Libano hegoaldera, mugatik lau kilometro eskasera, iritsi zen atzo Mahmud Ahmadinejad. Irango presidentearen bisitak nazioartean errezelo ugari sortu baditu ere, heroi baten moduan egin diote harrera herritarrek. Beiruten, bezperan, loreak, arroza eta gozokiak jaurti zizkioten agintariari hiriburutik egindako ibilbidean. Eta, atzo ere, ongietorri beroa egin zioten Bint Jbeilen. Bulegoak, lantegiak eta dendak itxi zituzten herritarrek haren hitzaldia entzutearren. Iluntzean, milaka eta milaka lagunen aurrean, «sionistak hilkorrak» direla adierazi zuen presidenteak. Palestina askatzeko promesa ere egin zuen.
Ahmadinejad hiri sinboliko horretara gerturatu izana ez da kasualitatea; Hassan Nasrala Hezbolako buruzagiak hiri horretan bertan aldarrikatu baitzuen garaipena 2000. urtean. Israel Libano hegoaldetik erretiratu zen orduan -22 urte iraun zuen okupazioak-, eta sei urte geroago izandako gerran, hegoaldean izan ziren kalterik handienak. Bint Jbeil bera etengabe bonbardatu zuten 34 egun iraun zuen gerran. Hiria «bizirik eta zutik» dagoela aldarrikatu zuen atzo Ahmadinejadek. Hezbolak Libano hegoaldean du sostengu zabalena, eta bisita horrek agerian utzi du, beste ezer baino gehiago, talde xiitak urteotan eskuratu duen babesa.
Iranek dirutza eman dio taldeari azken urteotan, eta horri esker ehunka etxe berreraiki dituzte. Miliziak armadak berak baino indar gehiago izatea ere horren ondorio da. Jainkoaren Alderdia bera aiatolek emandako diruari esker sortu zen 1982. urtean, eta, hainbat informazio iturriren arabera, azken urteotan mila milioi dolar jaso ditu Teherandik. Nasralak berak laudorioak baino ez ditu izan egunotan Ahmadinejadentzat: «Mendebaldeak haren kontra egiten badu arrazoi bakar batengatik da; Israel ez dela bidezkoa eta desagertu behar dela esaten duenean egia esaten ari baita». Irango presidenteak, era berean, mirespen hitzak izan ditu Libanorentzat: «Erresistentziaren eskola da; Iranek eta Libanok interes berdinak eta aurkari berberak partekatzen dituzte».
AEBen eta Israelen errezeloa
Libanon agintaria goresmen eta txalo artean jaso badute ere, nazioartean errezeloz ikusi dute haren bisita. AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek probokaziotzat jo dute; izan ere, bi estatu horiek dira auzi nuklearraren harira haren kontrako jarrera irmoena duten herrialdeak. Ahmadinejadek, horren haritik, energia nuklearra garatzeko eskubidea defendatu du berriro: «Energia honetaz baliatu nahi duten bitartean, guri hori bera egitea debekatzen digute». Europako Batasunak, bien bitartean, urtebetez etenda egon diren negoziazioei azaroan ekitea proposatu du.
Bada, ordea, kritiketatik haratago joan eta haren heriotza aldarrikatu duenik. Arie Eldad Israelgo eskuin muturreko diputatuak adierazi du mugatik «une batez bada ere» soldaduek miran badute «etxera bizirik itzul dadin» saihestu behar dutela. Hitler 1939an hiltzearekin parekatu du diputatuak heriotza hori.
Mugatik lau kilometrora
Ahmadinejad Israeletik gertu izan da; Hezbolak Libanon eskuratu duen sostengu zabala utzi du agerian haren bisitak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu