Munduko kargurik boteretsuenerako lehiaren azken txanpan daude Barack Obama eta Mitt Romney. Nazioarteko politikan beste ezein herrialdek ez bezalako boterea duen estatuko buru bihurtuko da bietariko bat azaroaren 6an. AEBek nahieran hasten eta bukatzen dituzte gerrak; egun batetik bestera herrialde oso bat militarizatzeko beste baliabide badute; baita etsai dituztenak munduko ekonomiatik baztertu eta itotzeko bezainbeste eragin ere. Washingtonek erabakitzen ditu sarri planetaren beste muturreko agenda politikoak; horregatik, gai horixe izan dute mintzagai nagusi Obamak eta Romneyk aurrez aurreko hirugarren eta azken eztabaida saioan.
Atzo goizaldera egin zuten debatea bi presidentegaiek, Boca Ratonen (Florida). Hauteskunde egunerako bi aste ere falta ez direla, asko dute jokoan: nazio mailako inkestetan pareko doaz, eta zalantzan dauden estatuetan ere lehia geroz eta estuagoa da. Ohion, esaterako, Obama ozta-ozta doa aurretik; Floridan, Romney; eta Virginian egunetik egunera aldatzen ari da boto-emaileen joera. Horregatik, ezin ihes egiten utzi elkarri jendaurrean egurra emateko azken aukerari.
Jakin bazekiten hirugarren eztabaidak ez duela askorik eragingo azken emaitzetan; are gutxiago atzerri politikaz arituta, oro har ez baita AEBetako mugen barruan kezka handiena sortzen duen gaia. Hala ere, bi hautagaiak saiatu dira, saiatu ere, azken zalantzatiak konbentzitzen.
Obama gailendu da ostera; esparru ezaguna du atzerri politika. Romney orain arte Massachusettseko gobernari izan da, eta politikaren bidez baino gehiago, negozio munduaren bidez izan du harremana nazioartearekin. Debatean, Obamari arrazoia ematea beste aukerarik ez du izan behin baino gehiagotan, tarteka lotsati, tarteka zalantzati.
Zer egingo luketen mundua euren esku izango balute. Edo, zer egingo duten estatubatuarrek munduaren jabe bihurtzen dituztenean; horra aste honetako debateko eztabaidagai nagusia. Izan ere, nazioartean lidergo absolutuari eustera dago bideratuta AEBen atzerri politika. Munduan gastu militarretarako diru gehien erabiltzen duten herrialdeen zerrendan lehena da, eta hurrengo bederatziek batera baino gehiago gastatzen du defentsan; Txinak —zerrendako bigarrenak— baino bost aldiz gehiago. Diru hori guztia ez doa herrialdearen defentsara, zentzu zorrotzenean, baizik eta AEBen nazioarteko presentzia militar ia erabatekoa babestera.
Ekialde Hurbilaz aritu dira batez ere. Romneyk bigunegia izatea leporatu dio Obamaren gobernuari. Hautagai errepublikanoaren arabera, Egipto eta Libiako erregimenak erori eta urtebetera, «ezegonkor» jarraitzen dute herrialde horiek; AEBek euren funtzioa ongi bete ez duten seinale.
Iranekin ere adeitsuegia izatea egotzi dio: «Lau urte gertuago du Iranek orain arma nuklearrak lortzea. Iranek gobernu honi begiratu dio, eta ikusi du ez dela behar lukeen bezain indartsua». Obamak ihardetsi dio «inoizko zigorrik gogor eta trabatzaileenak» jarri dizkiotela Irani, eta Teheranen asmo nuklearrei buruzko negoziazioek badutela muga: «Ez dugu onartuko Iranek negoziazioak betiko luzatzerik. Ez baditu nazioarteko eskakizunak betetzen, neurriak hartuko ditugu». Dena den, Irani eraso egiteko asmoarekin oso tentuz dabiltza demokratak; Israelek hala egingo balu, AEBak ezinbestean nahastuko lirateke gatazkan. Israelen aipamenarekin, ados agertu dira bi hautagaiak: baldintzarik gabe babestu beharreko aliatua da.
Sirian militarki esku hartzearen alde dago alderdi errepublikanoko ordezkaria, Baxar al-Assad presidentearen aurkako Siriako Armada Askeari baliabideak emanez. Obamaren arabera, «arriskutsua» da Siriara armak bidaltzea: «Ziurtatzen ari gara orain laguntzen diegun horiek etorkizunean ere gure lagunak izango direla».
Pakistan eta Afganistan ere izan dituzte mintzagai. Obamak irmoki eutsi dio tropak Afganistandik 2014rako ateratzeko asmoari, eta Romneyk arrazoia eman dio. Osama Bin Laden Al-Kaedako burua hiltzeagatik ere zoriondu du Romneyk presidentea, baina «estrategia ulerkor» baten alde mintzatu da, ohikoa duen tonuarekin guztiz inkoherente: «Ezin dugu kaos honetatik tiroka atera. Mundu musulmanak estremismoa bere kabuz gaitzets dezan lortu behar dugu».
Apenas aipatu duten Hego Amerika, baina luze aritu dira Txinaz. Monetaren balioa jaitsita, AEBetako ekonomiari lehia egitea leporatzen diote Pekini, enpresa ugari Txinara joan direlako. Gogor mintzatu da Romney horren aurka, eta neurriak hartzea hitz eman du; Obamak gogorarazi du errepublikanoak ere badituela negozioak Txinan, eta beretzat Pekin «lankidea» dela, «arauak betetzen dituen bitartean».
Zaldiak eta baionetak
Esku hartze militarren fanatiko gisa erretratatu dute demokratek Romney kanpainan. Gaur egun, AEBetako gastu militarrakBPGaren %3,4 hartzen du; Obamak hori puntu bat jaistea proposatu du, zorrari aurre egite aldera. Romneyren asmoa, berriz, gastu militarra BPGaren %4ra igotzea da.
Aste honetako eztabaidan, irudi horixe saihesten saiatu da errepublikanoa. Dena den, ez du aukera galdu Obamari ahulezia militarra leporatzeko: «Gure itsas armada 1917az geroztiko txikiena da, eta airekoa, 1947an baino zaharkituagoa». Ironiaz eta harro erantzun dio Obamak: «Bai, itsasontzi gutxiago ditugu, baita zaldi eta baioneta gutxiago ere, gure armadaren izaera aldatu egin delako. Orain, hegazkinontzi deituriko gauza horiek ditugu».
Mundua gobernatzeko estrategiak
Atzerri politika izan dute eztabaidagai nagusi Barack Obamak eta Mitt Romneyk presidentetzarako azken aurrez aurrekoanEkialde Hurbilean bigunegia izatea leporatu dio Romneyk gaur egungo gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu