N-VA Flandriako Aliantza Berria alderdi independentista izan da Belgikako Parlamenturako hauteskundeetako garailea. Legebiltzarreko 150 diputatuetaitk 27 izango ditu. Garaipen historikoa da. Izan ere, Flandriako historia politikoan lehendabizi, herrialdearen burujabetza aldarrikatzen duen indar politiko batek hartu die aurrea gainerako guztiei.
Bart de Wever N-VAko buruak "Belgikako Estatuaren erreforma" eskatu du, eta hori "lehenbailehen" egin behar dela dio. "Inork ez du interesik herrialdea blokatzeko. Funtzionatzen duen egitura jarri behar da abian, arazoak konpontzeko eta aurrera egiteko".
Lehen CD&V Flandriako Kristau Demokratarekin batera zegoen N-VA, eta 30 aulki zituzten. Orain bien artean 54 dituzte, CD&Vk 17 lortu dituelako -boterean zen aurreko agintaldian-.
Flandrian Belgikako biztanleriaren %60 inguru bizi da eta N-VA hango botoen %29 eskuratu ditu.
Valonian PS alderdi sozialista izan da irabazle, eta 26 aulki edukiko ditu (lehen baino sei gehiago), eta baliteke N-VArekin koalizio gobernua osatzea. Flandrian SP.A sozialistak 13 diputatu lortu ditu.
MR Valoniako alderdi liberalak jaitsiera nabarmena izan du: 23tik 18ra.
Emaitzak
- N-VA (Flandriako Aliantza Berria alderdi independentista). %17,24 (27 diputatu).
- PS (Valoniako Alderdi Sozialista). %13,96 (26).
- CD&V (Flandriako Kristau Demokratak). %10,67 (17).
- MR (Valoniako Mugimendu Erreformatzailea alderdi liberala). %9,46 (18).
- SP.A (Flandriako Alderdi Sozialista). %9,12 (13).
- Open VLD (Flandriako alderdi liberala). %8,51 (13).
- Vlaams Belang (Flandriako eskuin-muturreko alderdi independentista). %7,76 (12).
- CDH (Valoniako Zentro Demokrata Humanista). %5,66 (9).
- Ecolo (Valoniako alderdi ekologista). %4,90 (8).
- Groen (Flandria). %4,28 (5).
- Lijst DeDecker (Flandria). %2,24 (1).
- Alderdi Popularra. %1,31 (1).
Aurreratutako bozak izan dira
Yves Leterme jarduneko lehen ministroaren dimisioak eragin du Belgikako hauteskundeak aurreratzea. CD&V Flandriako Kristau Demokratak alderdiko kide Letermek iragan apirilaren 20an erabaki zuen kargua uztea, haren koalizio gobernuko partaide Open VLD alderdiak hura uztea ebatzi ostean. Koalizioaren haustea Brusela-Halle-Vilvoorde barruti mistoaren inguruko auzi minberari irtenbiderik aurkitu ez ziotelako gertatu zen. Krisi politikorik sortu ez balitz, hauteskunde federalak datorren urtean egingo lituzkete.
Belgikako 7.726.632 herritarrek izan zuten atzo botoa emateko eskubidea. Han botoa ematea derrigorrezkoa da.
munDUA
N-VA Flandriako alderdi independentista irabazle Belgikako hauteskundeetan
27 diputatu lortu ditu parlamenturako bozetan. Valoniako alderdi sozialista geratu da bigarren, 26rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu