Foroa bilkura «turistikoa» bilakatzen ari dela ohartarazi eta «inperialismoaren aurka borrokatzeko» nazioarteko fronte bat sortzera deitu zituen herenegun gauean Venezuelako presidente Hugo Chavezek Munduko Gizarte Foroko parte-hartzaileak. Horrela, bilkuraren etorkizunari buruzko eztabaida indartu zuen buruzagiak. Foroaren sortzaileetako batzuk bilkura esperientziak trukatzeko erabiltzen jarraitzearen alde dauden bitartean, beste batzuek uste dute kapitalismoaren kontrako borroka «gogortzeko» garaia dela.
Latinomerikako agintariak bitan zatitzea leporatu zion Venezuelako presidenteak AEBetako presidente George Bushi: «Erotzat jotzen ditu batzuk eta estatuburu direla dio besteengatik. Baina guztiok goaz bide beretik». Caracasko Poliedroan bildutako 15.000 pertsonen aurrean egin zituen adierazpenok Chavezek. Haren ondoan izan ziren, besteak beste, Samir Amin gizarte foroko sortzaileetako bat eta Le Monde egunkariko zuzendari Ignacio Ramonet.
Gaur amaituko da foroa
Chavezen esanetan foroak garrantzi handia du, eta haren indarraz baliatu behar da, «sozialismoa edo heriotza» lelopean nazioarteko ekintza bateratuak bultzatzeko. Gaur amaituko da Caracasen egiten ari diren Munduko Gizarte Foroa, eta han izango da gaur ere Chavez. Zenbait iturriren arabera, Kubako presidente Fidel Castrok ere parte hartuko du ekitaldietan.
MUNDUKO GIZARTE FOROA. Sozialismoaren aldeko deia egin du Chavezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu