Mursi islamista eta lehen ministro ohi Xafik lehiatuko dira bigarren itzulian Egipton

Hauteskunde Batzordeak atzera bota ditu lau hautagairen irregulartasun salaketak

2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Egiptoko bozen presidentetzarako bigarren itzulian muturreko bi proposamen izango dituzte aukeran herritarrek. Izan ere, islamismoaren eta Hosni Mubaraken erregimenaren jarraipenaren artean aukeratu beharko dute. Anaia Musulmanek iragan astean iragarri bezala, euren ordezkari Mohamed Mursi eta Mubaraken azken lehen ministro izan zen Ahmed Xafik lehiatuko dira ekainaren 16an eta 17an egingo duten bozketan.

Hauteskunde Batzordeak iragarri du Mursik irabazi duela lehen itzulia, bozen %24,4 eskuratuta. Xafikek, berriz, gertutik jarraitu dio, botoen %23,3 lortuta. Irabazleak baino lau puntu gutxiagorekin, hirugarren postua eskuratu du Hamdin Sabahi ezkertiarrak, hauteskundeetako ezustekorik handienak. Inkestetan ez zuten lehen lauren artean kokatzen hasiera batean. Horren atzetik, Abdelmoinen Abul Futuh islamista moderatua eta Amro Musa Arabiar Ligako idazkari nagusi ohia geratu dira —botoen %17,2 eta %10,9 eskuratu dituzte, hurrenez hurren—.

Irregulartasun salaketak

Lehen itzulia, baina, polemikaz josita egon da, lau hautagaik irregulartasunak egon direla salatu baitute. Faruq Sultan Hauteskunde Batzordeko presidenteak, dena den, garrantzia kendu die irregulartasunei, eta Hauteskunde Batzordeak atzera bota ditu lau hautagaien helegiteak.

Xafik bera izan zen helegitea aurkeztu zutenetako bat, Sabahirekin, Futuhekin eta Musarekin batera. Batzuek salatu dute armadako kideek bozkatu egin dutela, legez debekatuta daukaten arren. Hildakoak hautesle erroldan sartu dituztela eta botoak erosi dituztela kritikatu dute beste batzuek. Arabiar Ligako idazkari nagusi ohiak esan du irregulartasun «larriak» egon diren arren horiek ez dutela oztopatu behar «prozesu demokratikoa». Ez die bere jarraitzaileei Mursiren ala Xafiken aldeko botoa eskatu, baina adierazi du egiptoarrek ezin dutela onartu «lehengo erregimena» berriz ere ezartzea. «Askatasunean oinarritutako erregimen berri bat egon behar da».

Auziak, argitzeko

«Inor baztertuko ez duen errepublika berria» agindu du Xafikek. Mubaraken erregimena eta egonkortasuna etsipenez oroitzen dutenen botoa jaso du Xafikek lehen itzulian. Bigarren itzulira begira, baina, diskurtso politikoa aldatu du, boto iraultzailea eta laikoa bereganatzeko asmoz. Iragana ahaztu eta aurrera begiratzearen alde egin du, eta gazteei iraultza itzuliko diela esan die diktadorearen lehen ministro izan zenak.

Haren aurkariek diote Xafikek presidentetzarako bozak irabazten baditu iraultzaileen protestak piztuko direla berriz ere. «Nire bihotzean beldurrak ez dauka tokirik», erantzun die militar ohiak bere kontrakoei.

Bestalde, igandean Justizia Ministerioak Xafik ikertzeko eskatu zion epaile bati, ustez 1993an Pilotuen Batzarreko buruzagi zela diru publikoa xahutzeagatik. Ez da Xafikek argitzeko duen auzi bakarra. Mubaraken goi kargudunei bozetara aurkeztea debekatzen dien legeari helegitea aurkeztu zion, konstituzioaren kontrakoa zela arrazoituz, eta Hauteskunde Batzordeak argudioa ontzat eman bazuen ere, haren hautagaitza kolokan dago oraindik. Auzitegi Konstituzionala kasua aztertzen ari da, eta Xafiken hautagaitza atzera bota dezake. Hori horrela balitz, presidentetzarako bozak baliogabe gera litezke.

Mubaraken aurkarien bila

Anaia Musulmanen makineriak lehen postura eraman du Mursi. Herrialdean ordezko gurpila goitizena jarri diote, Anaia Musulmanen bigarren aukera izan baita —Jairat al-Xaterri ez zioten aurkezten utzi, preso egon zelako—. Islamisten botoa ziurtatua duenez, iraultzaileak eta liberalak konbentzitu nahian dabil, bere burua Mubaraken aurkarien gidari moduan aurkeztuz. Horretarako, Anaia Musulmanen artean joera moderatuenaren alde egin du, baina xaria lege islamikoari egiten dizkion etengabeko erreferentziak direla eta, kezkatuta daude herritar laikoak.

Iaz Tahrirren protestetan bildu ziren askok etsita hartu dituzte emaitzak. Izan ere, ez dute sinesten Xafikek aldaketarik ekarriko duenik, eta Anaia Musulmanak, berriz, traidoretzat dituzte. «Plazatik joaten lehenak izan ziren», kritikatu du ekintzaile batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.