MugakSchengendik kanpo

2004ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
idaian aurrera egin ahala, hiri eta herrialdeen paisaia aldatzen doa. Oraingoz, dena laua da, baina zuhaitz eta zelaien koloreak marroiskatik berdera igarotzen dira, batez ere Lituaniatik aurrera.

Estonia, Letonia, Lituania eta Poloniara autobusez egindako bidaietan, bidaiari gehienak bertakoak ziren. Luzea egiten zen ibilbidea, bazter guztietan egiten baitzituen geldialdiak autobusak. Polonian trena hartzearekin batera, gauzak aldatu egiten dira. Bidaiari gutxiago daude bagoietan, eta horietako asko atzerritarrak dira, aurrekoetan gertatzen ez zen bezala. Horrekin batera, pasaportean bisa jartzeko prozesua konplikatu egiten da. Poloniako mugaraino, polizia bat igotzen zen autobusera pasaportea eskatzeko eta gidariak itzultzen zituen. Orain, hiru polizia sartzen dira, bata bestearen atzetik: lehena, pasaportea begiratzeko; bigarrena, bisa jartzeko, eta hirugarrena, gainbegiratzeko. Pasaporte batzuk itzuli aurretik poltsikoan sartu eta eraman ditu polizia batek. Kanpoan, eskuin aldean, inoiz ikusi gabeko lurreko lehen duty-free edo zergarik gabeko denda dago. Autobusa martxan jartzen da, eta pasaportea oraindik Poliziaren esku. Gidariak lasaitzeko eskatzen du, itzuli egingo dute, dudarik ez. Prozedura bera errepikatzen da Pragara bidean, baina pasaportea inora eraman gabe. EBko 25 herrialdeetako biztanleentzat kontrolak derrigorrezkoa izaten jarraituko du kide berriak Schengenen sartu arte, eta ez da maiatzaren 1ean gertatuko. Kide berriek diote Europako Batasuna ez dela gai izan horretarako beharrezkoa den informazio trukea ahalbidetzeko herrialdeen artean. Beste tinta marka salatari bat pasaportean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.