate ere, Armeniako eta Turkiako oposizioko alderdiek diskurtso nazionalista haizatu dute, eta inork ez du gustuko traidore deitzea.

Kaukason bakartuta

Baliteke muga irekitzeko epea ere adostea, bi edo hiru hilen buruan. Turkiak 1993an itxi zuen Armeniako muga, herrialde hori Azerbaijanen aurkako gerra irabaztear zela. Azerbaijandarrak turkiar hizkuntza daukate, eta oso harreman estua Turkiarekin. Armeniarrek gerra irabazi zuten, etaKarabakh Garaiak -Stalinen garaitik Azerbaijanen menpe baitzegoen baina gehiengo armeniarra baitzeukan-independentzia aldarrikatu zuen. Ordutik, herrialdearen % 17 armeniarren eskuetan daude; baina, paradoxikoki, Azerbaijango ekonomia Kaspioko petrolioak aberastu duen, eta Armeniakoa lur jota dago. Turkiaren eta Azerbaijanen artean bakartuta, Georgiako muga ez dago itxita, baina historikoki harremanak ez dira errazak izan. Iazko udan Tbilisik Moskurekin -Armeniaren aliatu garrantzitsuenarekin-izandako gerra dago, neurri handi batean, izenpetzear dagoen protokoloaren atzetik. Armenia ia hornidurarik gabe geratu zen, Errusiatik iristen baitzaizkio ondasun gehienak. Eta munduari, Europari batez ere, Kaukaso hegoaldean giroa gori-gori zegoela gogorarazi zion Hego Osetiako gatazkak, Kaspioko petrolioa eta Nabucco gas hodiak pasatu behar diren lekurik estrategikoenean.

Kaspioko gas eta petrolio beharrak munduaren presioa ekarri badu, konponbiderako eragozpena ere hornigai horien jatorrian dauden herrialdetik datoz, Azerbaijandik. Besteak beste, Bi estatu eta herri bakarra leloa erabili dute sarri turkiarrek eta azerbaijandarrek, eta traizio gisa hartuko lukete askok Ankarak Armeniako muga irekitzea Karabakh-eko auzia konpondu ez eta Erevanek Azerbaijango lurraldea okupatzen jarraitzen duen artean. Horregatik iradoki du aditu batek baino gehiagok gatazka hori ere bideratzen hasita egon litekeela. Herenegun, Chisinau Moldaviako hiriburuan bildu ziren Azerbaijan eta Armeniako agintariak. Elkarrizketa «garrantzitsua» izan zela eta laster berriz bilduko direla baino ez dute jakinarazi, baina Karabakh Garaitik kanpo okupatzen dituzten lurralde batzuetako erretiroa omen dago bake hitzarmenen abiapuntu gisa.

Armeniako presidenteak ere protesta ugari entzun ditu egunotan, diasporako komunitateen aldetik. Muga ez irekitzeak sekulako kaltea eragiten die, eta urtero-urtero herrialdea uzten dute milaka armeniarrek, lan bila abiatuta, Errusiara joanda batez ere. Baina 1915eko genozidioaren biktimen ondorengoek ez dute inolako hitzarmenik nahi, Turkiak genozidioa onartu arte. Akordioak mugen onarpena ekarriko lukete-eta, hau da, armeniarrak bizi izan ziren lurraldeak Turkiako estatuarenak direla onartzea. Otomandar armadak ehunka mila hildako eragin zituen I. Mundu Gerran.

'Futbolaren diplomazia'

Ryszard Kapuscinskik futbolaren gerra deitu zion Hondurasek eta El Salvadorrek duela berrogei urte izandako gatazkari. Haren oihartzunean-edo futbolaren diplomazia deitu diote Armeniaren eta Turkiaren gatazka historikoa konpontzeko lehen urratsei. Izan ere, prozesuaren abiapuntua iaz bi herrialdeen artean Erevanen jokatutako partidan jarri izan da. Munduko Kopako sailkapenerako lehiatu ziren bi herrialdeak eta Abdulla Gul Turkiako presidenteak bisita historikoa egin zuen partidaren aitzakian, Serzh Sargsyan armeniarraren gonbita onartuta. Orduan ere aipatu zen muga irekitzear egon zitekeela Ankara, eta gerora antzeko zurrumurru gehiago izan dira gorabeheraz betetako prozesu horretan. Aurtengo apirilean indar handiz iritsi zen irekieraren oihartzuna, eta ez da sekretua presio diplomatiko handiak egon zirela. Barack Obama Turkiako parlamentuaren aurrean mintzatu zen hil haren hasieran. Hauteskunde kanpainan armeniar lobby garrantzitsuari egindako zinari muzin egin, eta ez zuen erabili genozidio hitza, «abian den prozesuari kalte ez egiteko». Turkiak, ordainetan, akordioa egun gutxian adostuko zuela zabaldu zen orduan, apirilaren 24an gogorarazten baitute armeniarrek 1915eko genozidioa. Azkenean, baina, Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak Karabakh Garaiko gatazkaren konponketarekin lotu zuen mugaren irekiera. Azken unean atzera jotzeko era izan zen.

Orain ere, iazko futbol partidaren itzulerako jardunaren aitzakian berpiztu da atzera ere gaia. Inoiz baino indartsuago, irailean bi aldeek hartutako konpromisoa dela eta. Serzh Sargsyan presidenteak ere ez du erabat baieztatu asteazkenean Bursako futbol-zelaian egongo denik. Turkiak gonbita berretsi dio egunotan, eta neurri bereziak agindu ditu hirian, turkiar nazionalisten armeniarren aurkako kanta eta lelo iraingarriak eragozteko.



Robert Koptas.'Agos' astekari armeniarraren zuzendaria
Protokoloa sinatzea bi herrialdeen historian aurrerapauso erraldoia izango dela uste du Koptasek; are gehiago mugak irekitzea, mendeetan elkarrekin bizi izan baitira bi herriak.

«Bi estatuak demokratikoagoak balira, konponbidea errazagoa litzateke»

U. Urrutikoetxea. Istanbul

Turkian geratzen diren 50.000 armeniarren artean erreferentzia da Agos. Robert Koptas da astekariaren zuzendaria, eta itxaropen handia dauka auzia behin betiko konponbidean sar dadin. Hrant Dink 2007an hil zuten kazetaria zen aldizkariaren aurreko zuzendaria.

Zer espero duzu protokoloaz?

Aurrerapauso erraldoia da bi herrialdeen historian. Protokoloa izenpetu eta hiru hilabete barru muga ireki beharko lukete. Oso garrantzitsua dela uste dugu; mendeetan elkarrekin bizi izan gara, oso hurbil gaude, elkarrizketan urratsak egiteko beharrezkoa da mugak irekita egotea, gizarteek komunikazioa eta harremana izan dezaten, eta arazoei elkarrekin aurrera egin diezaieten.

Apirilean iragarri zen, eta azkenean ez zen gertatu. Oraingoan bai?

Egon daitezke atzerapenak, hiru hilabete beharrean urtebete izan daiteke. Baina izenpetzeko zain dagoen paper bat mahai gainean dagoenez, ziur naiz ez daukala atzera bueltarik. Presioa daukate AEBtik, Errusiatik; Kaukaso oso estrategikoa da gaur egun.

Turkia bide horretan dela uste duzu?

Aldaketa izugarria ari da jasaten. Ez da perfektua, baina azken hamar urteei begiratuz gero, aldaketa eskerga dago, estatuko ikuspegi ofizialarekin gatazka handia egon da. Batzuetan ahaleginak ez dira aski, baina aldaketa gertatzen ari da. Badakit antzeko zerbait gertatzen dela Armenian. Arazo garrantzitsuena demokratizazioa da. Auzi politikotik bereizitako prozesua da, baina bi estatuak demokratikoagoak izango balira, presio politikorik edo mehatxurik gabe, lasai mintzatuko genuke gure politikaz, historiaz, eta konponbidea errazagoa litzateke.

Mugak irekita gatazkak sor daitezkeela esan izan da...

