Bestalde, atzo goizaldean erasoek jarraitu zuten Hego Osetiako lurraldean, berriz ere hautsiz larunbatean indarrean jarri zen su-etena. Georgiako Barne Ministerioko bozemaileak, Guram Donadzek adierazi zuenez, Hego Osetiako mortero suakbere soldaduetako bat hil eta beste bi zauritu zituen erasoetan. Alan Elbakijev Hego Osetiako Gobernuko bozemaileak, ostera, Georgiako artilleriak Hego Osetiako herriei eraso ziela adierazi zuen.Su-etena ezarri zenetik gauero izan dira erasoak, eta Georgiako Gobernuko eta Hego Osetiako agintariek elkarri leporatu diote su-etena hautsi izana. Atzoko bileran, berriz, erasoak burutzen dituen beste indar bat egon daitekeela aipatu zuten, elkarrekin aurre egitea adostu zutelarik. Ez dira ados jarri, ordea, beste indar horren jatorriaz. Georgiako Defensa ministroak prentsaurrean azaldu zuenez, indar hau «Errusiatik heldutako 15 edo 20 mertzenariok osatzen dute». Ministroaren esanetan, talde honek Tsveriajo mendian (oseteraz Priss) hartu zuen babesa, nondik erasotzen dituzten Georgiako eta Hego Osetiako indarrak.Errusiako Sviatoslav Nabzdorov jeneralak zera adierazi du: «Beste indar bat bazegoela esaten nuen nik aspalditik». Alabaina, Nabzdorovek dio Georgiakoa dela indar hori. Bere aldetik Hego Osetiako agintariek, beste indar horri erasotzeko elkarlana egiteko prest azaldu ziren arren, Tbilisin jatorria duela pentsatzen jarraitzen dute.
Gatazkaren jarraipena
1989an piztu zen gatazkaren jarraipena da hau. Urte hartan, Georgia SESBetik independentzia bidean zegoenean, Hego Osetiak etnikoki jatorri berekoa den Ipar Osetiarekin elkartzea eskatu zuen. Georgiak uko egin zion, eta Hego Osetiak independentzia aldarrikatzean hasi ziren ehunka hildako eta dozenaka mila errefuxiatu eragin zituzten borrokak. 1992an, Errusia bitartekari zela, bake-akordioa sinatu zuten, Hego Osetian Bake Indarrak ezartzea akordatuz; errusiarrak, georgiarrak eta osetiarrak, guztira 1.500 soldadu. Orduz geroztik hamabi urte pasa dira, eta tentsioa berriz ere piztu zen aurtengo urtarrilean, Georgiako hauteskundeak Mikhail Saakashvilik irabazi eta «lurraldetasunari eustea» zin egin zuenean. Adjariako presidente abertzalea kentzea lortu zuen, eta orain bi zonalde gelditzen zaizkio kontrolatzeke: Hego Osetia eta Abkhazia.Behartsua den arren, Georgia estrategikoki garrantzitsua da, 3,6 bilioi dolarreko oliobidea bertatik igarotzeko asmoa baitago, Mendebaldeko merkatuetara Kaspio itsasotik miloi bat upel bidaliko dituena 2008an. Herrialdea kontrolpean izatea komeni zaio Tbilisiri horretarako.
-
Kronologia
Georgia eta Hego Osetiaren historiako zenbait data:
1801-04: Gaur egungo Georgiaren zati handiena Errusiako Inperioaren menpe geratu zen.
1918: Georgiako estatu independentea aldarrikatu zen.1921: Armada Gorriak berriz inbaditu zuen Georgia.
1922: Errusiar Zuriek eta sobietarrek borrokatzen zuten bitartean, Hego Osetiako Oblast Autonomoa osatu zen. Georgia eta Hego Osetia SESBeko kide izatera pasa ziren.
1989ko apirila: Sobietar armadak 19 independentziazale georgiar hil zituen.
1989ko azaroa: Hego Osetiako Sobiet Gorenak Ipar Osetiarekin batzeko erabakia onartu zuen. Egun bat geroago, Georgiak erabakia atzera bota eta Hego Osetiako autonomia ezabatu zuen.
1991: Georgiako Parlamentuak SESBetik banatzea erabaki zuen, independentziaren aldeko botoak erreferendumean nabarmen irabazi ostean. Gamsakhurdia Georgiako presidente izendatu zuten bozen %85 eskuratuta.
1992: Georgiak eta Hego Osetiak bake ituna sinatu zuten, elkarren aurka indarra ez erabiltzea zin eginez, eta Hego Osetian bake indarrak ezartzea akordatu zuten, Errusiako, Georgiako eta Hego Osetiako armadek.
2004ko urtarrila: Mikhail Saakashvilik Georgiako hauteskundeak irabazi zituen. «Lurraldetasunari eustea» lehentasun bezala hartu zuen Saakashvilik.
2004ko uztaila: Georgiak Hego Osetian kontrabandoaren kontrako operazioa argudiatuz tentsioa piztu zuen. Borrokak hasi ziren Georgia eta Hego Osetiako armaden artean.