Zirkulu Artikoko baliabideen gain kontrola izateko borroka gogortuko duen iragarpena egin berri du AEB Ameriketako Estatu Batuetako zientzialari elkarte batek. USGS Geologia Ikerketarako Institutuaren txosten baten arabera, munduko erregai eskaera hiru urtez asetzeko adina petrolio dago eremu horretan: 90.000 kupel inguru. Finantial Times egunkari berezituak argitaratu duenez, AEBko zientzialari horiek uste dute Zirkulu Artikoan dagoela orain artean ustiatu ez den munduko petrolioaren %13. Eta ez hori bakarrik, baita beste hainbat baliabide ere: Errusiako erreserbetan dagoen adina gas natural legoke han, eta milaka milioi dolar balio lezaketen mineralak. Baliabide horien %84, gainera, kostaldetik gertu daudela uste dute USGSko zientzialariek.
Klima aldaketaren ondorioz Artikoko izotza urtzen doan heinean, eremu horretako baliabide aberastasuna agerian geratu da. Hain da bistakoa, hainbat herrialde aberastasun hori guztia ustiatzeko eskumena lortze aldera lehian direla.Errusiak, Kanadak, AEBek, Danimarkak eta Norvegiak jarri dituzte haien begiak Zirkulu Artikoan. Eta Errusia izan ezi, gainontzeko herrialdeak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide direnez, azken hori ere sartu da lehian. «Herrialde guztiek informazio bera eskuragarri izan dezatenargitaratu dugu txostena», jakinarazi du USCGko zuzendari Mark Myersek. «Baliabideak nola banatu zintzo erabaki dezaten».
Balizko baliabide aberastasun horinori dagozkion argi ez dagoenez, aspalditik dira lehian hainbat herrialde. Iazko udan, esaterako, Errusiako zientzialari talde batek Artikoko ozeano hondoa miatu zuen bi itsaspeko untziz baliatuta. Eremu hori Errusiako lurren luzapena dela baieztatzen duen urpeko mendikate bat aurkitu nahi zuten han. Eta keinu sinboliko moduan, Errusiako bandera zeraman titaniozko kapsula bat urperatu zuten ozeanoaren sakonean, 4.200 metrora. Baliabide horien harira, adituek Europa eta Errusia arteko liskarrak iragarri dituzte.
Munduko eskaria hiru urtez betetzeko lain petrolio dago Artikoan, adituen arabera
Lehian dabiltza Norvegia, Danimarka, Kanada, Errusia eta AEBak, hango baliabideak ustiatzeko eskumena lortze aldera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu