Hiru urtez inguratuta bizi izan naiz. Ez hori bakarrik, bonbardatu egin dute nire egoitza. Baina okerrena Palestinan gertatzen ari dena da, herritarrei egiten dietena nazioarteko legearen kontrakoa da. Ni herriak hautatu nau, eta nazioartea da horren lekuko. Carter AEBetako presidente ohia izan zen begiraleetako bat». Nazioartearen lekukotasunak, gaitzespen keinuak eta Israeli emandako ultimatumek ezer gutxirako balio izan zion Yasser Arafati. Bizitzako azken hiru urteak, 2001eko abendutik 2004ko urrira arte, Israelgo Armadak inguratuta igaro baitzituen buruzagi palestinarrak. Ramallaheko Muqataa egoitzan preso izan zuen Israelek.
Hil aurreko azkeneko urteak ez ezik, ondorengoak ere Muqataan igaro ditu Arafatek, egoitza espetxe izateaz gain haren hilobi ere bilakatu baitzen. Izan ere, ezin izan zuten haren gorpua Jerusalemen ehortzi Arafatek nahi bezala, Ariel Sharon orduko Israelgo lehen ministroak debekatu egin zuelako. Hori horrela, Israelek jaurtitako bonbek suntsitutako jauregian eman zioten atseden buruzagi palestinarrari.
Erresuma Batuaren garai kolonialistan espetxe militar bat zen Muqataa. PAN Palestinako Aginte Nazionalak egoitzatzat hartu zuen gerora, baina Tel Avivek espetxe bilakatu zuen berriz ere 2001ean, tankeekin inguratu zutenean. Israelen aurkako eraso batzuen erantzule egin zuen Sharonek Arafat 2001eko abenduan, eta orduan hasi zen buruzagi palestinarraren «atxiloaldia». «Hemen egunero daude hiletak. Nola kontrola nezake egunero hiletetara joan behar duen herria? Nik ez diot inori agindu Israel erasotzeko», azaldu zuen Arafatek. «Poliziak eta soldaduek ez dute erasoekin zerikusirik eta hori badaki Israelek. Nazioarteko laguntza lortzeko edozer egiteko gai naizela diote. Baita palestinarrei eraso egiteko ere. Baina hori beraiek egiten dute, milaka palestinar hil dituzte. Etxeak, eskolak eta meskitak bonbardatu dituzte».
Azken hiru urte horietan Israelek setioa indartu eta arindu egin zuen, gatazkaren tentsioa gogortuz edo leunduz. Hainbat astez urik eta elektrizitaterik gabe ere egon ziren Arafat eta haren gertuko jarraitzaileak jauregitik atera ezinda. Tel Avivek tarteka tankeak urruntzen bazituen ere, Arafatek ez zuen inoiz egoitza utzi. «Ateratzen banaiz israeldarrek ez didate Muqataara itzultzen utziko».Bere autoritatearen azken ikurra zuen Muqataa Arafatek, eta, horrexegatik, ezin zuen jauregia utzi.
Arafaten osasun egoerak okerrera egin zuenean Parisera eraman zuten. Muqataa utzi aurretik, baina, Israelgo lehen ministro Sharoni —2006tik koma sakonean dago— itzultzen utziko ziola zin egiteko eskatu zion. Horrek baiezkoa eman zion, eta orduan bakarrik onartu zuen PANeko buruzagiak Ramallaheko jauregitik ateratzea. Hark iragarri bezala, ordea, ez zen itzuli, Parisen hil baitzen oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik.
Muqataako azken egunak
Ramallaheko Muqataa egoitzan egin zituen Yasser Arafatek bizitzako azken hiru urteak, Israelgo armadaren setiopean; han lurperatu zuten hil zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu