Musharrafen ordezkoa irailaren 6an aukeratuko dute Pakistanen

Asif Ali Zardari PPPko buruzagiak aukeratu du alderdia euren hautagia izateko; gaur hartuko du erabakia Zardarik

Erredakzioa
2008ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Pervez Musharrafek iragan astelehenean eman zuen dimisioa eta, handik lau egunetara, jakinarazi dute hura ordezkatzeko bozak heldu den irailaren 6an egingo direla. Pakistango presidentea kargugabetzeko asmoa zuten, hark dimisioa eman aurretik, koalizio gobernuko kideek. PPP Pakistango Herriaren Alderdia eta PML-N Pakistango Liga Musulmana-Nawaz alderdiak presidentearen aurkako konfiantza mozioa aurkezteko asmoa iragarri zuten. Pakistango Hauteskunde Batzordeak presidente berria aukeratzeko hauteskundeak irailaren 6an egingo direla jakinarazi du orain.

Asif Ali Zardari PPPko buruzagiak aukeratu du alderdiak presidentetzarako bozen hautagai izateko. Benazir Bhutto lehen ministro ohiaren alarguna da Zardari -iragan abenduaren 27an hil zuten atentatu batean Bhutto-. PPPko buruzagiak, baina, hautagaitza onartzeko erabakia gaur artean hartuko duela iragarri du. Litekeena da hautagaia koalizio gobernua osatzen duen alderdiko buruzagiekin batera hitzartzea, alegia, PML-Nrekin. Nawaz Sharif lehen ministro ohiaren alderdiak, ildo horretan, presidentea «neutrala» eta «modu adostuan» aukeratua izatea nahi du. Sidq Faruq PML-Nko bozeramaileak jakinarazi du desio hori.

Kargugabetutako epaileak

Musharrafek iazko azaroaren 3an kargugabetu zituen epaileek berriz kargua hartu dezaten ebazpena aurkeztuko du astelehenean, bestetik, Sharifek Parlamentuan.

Auzi politikoetan parte hartu izana leporatuta kargugabetu zituen epaileak Musharrafek.

Iftikhar Chaudhry Auzitegi Goreneko orduko presidentea zegoen kargugabetutako epaileen artean. Musharraf bigarrenez presidente aukeratua izan ez zedin aurkeztutako helegiteak aztertzen ari zen Chaudhry. Benazir Bhutto eta Asif Ali Zardari Pakistanera itzultzea baimendu zien presidentearen amnistiaren kontrako helegiteak ere aztertzen ari zen. PPP, ildo horretan, epaileak berriz karguan jartzearen kontra agertu izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.