Rene McGuffin. MEPeko bozeramailea

Mundua konpromiso gosez da oraindik

Milurtekoaren Garapenerako Helburuak kolokan daude, krisia dela eta, herrialde askok bigarren mailako bihurtu dituztelako. Emakumeen eta haurren osasuna hobetzeko, 30.000 milioi euro bildu ditu NBEk. Munduko Elikadura Programako bozeramailearen iritziz, Nazio Batuen Erakundea munduko gosea amaitzeko aurrerapen ugari lortzen ari da; dena dela, oraindik egiteko lan ugari dutela uste du.

/ Unai Arteaga
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Agindutakoak betetzeko aski dirurik izango duten argitu gabe amaitu dute NBEren goi bilera. Krisialdiak, dirudienez, ez dira pobreziaz eta goseaz hitz egiteko aproposenak. Milurtekoaren Garapenerako Helburuak, hala, kolokan daude, bizirik eutsiko dien konpromiso sendorik gabe. Baina munduko krisirik latzenak hor jarraitzen du, eta, horregatik, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ahaleginak egin ditu egunean euro batekin baino gutxiagorekin bizi diren mila milioi lagunen egoeraz ohartarazten. Haatik, ekonomia krisiak dirurik gabe eta are borondate gutxiagoarekin utzi ditu herrialde asko. Haien erruz, munduak konpromiso gosez segitzen du oraindik.

Diskurtsoak ondo prestatuta eraman dituzte potentzia handienek New Yorkera. Etxeko lanak ondo egiten eredu direla erakusteko, euren herrialdeetan egindakoa goraipatu du agintari batek baino gehiagok. Erresuma Batuko lehen ministrorde Nick Cleggek, besteak beste: finantza krisiak herrialdean gogor eragin badu ere milurteko helburuak betetzeko asmoan ez dutela huts egin adierazi du Cleggek. «Milurtekoaren Garapenerako Helburuak ez dira karitate hutsa; ezta altruismoa ere. Haien alde eginda gure herrialdeko segurtasunaren alde ere egiten dugu», gaineratu du lehen ministrorde britainiarrak.

Gauza bera egitekotan zen atzo Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea ere. Goi bileraren azken saioan, bere gobernuak behar gorrian direnen alde egindakoak azalduko zituela jakinarazi zuten aurrez. Konpromiso berririk ere ez zen espero, baina, harengandik.

NBEren egitura arazo

Astelehenean hasi zuten munduko 192 herrialdetako ordezkarik Milurtekoaren Garapenerako Helburuak berraztertzeko goi bilera, New Yorken. Eta atzo amaitu zuten, helburu horiek denak betetzetik urrunegi daudela nabarmen utziz. 2000n, besteak beste, hamabost urtetan muturreko pobrezia erdira murrizteko, lehenengo hezkuntza unibertsala bermatzeko, hiesaren pandemiari aurre egiteko eta emakume eta haurren heriotza tasa txikitzeko konpromisoa hartu zuten NBEko kide diren herrialdeek.

Helburuak onartu zituztenetik ezer gutxi lortu dutelako, hala ere, hainbat herrialdek NBEren egitura bera aldatu behar dela aldarrikatu dute. «Eskualdeetako entitateak aintzat hartuko dituzten nazioarteko harremanak behar ditugu», adierazi du Ricardo Patiño Ekuadorko Atzerri ministroak. Horren ustez, NBEn erabakiak hartzea ezinezkoa da, baldin eta Segurtasun Kontseiluan kide iraunkor direnen aldez aurreko sostengua lortzen ez badute. Patiñoren ustez, beraz, «benetako borondatea behar da, eta ez bakarrik protokolozkoa».

Emakumeak eta haurrak

Hala ere, ez dirudi konpromiso denak bidean gelditu direnik. Munduan diren milaka emakume eta haurren egoera hobetzeko, izan ere, osasun arloko estrategia berria aurkeztu zuen atzo Ban Ki-moonek. Planaren helburua bost urtean hamasei milioi lagunen heriotza saihestea da. Horretarako, 40.000 milioi dolar (30.000 milioi euro inguru) lortu dituzte dagoeneko. Gobernuek, talde pribatuek eta filantropoek lortu dute diru funtsa eratzea.

