Hemezortzi hilabete izan dira oraingoan. Bakardadean, etxean, aintzira baten ertzean pasatu ditu atxilo Aung San Suu Kyik (Myanmar, 1945), gaixotasunari egunez egun borrokaren zilegitasunak ematen dion indarrarekin eusten; bazterrak harrotzen. 1989tik, tarteka aske, hamabost urte egin ditu etxean edo espetxean preso, bakearen alde indarkeria borrokatzeagatik. Badaki, gainera, seguruenik ez duela hau azken atxiloaldia izango, ez baita bera orain etxean sartuta geratuko, egiteko duten guztiarekin, nahiz eta militarrek eskutitzean esan izan dioten militantziak «bakearen eta harmoniaren, legearen eta ordenaren» aurka egiten duela. Erantzunak ondotxo erakusten du zer pentsatzen duen: «Zein hauskorra izan behar duen legeak eta ordenak Myanmarren, emakume baten adierazteko eskubide politikoak gauzaren bat arriskuan jartzen duenerako. Zein gatzgabea behar duten herri baten bakeak eta harmoniak manifestazio baketsuek eta herritarrek neurririk gabeko laztura eragiten dutenean».
Eroso eta aukeraz betea behar zuenaren bizitza aldrebestua da berea. Ama hilzorian zuela joan zen Londrestik Rangunera, senarra eta seme-alabak utzita. Ne Win diktadorea eta ondorengo Junta Militarra bota beharrez geratu zen. 1991n Bakearen Nobela eman ziotenean ere ez zen joan Francis Sejestedek sariaren irakurketan esan zuena entzutera: «Botere gabekoen botere eredu apartekoa». 1999an Michael Aris senarra minbiziaz hil zitzaionean ere ez zen joan: «Hemendik ateraz gero, beldur nintzen ez zidatela ostera sartzen utziko. Ezin nuen alde egin, milaka herritar leotzetan utzita». Militarrek ateratzeko akordio batekin zirikatu zuten, baina pribilegio bera ez zutenekin geratu zen.
Gobernuan egondakoa litzateke Junta Militarrak 1990eko bozetako emaitzak onartu izan balitu, baina diputatu hautatuek eserlekua kartzelarekin edo erbestearekin ordaindu zuten. Berari etxeko erbestea ezarri zioten. Eta gaixotu egin zen. Gaixo dago oraindik ere.
Etxera itzuli aurretik, Londresen egin zuen bizitza, eta han baino lehen Indian. Filosofia, politika eta ekonomia ikasketak egin zituen Oxforden, eta han ezagutu zuen Aris senarra.
Mahatma Gandhi eta Nelson Mandela izan ditu inspirazio, eta bere aita, Aung San buruzagia, Birmania zenaren askatzailea. Suu Kyik 2 urte zituela matxinoek hil zuten. Hark lortu zuen askatasuna berreskuratzeko gogoa herritarrei kutsatzeko bizi da. AMAGOIA MUJIKA
MYANMAR. AUNG SAN SUU KYI. Botererik gabekoen boterea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu