Nahr el Bared guneko auzia palestinarrek konpontzea nahi du Libanoko presidenteak

Emile Lahudek ohartarazi du gerra piztuz gero urte asko iraungo duela; gunearen setioak astebete egin du

2007ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Nahr el Bared palestinar iheslari gunearen setioa eta borrokak hasi zirela astebete pasatu delarik, Libanoko presidente Emile Lahudek esan du auzia gunean bertan konpondu behar dela eta palestinarrei dagokiela hori. Lahud Siriaren aldekoa, eta AEBen eta haien aliatu europarren esku-hartzearen kontrakoa da, eta harreman tirabiratsuak ditu Legebiltzarrean eta Gobernuan nagusi direnekin. Joan den igandean Tripoli hirian Al Fata-Al Islam talde islamista transnazionalaren eta Libanoko armadaren arteko borrokak piztu eta ondoko Nahr el Bared palestinar iheslari gunera zabaldu zirenetik 100 pertsona baino gehiago hil eta gutxienez beste hainbeste zauritu dituzte. Biktima asko zibilak dira.

Armadak gunea inguratzen segitzen du, eta oraindik 15.000 eta 20.000 palestinar inguru geratzen dira barruan. Giza laguntzarako taldeek ezin dute beren lana behar bezala egin, batzuetan ez dietelako sartzen uzten, eta besteetan tiro egiten dietelako. Gainera, CPJ Kazetariak Babesteko Batzordeak armadak oztopoak eta zentsura ezarri izan salatu du. Tarteka tiroketekin eta bonbardaketekin segitu zuten atzo goizaldean.

«Aterabiderik onena auzia gunean bertan konpontzea litzateke, zeren eta gerra hasten bada urte asko iraungo du, eta denek galduko dute», adierazi dio Lahudek Al Jazeera telebistari. Haren iritzian, iheslari guneetako segurtasunaren arduradunak -1969ko Kairoko Akordioari jarraiki- palestinarrak direnez, haiei dagokie gertatzen dena kontrolatzea. Armadak guneetako sarrerak bakarrik kontrola ditzake, barrenera sartu gabe. Barneko auziak gune bakoitzeko Herri Batzordeen -talde palestinarretako ordezkariek osatuak- esku daude. Haiek eta talde palestinarrak aterabide negoziatua saiatzen ari dira.

«[Al Fata-Al Islameko] Ekintzaileak epaitu egingo dituzte, armadari eraso diotelako», esan du Lahudek. «Aste honetako gertaera larriok soilik Israeli egiten diote mesede». Libanoarrei armadaren inguruan bat egiteko eta auzi gatazkatsuak -errefuxiatu palestinarrena barne- konpontzeko elkarrizketari ekiteko eskatu die.

Iazko azarotik, eta oposizioko sei ministroren dimisioaren ondotik, krisi politiko sakonean dago Libano. Ministro horiek Amal eta Hezbola talde xiitakoak ziren, eta beste bat kristaua eta independentea. Abendutik alderdi horiek, Michel Aoun jeneral ohiaren (kristaua) FPM Mugimendu Patriotiko Askearekin, Alderdi Komunistarekin eta beste talde txikiago batzuekin batera, Fuad Siniora lehen ministroaren gobernuaren dimisioa eskatzen ari dira.

Alabaina, talde parlamentario nagusiak, Saad Hariri sunitaren FM Etorkizunaren Mugimenduak, Ualid Jumblatt druzoaren PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoiak, Samir Geagea kristauaren LF Indar Libanoarrek, Falangeak eta beste talde batzuek Siniora sostengatzen segitzen dute. Ondo ikusten dute Mendebaldearen esku-hartzea. Haien iritziz, Siria dago Al Fata-Al Islamen atzetik; Siriak hori ukatzen du. Taldeak dio Al Kaedatik hurbil dagoela.

INTERES ZABALAGOAK. Ostiralean Hezbolako buru Hassan Nasralak esan zuen arriskua badagoela Libano AEBen eta Al Kaedaren arteko gerran harrapatuta geratzeko. Nahr el Baredeko auzia «politikoki eta judizialki» konpon daitekeela nabarmendu zuen.

The New Yorker egunkariko kazetari Seymour Hershek martxoan esan zuen Libanoko Gobernua bera ari dela, AEBen eta Saudi Arabiaren laguntzaz, muturreko talde sunitak (Al Fata-Al Islam kasu) laguntzen, Iranek eta xiitek Ekialde Hurbilean duten gero eta eragin handiagoari aurre egiteko estrategia globalaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.