MYANMAR. PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK. «Edonon zaintzen gaituzte»

Bozek ez dute ezer aldatuko Myanmarren: nazioartearen konplizitateari esker, militarrek agintean jarraituko dute, eta oposiziokoek jazartuta, LNDko hainbat kidek BERRIA-ri adierazi diotenez.

Zigor Aldama.
Shanghai
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Myanmarko hauteskunde egun bezperan ez dago zer pentsatu. Jakina da nor irtengo den garaile; oposizioa ahoa estalita dago, eta mundua isilik. Hauteskundeen emaitzak ematen dituztenean ez da ezer aldatuko. Than Shwe jenerala buru duela, Junta Militarrak kimu demokratikoak zanpatuko ditu, lekaio txinatarren laguntzarekin. Eta Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunak etxeko atxiloaldian jarraituko du.

Horixe da LND Demokraziarako Liga Nazionaleko hainbat kidek BERRIA-ri azaldu dioten ikuspegia. 1990eko bozak irabazi zituen alderdi hori lehiatik kanpo utzi dute. Militarrek ez zituzten emaitzak aintzat hartu, eta ordutik LNDko kideei etenik gabe jazartu zaizkie: horren ondorioz daude milaka preso politiko, torturak eta mota guztietako mehatxuak. Segurtasun arrazoiengatik, alderdikideen izen-abizenen lehen hizkiak soilik azalduko dira erreportaje honetan.

«Monjeen matxinadarekin ezertxo ere aldatu ez bazen duela hiru urte -azafrai iraultza izena eman zioten matxinadari-, gutxiago aldatuko da orain», adierazi du A.S.-k, LNDko baseko kideak Yangonen, herrialdeko hiri nagusian. «Munduak presio egin zezan eta Junta Militarra boterean betikotu ez zedin, huraxe izan zen momenturik egokiena. Baina norbaiten gaitzespen hitzez gain, inork ez zuen ezer egin. Mendebaldeko potentziak hauteskundeen iragarpenarekin konformatu ziren. Iruzur hutsa besterik ez dira, ordea; militarrek eserlekuen laurdena eurentzat gordetzen baitute», dio bidalitako posta elektronikoan.

Iraken eta Afganistanen ez bezala, argi dago Myanmarrendemokrazia ezartzeko inolako interesik ez dagoela. Are gehiago kontutn hartzen bada Txinako erregimenak Juntarekin dituen harreman onak baliatzen dituela azpiegiturak eraiki eta handik lehengaiak eskuratzeko.

Eta horregatik, jendea izututa dago oraindik. «Leku guztietan zaintzen gaituzte; edozein bilera egiten dugula ere informatzaileak infiltratzen dituzte», azaldu du M.N.-k, erregaiaren eta sukaldeko olioaren bat-bateko garestitzearen aurka 2007an kalera irten zen lehenengoetariko gazteak-erregaiaren eta olioaren garestitzea Juntaren autoritarismogogorraren bi adibide dira-. Garesti ordaindu du ausardia. Shwedagon pagodaren inguruetan jipoitu egin zuten M.N., eta bi astez eduki zuten atxilo. Honako kazetari hau ere pagoda horretan atzeman zuten, segidan herrialdetik kanporatzeko.

Estatu federala

Eremu independentistetan, Gobernuari aurka egiten dioten talde armatuak elkartzeko aukeraz espekulatu zen azafrai iraultzak iraun zuen bitartean; militarren tirania amaitzeko Karen eta Hmong etnietako gerrillek indarrak batuko zituzten albistea zabaldu zen. «Baina beste interes batzuk gailendu ziren, eta komunikazioa zaila izan zen», dioL.S.-k, LNDko gizarte proiektuen eta integrazioaren koordinatzaileak. «Hauetariko talde askok ezin diote elkarri begiratu ere egin, eta droga trafikoarekin zuzeneko harremanak dituzte. Hain da irabazi handiko merkatua drogarena, mugakide diren herriak ere aurrez aurre jartzen baititu».

Zalantzarik gabe, indarrakegiten du Myanmarko Batasuna -urritik herrialdearen izen ofiziala Myanmarko Batasunaren Errepublika da-. «Egia da Junta Militarrik ez balego, herrialdea desegin egingo litzatekeela», onartu du A.S.-k. «Baina LNDtik federalaren hurbileko eredu baten alde egiten dugu; desegitea, alde horretatik, ez da zertan zerbait txarra izan. Beste hainbat herrialdetan gertatu da. Haatik, Junta Militarrak bereinteresen alde baliatzen du desegitearena, Myanmarko batasunaren alde daudenak bereganatzeko».

Eta oso erraza da herritar pobreak eta alfabetatu gabeak konbentzitzea. «Erdiko klaseak indar gehiago hartzen duenean espero ahalko ditugu aldaketa demokratikoak; argi gelditu zaigu, dena dela, aldaketa horiek ez dutela sostengurik jasoko atzerritik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.