Milurtekoaren Garapenerako Helburuen artean da emakume eta haurren osasun baldintzak hobetzea; halaber, 2000n zehaztutako xedeen artetik hor egin dituzte urrats esanguratsuenak. «Emakumeak eta haurrak salbatzeko zerk balio duen ondo dakigu; eta badakigu, aldi berean, Milurtekoaren Garapenerako Helburuak salbatzeko ezinbesteko direla emakumeak eta haurrak», adierazi du Ban Ki-moonek, New Yorkeko goi bileran egindako agerraldian. Haurdun dauden emakumeen heriotza tasa oso handia da munduan, baita haurraz erditzean hiltzen direnena ere. Haatik, kopuru horiek gutxitzeaz gain, bost urtera iristen ez diren haurren heriotza tasa ere txikitzea lortu nahi du nazioarteko erakundeak. Baita gogoz kontrako 33 milioi haurdunaldi saihestea ere.

«Adostu dugun estrategia bide orri bat da. Eta bide orri horrek beharrezko diren finantzaketa eta aldaketa politikoak zehazten ditu. Horiekin emakumeen eta haurren osasun baldintzak hobetu nahi ditugu», azaldu du NBEko idazkari nagusiak. Ban Ki-moonen hitzetan, lehengo aldia da halako estrategia bat erabakitzean hain adostasun handia lortzen dutela. NBEko kide diren 192 herrialderen babesa ez ezik, izan ere, NBEren lau agentziena eta Munduko Bankuarena ere lortu ditu planak.

Pasa den apirilean hasi ziren osasunaren plana eztabaidatzen. Orduan, 10.000 milioi euroko inbertsioa egitea adostu zuten; funtsaren gainontzeko bi herenak berriki hartu dituzten konpromisoen ondorio dira. NBEk azaldu duenez, baina, 30.000 milioi euro ez dira aski izango 2015erako hamasei milioi lagun salbatzeko; hainbeste heriotza saihestu nahi badituzte, guztira 126.000 milioi euro beharko dituzte. Krisiaren aitzakian, baina, zail izango da hainbeste diru biltzea.



Malariari eta tuberkulosiari aurre egiteko laguntza eskatu du Ban Ki-moonek

Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak laguntza eskatu du malariari eta tuberkulosiari aurre egiteko. Egunean 4.500 lagun hiltzen dira tuberkulosiagatik munduan; 45 segundotik behin, berriz, haur bat hiltzen da malariak jota. «Osatu nahi dugun diru funtsari esker, emaitzak lortu ditugu. Hari esker, zazpi urtean ia bost milioi lagun salbatu ditugu. Ekimen gutxik lortu dute halako emaitzarik», adierazi du Ban Ki-moonek, New Yorken bildutako agintari eta erakundeen babes handiagoa lortzeko xedez. 2002tik, sortu zutenetik, malariari eta tuberkulosiari aurre egiteko diru funtsa NBEren tresna eraginkorrenetakoa bat izan da. Emaitza onak eman ditu, gainera; horri esker, izan ere, 144 herrialdetako 500dik gora programa finantzatu dituzte. Guztira 14.400 milioi euroko inbertsioa egin dute.

Rene McGuffin.MEPeko bozeramailea
Munduko Elikadura Programako bozeramailearen iritziz, Nazio Batuen Erakundea munduko gosea amaitzeko aurrerapen ugari lortzen ari da; dena dela, oraindik egiteko lan ugari dutela uste du.

«Zazpi lagunetik batek ez daki eguna bizirik irauteko adina janari izango duen»

Unai Arteaga.

Rene McGuffin (Pennsylvania, AEB, 1970) MEP Munduko Elikadura Programako AEBetako bozeramailea da. MEP gosearen aurka lanean ari den munduko erakunde garrantzitsuena da. 73 herrialdetan 90 milioi lagun ingururi ematen diote jaten. Urtean 3,7 milioi tona elikagai banatzen dituzte.

Adituen hitzetan, 12.000 milioi laguni jaten emateko adina elikagai daukagu. Orduan, zergatik ari da jendea gosez hiltzen? Zeintzuk uste duzu direla erantzuleak?

