Herrialde arabiarretako protestak luzerako prozesuaren antza hartzen hasi dira. Azken egunetan Libian eta Bahrainen gogortu dira bereziki. Afrika iparraldeko herrialdean, Al Jazeeraren arabera, istiluetan hamalau lagun hil dira; Muammar Gaddafi presidentearen oposizioak, berriz, sei hildakoren berri eman du. Bahrainen, lau lagun hil dira Manama hiriburuan Poliziarekin izandako liskarretan.
Interneteko sare sozialak baliatuz, Amorruaren Eguna deitu zuten atzo Libia osoan Gaddafiren aurkako ekintzaileek. Erregimenak informazioa hertsiki kontrolatu du, ordea, eta hildakoen inguruko datuak iturri ezberdinetatik argitaratu dira. Oposizioko Al Joum eta Al Manara hedabide elektronikoen arabera, Benghazi hirian, ipar ekialdeko kostaldean, sei lagun hil eta 35 zauritu dira liskarretan. Al Jazeerak eta Al Arabijak diote Poliziak balak jaurti dituela. Azken horien arabera, azken bi egunetan hamalau lagun hil dira herrialde osoan. Qurina egunkari ofizialistak herenegungo bi hildakoren berri eman du.
Yemenen ere istiluak
Bahrainen, berriz, protestak hasi zirenetik egunik gogorrena izan zen atzokoa. Poliziak Manaman egin zuen oldarraldian hildako laurekin, protestak hasi zirenetik sei dira hildako manifestariak. Oposizioko zazpi alderdik dimisioa emateko exijitu diote gobernuari, eta «herritarrak hiltzeko agindu» izana leporatu diote.
Yemenen seigarren protesta eguna izan zuten atzokoa. Manifestazioetan lagun bat hil zen, eta gutxienez hamalau zauritu ziren. Urte hasierako protestek eraitsitako diktadoreetako bat, berriz, Tunisiako Zine el Abidin Ben Ali,koma egoeran dago Saudi Arabiako ospitale batean.
Protestak herrialde arabiarretan
Mugimendu geldiezina
Amorruaren Egunaren harira, Libian protestak gogortu egin dira; hildakoak sei eta hamalau artean dira, iturrien araberaBahraingo oposizioak «herritarrak hiltzeko agindu» izana egotzi dio gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu