Munduko gatazken

Gatazkek etxetik ihes egitera behartu dituzte 37,4 milioi lagun; orotara, hala ere, errefuxiatu eta desplazatuak 67 milioi direla uste du NBEk, eta egoerak okerrera egin dezake.

arantxa elizegi egilegor
2008ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Mohamed, Carlos, Yolande, Hamid eta Ruudek ez dute elkar ezagutzen. Elkarrengandik milaka kilometrora bizi dira, baina egoera bertsuan daude guztiak. Gatazka eta jazarpenetik ihesi joan diren 37,4 milioi pertsonetatik bost besterik ez dira. Horietatik batzuek beste herrialderen baten babesa eta errefuxiatu estatusa jaso dute; beste batzuk, berriz, ez dira ausartu beren herrialdeko muga zeharkatzera, eta beste eskualde batzuetara mugitu dira. Era batera edo bestera, guztiak dira iheslariak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuetako goi agintari Antonio Guterresen iritziz, kezkagarriena da azken bi urteetan handitu izana iheslari kopurua, eta ezer egin ezean aurrerantzean ere gorantz joango dela.

NBE Nazio Batuen Erakundearen azken txostenak kezka eragin du. Izan ere, gatazka armatuek eragindako iheslarien datuak soilik jasotzen ditu dokumentuak, eta, hala ere, kopurua hiru milioi handitu da, duela bi urteko datuekin alderatuta. Guterresek ohartarazi du iheslari gehien zuzenean edo zeharka klima aldaketak eragiten duela. Azken finean, klima aldaketak eragindako natur hondamendiek -lehorte edo uholdeak, kasu- pobrezia handitzen dute, eta horrek gatazka pizteko arriskua bultzatzen du. «Bizi garen munduan gero eta gehiago dira gatazka, gobernu, beste talde politiko edo erlijioso edo natur hondamendiek mehatxatuta bizi direnak», nabarmendu du Guterresek.



AFGANISTAN ETA IRAK. Errefuxiatuak eta asilo eskatzaileak mundu osoan daude, baina Afganistan eta Irakekoak dira egun gehienak. Izan ere, bi horietan gerra amaitutzat eman duten arren, giza krisia ez da konpondu. Horiek hala, UNHCR-ren laguntza jasotzen duten 11,4 milioi errefuxiatuetatik erdiak bi herrialde horietakoak dira: hiru milioi inguru Afganistangoak eta bi milioi Irakekoak. Bide beretik, eta askok kontrakoa uste badute ere, inguruko herrialdeetara egiten dute horiek ihes, eta ez Mendebaldera. Afganistandarrek, esaterako, Pakistanen eta Iranen eskatzen dute asiloa; eta irakiarrek, berriz, Sirian eta Jordanian.

AI Amnesty International erakundeak berak salatu egin du Irakeko egoera. Izan ere, okupazio indarrekin lan egin duten irakiaraskori ateak itxi dizkie Mendebaldeak laguntza behar izan dutenean. Erresuma Batuak, adibidez, asilo eskatzaileen %15 soilik onartu ditu errefuxiatu gisa. «Indarkeriaren jopuntu diren frogak eskatzen ditu oraindik Erresuma Batuko Gobernuak, eta hori ez da batere erraza ihesi datozenentzat», azaldu du Guterresek.

Etzi Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela baliatuz, iheslari irakiarren aldeko kanpaina abiatu du AIk. «Errefuxiatu askok bizirik jarraitzeko arazoak dituzte. Lan egitea debekatu diete, eta, beraz, ez dute dirurik errenta ordaintzeko edo janaria erosteko. Zortea dutenek ahal dutena hartu eta ihes egiten dute, baina ondasun horiek ere berehala amaitzen zaizkie», adierazi du AIko Ekialde Hurbilerako eta Afrika Iparralderako arduradun Philip Lutherrek. Horren adibide da Manalen egoera. Damaskon bizi da, hiru seme-alabekin, eta haien lanari esker jaten du familia osoak. Sei urteko semeak eta hamarreko alabak gozokiak saltzen dituzte kalean dolar batengatik, eta hamabost urteko seme zaharrenak zapatak garbitzen ditu bi dolarrengatik. Alaba da eskolara joaten den bakarra. Sirian milioi bat errefuxiatu inguru bizi dira, eta denek ez dute Manalen zortea. Askorentzat ia ezinezkoa da lana aurkitzea, eta elikagaien garestitzeak are zailago egin du janaria erostea.

Desplazatuen egoera ez da errefuxiatuena baino hobea. Etxetik ihes egin arren, jatorrizko herrialdean geratzen direnak dira desplazatuak. Baina arrazoi horregatik beragatik, alegia, gatazka dagoen eremutik ateratzen ez direlako, zailagoa da NBErentzat haiei laguntzea.

Kontuan hartu behar da hainbat herrialdetako gobernuek ez dutela desplazatuen datu zehatzik ematen, eta, beraz, ia ezinezkoa da zenbat diren jakitea. Hala ere, 2006an 24,4 milioi ziren, eta iaz 26 milioira iritsi zen gatazken ondorioz etxetik alde egin behar izan zutenen kopurua. Horietatik 13,7k, erdiak soilik, jasotzen dute nazioartearen laguntza. «Beren herrialdeko gobernuaren babespean daude, baina, maiz, gobernu hori bera da arazoa», dio Guterresek. Hori da Kolonbiaren kasua. Han hiru milioi inguru dira desplazatuak. Paramilitarren, soldaduen edo gerrillarien mehatxuen ondorioz egin behar izan dute ihes, eta Gobernuak laguntza eskasa eskaintzen die.

Dena den, NBEk uste du 67 milioi inguru direla arrazoi batengatik edo bestearengatik etxetik alde egin behar izan dutenak. Horietatik 51 milioi desplazatuak lirateke, eta 16 milioi errefuxiatuak.UNHCR-ren txostenak, bestetik, ez ditu kontuan hartzen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren ardurapean dauden 4,6 milioi palestinarrak. Era batera edo bestera, krisia gelditzeko neurriak eskatu dizkio Antonio Guterresek nazioarteari: «Iheslariak ugarituz joan ahala, horiei laguntzeko baliabideak gero eta beharrezkoagoak izango dira».



«Irakeko errefuxiatu askok bizirik jarraitzeko arazoak dituzte; ez dute dirurik janaria erosteko ere»

philip luther
Amnesty Internationaleko kidea




«Bizi garen munduan gero eta gehiago dira gatazka edo gobernuek mehatxatuta bizi direnak»

antonio guterres
nbe-ko Iheslarientzako goi agintaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.