Egia da askoz jende gehiagok jan ahal izateko adina elikagai dugula. Gu baikorrak gara munduan gosea amaitzeko helburuarekin. Baina denbora luzerako baliagarria izango den planen bat behar dugu. 2008anmila milioi lagun baino gehiago zeuden goseak munduan, baina azken urteetan kopurua jaitsi egin da. Hala ere, oraindik asko dago egiteko. Gosea amaitzeko, jende egokiari janari aproposa behar duen momentuan ematea guztiz beharrezkoa da. Adibidez, haurdun dauden emakumeek behar bezalako elikadura izan dezaketela ezin baduzu ziurtatu, ezingo diozu goseari errotik aurre egin. Jaio ondoren ere, 2 urte baino gutxiago dituen haur batek elikadura egokia jasotzea oso garrantzitsua da. Hori da gosearen zirkuluaren hasiera. Aski litzateke lurrikara bat edo uholdeak gertatzea, milioika lagun gehiago janaririk gabe gelditzeko. Gainera, ez da ahaztu behar azkenaldian areagotu egin direla. Nire ustez, gobernuek dute arazoa moldatzeko erantzukizuna. Hala ere, gosea bukatzeko, munduko herritar guztiek dugu betebeharren bat.

Krisiaren larriaz ohartzen garela uste al duzu?

Elikadura krisia gobernuen agendan egon da azken bi urteetan, eta orain, horretan lanean segi dezatela lortu behar dugu. Egia da duela bi urtetik ona ez dela krisia hobetzeko lan askorik egin, eta horrek asko kezkatzen gaitu. Baina orain berriro jendea kezkatzen ari da, eta krisiaren garrantziaz ohartzen ari direla uste dut.

Hainbat adituk diote genetikoki aldatutako soroekin goseteak desagerraraziko genituzkeela. Hala dela uste al duzu?

Gobernu bakoitzak arlo horretan bere erabakiak hartzeko eskubidea duela uste dugu. Baina gure erakundearentzat nekazaritzaren garapena oso garrantzitsua da. Lur gutxi dituzten nekazariei laguntzen jarraitu behar dugu. Herrialde askotan, nekazariek ez dute ahalko luketen bezainbeste ekoizten, horretarako dirurik ez daukatelako. Beren elikagaiak merkatura eramateko laguntza eman behar diegu. Horrelako ekintzek elkarlaguntza handia eskatzen dute gobernuen eta enpresen artean. Horren barruan enpresa pribatuak ere sartu behar dira.

Zure lanagatik, hainbat herrialdetan egon zara. Nolakoa da herrialde horietako egoera?

Azken sei urteetan Kenyan bizi izan naiz, eta hango egoera nahiko ondo ezagutzen dut. Kenyaz gain, Afrika ekialdean ere egon izan naiz. Toki askotan borrokak eta gerrak daude, eta baliabide gutxi dituzte, eta horrek guztiak goseteak eragiten ditu. Atzerriko gobernuen elkarlanaren bitartez luzerako planak sortu behar ditugu. Han nengoen bitartean horrelako ekimenekin lanean aritu nintzen.

Jean Ziegler NBEko Elikagai Eskubiderako ordezkari ohiak adierazi du goseteak suntsipen handiko armak direla. Ados al zaude horrekin?

Munduan zazpi lagunetik batek ez daki eguna bizirik irauteko adina janari izango duen. Egia da gosea giza arazo bat baino gehiago dela. Hori moldatzeko, izugarrizko lana egin eta aurretik aipatu ditudan bezalako ekimenak egiten jarraitu beharra dago.

Kanpo zorra barkatuta krisia amaituko litzatekeela uste al duzu?

Krisia amaitzeko hori baino gehiago egin behar dela uste dut. Hainbat erakunde eta gobernuk lan egin behar dute krisia desagerrarazteko.

Zein iritzi duzu Nazio Batuen Erakundearen bileraren inguruan? Gobernuek jarrera aldatuko dutela uste duzu?

Espero dut baietz. Agintariak munduko arazo larrienak moldatzeko bat egitea da gure helburua. Horren inguruan baikorra naiz, eta uste dut bileran aurrerapen ugari lortuko ditugula.

NBEko Milurtekoaren Garapenerako Helburuak ez duela funtzionatzen uste dute hainbatek. Gobernuek hitzemandakoari eutsiko diotela uste al duzu?

Helburuak ezartzeko eta egunen batean horiek bete ahal izateko oinarriak sortu ditugu, etamilioika lagunei laguntzea lortu dugu. Gobernuen inguruan, berriz, hala egitea espero dugu. Gure erakundeak plan ugari sortu ditu, eta horietan guztietan gobernuek lagundu digute. Adibidez, eskoletan haurrei janaria emateko ekimenak egin ditugu hainbat herrialdetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.