Orain bertan Armeniako 30.000 edo 40.000 armeniar omen daude negozioetan Turkian, arazorik gabe. Esperientzia horri esker itxaropena dut muga irekita hurbilketa ere posible izango dela. Elkarrengandik oso hurbil dauden gizarteak dira, historikoki eta kulturalki.

Diasporak zuk baino jarrera gogorragoa dauka hitzarmenaren aurka.

Ulertzekoa da. 90 urtez Turkiako estatua euren samina ukatzen ikusi dute, genozidioa ukatzen, horrek are min handiagoa egin die. Diasporan bizi diren belaunaldiek informazio hori baino ez dute jaso Turkiatik. Egia da gizarteak aurkako jarrera gogorra duela, baina ez dakite zinez zer gertatu zen 1915ean, propaganda eta doktrinamendua jasotzen dute umeek sei eta hemezortzi urte bitartean. Gobernuak aitortu du testu liburuak berrikusiko dituela. Diasporako armeniarrek norbanako eta estatuaren dimentsioa bereiziz gero, desagertu egingo zaie gorroto hori. Turkiatik kanpo denek dakite zer jazo zen, ezin da ezkutatu; egun batean turkiarrek jakingo dute zer gertatu zitzaien armeniarrei. Diasporako armeniarrek, eztabaida eragotzi gabe, hitz egin behar dute; turkiarrek eta diasporako armeniarrek, denek behar dute hori, hau ere euren herrialdea delako. Arbasoen bizilekuak bisitatzeko askatasuna behar dute.

Diasporak biktima gisa ikusten zaituzte alde batetik, zapalduta jarraitzen duten armeniar gisa.

Diaspora ez da gugandik aparteko zerbait, armeniar familia guztiek daukate norbait diasporan. Istanbulen bizi gara, historikoki hiri armeniarra da, baina geroz eta gehiago gara diasporako komunitatea, armeniar kultura bizitzea oso zaila da, arriskuan bizi gara. Hrant Dink intelektual ausartak aipatu zuten lehen aldiz, esaterako. Bera baino lehen Turkiako armeniarrak ez zeuden arduratuta politika kontu horietan, berak genozidioa eta herrialdearen demokratizazioa aipatu, eta horrek libreago egin gintuen. Norbaitek biktima gisa ikusiko gaitu, baina saiakera bat egiten ari garen heinean, ez gara biktima, aktore politiko baizik. Eta diasporak ere aktore izan behar du.

Zer uste duzu armeniar oposizioaz?

Bai Armenian bai Turkian oposizioko alderdiek istiluak pitz ditzakete diskurtso nazionalistarekin. Gobernuek ateak itxita negoziatu dute, gizarteari informaziorik eman gabe, eta ezustekoa egon da. Baina mugak itxita badaude, gizarteek ez badute hitzik egiten, ez dituzte arazoak konponduko.

Agos-en lan egiteak zer dakar?

Armeniar gisa Istanbulen bizitzea ez da erraza. Aurrerapausoak egon dira, idazteko askatasuna dugu, baina nazionalisten indarra handia da. Behin eta berriz ikasi dute armeniarrek bizkarretik labana sartu ziotela Otomandar inperioari. Armeniartasunean atseden hartu nahita ere, ezinezko zait. Baina, bestalde, hemen bizi naiz, herrialde honetako herritarra naiz. Lagun turkiar eta kurduen borrokak itxaropena ematen dit, zubi lana egiteko armeniar komunitate txikitik gizarte turkiarrera eta kurdura.

Hrant Dink 2007an hil zuten. Zein oroitzapen duzu beraz?

Sekulako gizona zen, jatorra, ausarta, batzuetan zoroa, baina zorotasun hori zen haren izaeraren funtsa. Zorotasun horregatik oso arriskutsua zen, eta turkiar nazionalistek gerarazteko modu bakarra aurkitu zuten, hura hiltzea.

Beldurrik?

Bai, batzuetan badugu beldurra. Itxaropena eta beldurra elkarrekin doaz, eta uste dut itxaropena indartsuagoa dela, eta horri esker bizi naiteke hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.