Myanmarren «aro berriaren hasiera» da Suu Kyiren alderdiaren garaipena

Legebiltzarrerako lehian zeuden azken 45 eserlekuetatik 44 eskuratu ditu Bakearen Nobel saridunak

Erredakzioa
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridun eta NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko buruak nabarmendu du «aro berriaren hasiera» dakarrela NLDMyanmarko oposizioko alderdi nagusiak hauteskundeetan lortutako garaipenak. Igandeko bozetan Myanmarko Parlamentuko 45 eserleku zeuden jokoan, eta NLDk horietako 44 eskuratu ditu. Suu Kyik berak ere lortu du aulkia. Bere jarraitzaileen aurrean egindako lehen hitzaldian bakea sendotzeko prozesuan parte hartzeko eskatu die gainontzeko alderdiei, eta kanpainan behin eta berriz nabarmendu dituen hiru helburuak lortzeko lan egingo duela hitzeman du: zuzenbide estatua ezartzea, bakea bermatzea eta konstituzioa zuzentzea.

Junta Militarrak 2010eko azaroaren 13an aske utzi zuen Suu Kyi, ia hamabost urtez etxean preso izan ostean disidente izateagatik. 1990eko hauteskundeetan Suu Kyiren alderdiak gehiengo zabala eskuratu zuen, baina Junta Militarrak baliogabetu egin zuen emaitza. Urtebete geroago jaso zuen NLDko buruak Bakearen Nobel saria, artean preso zegoela.

Legebiltzarreko 37 eserleku, senatuko sei eta eskualdeetako ganberetako beste bi aukeratu dituzte, duela bi urteko bozetan aukeratu gabe geratu zirenak. 1962tik boterean den Junta Militarrak—teorian, zibila da egungo gobernua, baina militar ohiak daude karguan— diseinatutako trantsizioaren barruan iritsi dira bozak. Suu Kyik, hala ere, nabarmendu du bere lehentasuna 2008ko konstituzioak militarrei ematen dien gehiegizko boterea murriztea dela eta herrialdeko gutxiengo etnikoekin dituzten arazoak konpontzea. Hamazazpi alderdi politiko aritu dira 45 eserlekuak lortzeko lehian, eta NLDko buruak nabarmendu du gehiengoa eskuratu arren gutxiengoen eskubideak babestuko dituztela.

Europaren txaloak

Igandeko hauteskundeetan irregulartasunak egon direla onartu du Malgorzata Wasilewska Europako Batasuneko behatzaileak, baina zehaztu du ez direla «borondate txarretik sortutakoak» izan, «esperientzia faltatik baizik». Irregulartasunak irregulartasun, Europako Parlamentuak zorionak eman dizkio oposizioko NLD alderdiari lortutako «garaipen erabatekoagatik».

Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak esan du myanmartarrak eta mundu osoa une honen zain egon direla 50 urtean. Aldi berean, baina, erreformen prozesuarekin jarraitzeko eskatu die Naypyidawko agintariei. «Ziur nago Europako Batasunak kontuan hartuko dituela erreformok gaur egun Myanmarri ezarriak dizkion zigor neurriak berraztertzean».

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Idazkari Hillary Clintonek ere ongietorria eman die bozei, eta kanpainan parte hartu duten guztiak zoriondu ditu, bereziki lehen aldiz parte hartu ahal izan dutenak. «Erregimen zapaltzaileenak ere erreformatu daitezke, eta gizarterik itxienak ere ireki daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.