Mundua

Munduan hiru emakumetik batek jasan du bikotekidearen indarkeria, OMEren arabera

Osasunaren Munduko Erakundeak mundu mailako lehen txostena kaleratu du: "Emakumeen kontrako indarkeria izurrite izateraino heldu" dela ondorioztatu du.

2013ko ekainaren 20a
18:50
Entzun

Berdin dio nongoa den, ekonomia maila, kultura edo erlijioa. Emakume batentzat gizon batekin harremana izateak arrisku handia dakar bere gain. OMEren indarkeria fisiko eta sexualaren gaineko lehen ikerketa globalak ohartarazi duenez, 15 urtetik gorako emakumeen ia %30ek jasaten dute bikotekidearen indarkeria. Bikotekideen zerrendan sartzen ditu senar, senar ohi, senargai, senargai ohi, eta maitale edo maitale ohiak.

Proportzioak %7 egiten du gora bikotekideengandik kanpo jasaten duten indarkeria kontuan hartuz gero —%11,9k Afrikan, %12,6k herri aberatsetan, %10,7 Latinoamerikan, eta %4,9 Asiaren hego-ekialdean—. 2.630 milioi emakumetatik 920 milioi inguruk jasaten dute indarkeria guztira: %35ek.

Munduan hiltzen dituzten emakumeen %38, berriz, bikotekideek hil dituzte. Herri garatuetako zenbatekoak handiagoak dira, gainera, garapen bidean dauden herrietakoak baino. Besteak beste, AEBetan %45era heltzen da kopurua, eta Erresuma Batuan %54ra. Hala ere, OMEk nabarmendu du garapen bidean dauden herrietan askoz gutxiago salatzen direla gehiegikeriak, zenbait lekutan sexu indarkeriak estigmatizatuta jarraitzen duelako, eta lotsa edota kulpa sentitzen dute erasoa jasan ondoren.  

Izurritea

OMEko zuzendari Margaret Chanek eman du datuen interpretazioa: "Izurrite izaterainoko arazoa da osasun publikoarentzat" gizarteek eta gobernuek onartzen duten sexu erasoen eta indarkeriaren izurritea.

Txostenak asko eragin eta zehazten du indarkeriak emakumeengan uzten duen arrastoan: eraso fisiko eta sexualen ondorio diren hilketez eta lesioez gain, depresioa, alkoholismoa, nahi ez diren haurdunaldiak, abortuak eta sexu gaixotasunak pairatzeko aukera bikoitza dute.

Lehen aldiz eman dituzte modu zabalean eta sistematikoan indarkeriaren mailari buruzko datu orokorrak. Hori nabarmendu du Karen Devriesek, txostenaren egileetako batek, eta haren ustez, "eremu nahikoa berria da", indarkeria eta osasuna lotzen dituzten azterketa ia gehienak azken hamarkadakoak direlako. "Ikertzaile eta mediku askok lan oso ona eta garrantzitsua egiten duten arren, esango nuke emakumeen kontrako indarkeriaren arazoa ez dela oraindik barneratu osasun publikoaren gaineko politiketan". Hori aintzat hartuta landu beharko lirateke politika berriak, eta "oinarrizko prebentzioan zentratu beharra dago", lehenik eta behin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.