Segurtasun neurrien esku manifestari islamistak hil izana "porrota" da Mohamed Mursiren jarraitzaileentzat. Ez hori bakarrik, Hixam Barakat fiskal orokorrari Mursi eta haren hamar aholkulari "legez kanpo" atxilotzea leporatu diote, eta Anaia Musulmanen aurkako atxiloketak salatu dituzte. Horiek direla eta, Barakaten dimisioa eskatzeko protesta hasi dute Egipton Mursiren ehunka jarraitzailek, Auzitegi Gorenaren aurrean egiten ari diren eserialdian.
Anaia Musulmanek gobernu berria kritikatu dute, boterea estatu kolpe militarraren bidez hartzeagatik eta mugimendu islamisten aurkako errepresio kanpaina egiteagatik. Hainbat buruzagi islamista atxilotu ditu behin-behineko gobernuak, hainbat delitu eta krimen egitea leporatuta. Mursiren jarraitzaileek gehien kritikatu dituzten neurrien artean dago "estremismo eta ekintza politika eta erlijiosoen aurkako borroka" berrezartzea —Mubaraken gobernua erori zenean bertan behera utzi zen, eta ordutik baliorik gabe zegoen—.
Era berean, Egiptoko agintariek Mursi beste hamabost egunez atxilotuta edukitzea erabaki dute. Hamasekin kolaboratuz Hosni Mubaraken aurkako iraultzan espetxe bat erasoz hartzea leporatzen diote Mursiri, besteak beste.