MUNDUKO ERREFUXIATUEN GAINEKO TXOSTENA. Errefuxiatuak kriminalizatu egiten dituztela salatu dute Nazio Batuek

NBEren arabera, herrialde hartzaileek errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen eskubideak urratzen dituzte

2006ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Munduan barreiatuta dauden milioika errefuxiatu eta beren herrialdeetan desplazatutako beste milioika pertsonaren egoera salatu du UNHCR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Komisariatu Nagusiak, The State of the World's Refugees (Munduko Errefuxiatuen Egoera) txostenean ikus daitekeenez. Berreraikitze prozesuan diren hainbat herrialdeetara milioika errefuxiatu itzuli izanak errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen kopurua gutxitu du azken urteotan, baina itzulitako haietako askoren segurtasun, egonkortasun eta ongizatea koloka dago oraindik. Gainera, herrialde hartzaileek, beren neurri zorrotzekin, asilo eskatzaileak kriminalizatzen dituztela salatu du. Hori guztia kontuan izateko eskatu, eta arazoak konpontzeko bidea erakutsi nahi izan du NBEk. Londresen atzo plazaratutako txostenak liburu formatua du desplazamendu eta migrazioaren bilakaera eta aldaketak aztertu ditu, bereziki azken 15 urteotako joerei erreparatuta, nahiz eta zenbait datu konparatzeko atzerago jo. Txostenak hamaika auzi arantzatsu eta arlo kezkagarri aletu ditu:

- Errefuxiatuak: Gerra Hotzaren bukaeraren ondotik piztutako edota azaleratutako gatazka etnikoek eragindako populazio desplazamendu handiei aurre egin nahian zebiltzan UNHCR eta bestelako agentziak mendearen aldaketaren inguruan. Halere, behialako errefuxiatu kopuru handia gutxitu eta barne desplazatuena igo egin da azken urteotan. Zenbait eremutan egoera hobetu da; esaterako, hainbat gatazka armatu bukatu, eta errefuxiatu talde handiak ez denak, ordea itzuli dira beren herri eta etxebizitzetara, Balkanetako errepubliketan, Ruandan eta Afganistanen kasu. UNHCR-k segimendua eginiko errefuxiatuen kopuru globala 1992ko 18 milioietatik 2004ko bederatzi milioietara jaitsi zen. Hor ez dira sartzen UNRWA Palestinarako NBEren Laguntza eta Lan Agentziaren babesean dauden bost milioi inguru errefuxiatu palestinarrak. Gatazka armatuen kopuruamurrizteak eta errefuxiatuak beren herrialdeetara itzularazteko eskala handian eginiko kanpainek zerikusia dute horretan. Edozein modutan, errefuxiatuta dirauten gehienek beren egoera konpontzeko aterabide iraunkor eta segururik gabe segitzen dute.2001eko irailaren 11ren ondotik AEBek abiatutako terrorismoaren kontrako borrokak dinamika berria eragin du munduko hainbat gatazka eta errefuxiatu krisitan, bereziki erasoaldi militar berriak edota sendotuak erabiltzeko justifikatu duten lekuetan, hala nola Aceh, Afganistan, Georgia, Irak, Pakistan, Palestina eta Txetxenian. Gatazka hauetatik ihesi joandakoek askotan muga itxiak, jarrera erasokorrak eta segurtasunik eza aurkitu dituzte erbestean, eta maiz gogoz kontra itzuli behar izan dute, ustez aterpetuko zituzten herrialdeetan neurri antiterroristak pairatu ondoren. Horrez gain, hondamendi handiek milioika pertsona bihurtu dituzte errefuxiatu edota barne desplazatu. Adibidez, 2004ko abenduan Asian izandako itsasikarak ondorio hori eragin zuen. Afrika ekialdeko kostaldeari ere eragin zioten eta orotara milioi bat pertsona baino gehiagoren desplazamendua behartu zuten.

- Globalizazioa, emigrazioa eta aldaketa politikoak: Globalizazioa eta emigrazioa eskuz esku doaz. Globalizazioaren oinarrizko ezaugarri bat produktu, zerbitzu, diru zein finantza, teknologia eta jendearen eskala handiko jarioa da, nazioarteko mugetan barrena. Alta, jendeari dagokionean, hauek onartzeko tenorean jarrera ezberdina erakusten dute gobernuek; ondo trebatutako langileei ateak irekitzen dizkietelarik, askotan atea itxi egiten diete trebatu gabekoei eta errefuxiatu pobreei.Emigrazioaren zati handi bat eskualdeen artean gertatzen da. Iparretik Iparrerakoa sarritan langile trebatuena izaten da, eta Hegotik Hegorakoa, aldiz, langabezia handiko tokietatik lanpostuak dauden tokietarakoa. Baina Hegotik Iparrerakoa bizkor handitzen ari da. 1980ean 48 milioi etorkin zeuden herrialde garatuetan, eta 2000. urtean 110 milioi ziren. Haatik, garapen bidean diren herrialdeetan, urte horietan, 52 milioitik 65era soilik igo zen immigrante kopurua.Migrazioak kultura eta gizarte arloko trukeak ahalbidetzen ditu, baita aldaketak eragin ere. Gainera, zenbaitetan diasporek demokratizazio mugimenduak edota gatazka armatuaren areagotzea sustatzen ahal dituzte. Bestalde, etorkinak jaso dituzten herrialdeetan eskuin muturreko politikariek bertako bizimodu eta izaerarekiko mehatxutzat jotzen dituzte haiek, eta mugimendu xenofoboak bultzatzen dituzte haien kontra.

- Immigrazio politika murriztaileak: 2001eko irailaren 11ren ondorenak zedarria finkatu du immigrazio politika murriztaileagoa bilakatzeko. Harrezkeroztik gobernuek eragozpen fisiko, politiko eta burokratiko handiagoak jarri dizkiete etorkin nahiz errefuxiatuei. Halarik ere, emigrazioa ez da gutxitu. Legez kanpoko emigrazio sareak eta mafiak ugaldu besterik ez dira egin.

- Immigrazioa positiboki bideratzeko porrota: Migrazioen kontrola subiranotasun nazionala mantentzeko tresnatzat jo izan da luzaroan. Ondorioz, nazioarteak huts egin du migrazio ordenatua bermatzeko instituzioak eraikitzean, etorkinek herrialdeen garapenari egiten dioten ekarpena ahalik eta gehien aprobetxatzean eta etorkinen giza eskubideak babestean. Nahiz eta etorkinak babesteko eta hauen eskubideak bermatzeko moduko nazioarteko esparru baterako elementuak egon, ILO Lanaren Nazioarteko Erakundearen konbentzioetan zein NBEren Langile Etorkinen eta Hauen Senideeen Eskubideak Zaintzeko Konbentzioan, oso herrialde gutxik berretsi dituzte tresna politiko horiek.Dena den, badira erakunde batzuk hutsune hori betetzeko eginahaletan, oraindik asko egiteko duten arren. Hala, Europako Batasunak mugimendu askea ahalbidetzen die salbuespenak salbuespen bere herritarrei, estatu kideen artean mugitzeko, eta EBtik kanpoko etorkin eta asilo eskatzaileen auziari aurre egiteko politika bateratuak lortzeko lan egiten du.

- Gatazka armatuen aldaketa: Oro har gatazka armatuen eta mugaz gaindiko desplazatuen, hots, errefuxiatuen, kopurua gutxituta ere, azken urteotan errefuxiatu olde berriak sortu dira, intentsitate txikiko gatazkek eraginda. Hauen artean ditugu Boli Kosta eta Afrika Erdiko Errepublikako gatazken berpizkundea, baita ez atzera ez aurrera dauden Birmania, Burundi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Somalia, Sudango hegoaldea eta Txetxenia.

- Errefuxiatuen itzulera: Azken bost urtetan iraupen luzeko gatazka batzuk bukatu ahala eta giza eskubideen egoera hobetzearekin, urratutako gizarteak berreraikitzeko eta errefuxiatuak itzultzeko aukerak sortu dira. Errefuxiatuen itzulerarik handiena Afganistanen gertatu da, 3,4 milioi iheslari itzuli baitira. Bosnia-Herzegovinan milioitik gora errefuxiatu eta barne desplazatu bueltatu dira. Halako zerbait jazo da ere Angolan eta Sierra Leonan. Altabada, berreraikuntzarako eta itzulitako pertsonak lan munduan zein giza harremanen sarean berriz sartzeko arazoak handiak izaten ari dira oraindik.Alabaina, gertatu izan da ere errefuxiatu talde batzuek etxeratzen zituzten aldi berean beste talde batzuek hanka egin behar izana. Horren lekuko izan dira, 2004an, Somalia, Liberia eta Boli Kosta.

- Errefuxiatuen babesgabetasuna eta ustiaketa: Batez ere emakumeak, haurrak eta zaharrak dira babesgabeenak. Gainera, lanean ustiatuak izateko eta giza trafikatzaileen (prostituziora bideratzeko) hatzaparretan erortzeko arrisku handia izaten dute errefuxiatuek, bereziki emakumeek eta umeek.

- Emigrazioaren kausak: Gerrak zein gatazka armatuak, pobrezia, gosetea, hondamendiak (naturalak nahiz gizakiak eragindakoak), bizimodua hobetzeko nahia eta beste hainbat dira.

- Herritartasunik gabeko errefuxiatuak: Mundu osoan 9-11 milioi pertsona daude herritartasunik gabe, beren sorterriko estatuek ez baitiete hura aitortzen. Horietako asko eta asko errefuxiatuak dira. Soilik 57 estatuk berretsi dute Herritartasunik Gabeko Egoera Murrizteko NBEren 1954ko Konbentzioa.

- Arazoak konpontzeko erronkak: Estatuek beren asilo politika murriztaileak aldatu behar dituzte, errefuxiatuen nazioarteko legedia bete, eta haien segurtasuna, babesa eta giza zein eskubide zibilak bermatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.