munDUA

Myanmarrek oposizioko burua askatuko du

Aung San Suu Kyi azkeneko 21 urteetatik hamabostean etxeko atxiloaldian daukate. 1991n Bakearen Nobel saria eman zioten.

2010eko azaroaren 12a
14:35
Entzun
Myanmarreko indar militarrek Aung San Suu Kyi oposizioko burua aske uzteko agindua sinatu dute bart, honen alderdiak jakinarazi duenez -Demokraziarako Liga Nazionalak (DLN)-.

Azkeneko 21 urteetatik hamabostean etxeko atxiloaldian daukate; eta urte horietan Myanmarreko demokraziaren ikur bihurtu da. Atxiloaldiak ez du Suu Kyik jendea mobilizatzeko duen indarra apaldu, eta ikusmin handia piztu du haren askatasunak. Gaur bertan alderdiaren egoitza ohira eramango dute, eta jende andana ari da biltzen han, elkartasuna adierazteko. Istiluen aurkako 300 bat polizia gerturatu dira inguruetara, eta kalez jantzitako hainbat polizia ere badaude, kameraz grabatzeko asmoarekin.

1962tik gobernu militar baten esku dago Myanmar. DLN Demokraziarako Liga Nazionala da oposizioko alderdi nagusia, baina gobernuburuek alderdia legez kanpo utzi zuten maiatzaren 6an. 1990an DLNek bozak irabazi zituen, botoen %80arekin. Hala ere, gobernu militarrak jarraitu zuen boterean.

Igandean izan ziren hauteskundeak Myanmarren, eta botoen %80 lortu zituela aldarrikatu du Junta Militarraren lehen ministroaren alderdiak. Oposizioak, aldiz, iruzurra izan dela salatu du, eta helegiteak aurkeztuko dituela iragarri. AEBek eta Europako Batasunak ere esan dute bozak ez direla gardenak izan.

1991n Bakearen Nobel saria eman zioten Suu Kyiri, giza eskubideen eta demokraziaren alde egindako borroka baketsuagatik. Hura askatzeko nazioarteko presioa nabarmena izan da, eta asko izan dira haren askatasuna eskatu dutenak; tartean, Bakearen Nobel saridun askok -besteak beste, Desmond Tutu, Dalai Lama, Shirin Ebadi, Adolfo Perez Esquivel, Mairead Corrigan, Rigoberta Menchu, Elie Wiesel, Barack Obama, Betty Williams, Jody Williams edota Jimmy Carterrek-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.