IRAKEKO OKUPAZIOA

Najafeko setioa buruzagi xiiten arteko akordioarekin amaitu da

Ali al Sistaniren jarraitzaileek Ali imamaren meskita hartu dute eta okupazio indarrak urrundu egin dira

Erredakzioa
2004ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Irakeko Poliziak atzo gauean iragarri zuenez, Moktada al Sadr eta Ali al Sistani buruzagi xiitek Najafeko setioari amaiera emateko akordioa lortu zuten. Hitzarmenaren arabera, «elementu armatu guztiak» erretiratuko dira Najaf zein Kufatik eta Irakeko Poliziak hartuko du haien lekua. Horrez gainera, abuztuaren 5etik, borrokak berpiztu zirenetik kalteak izan dituztenei ordaina emango zaie. Al Sistani aiatolaren jarraitzaileek Najafeko Ali imamaren meskita hartu ostean lortu zuten akordioa Al Sistanik eta Al Sadrek.

Londresen (Ingalaterra) hiru astez bihotzaren artatze egonaldi batetik sartu zelarik herenegun, Irakeko xiiten erlijioburu gorena den Ali Husseini al Sistani aiatola nagusia Najafera iritsi zen atzo, dozenaka mila jarraitzailerekin batera. Xiiten hiri santu honetan Moktada al Sadr imamaren gerrillariek okupazio tropen eta Irakeko behin-behineko gobernuaren segurtasun indarren kontra daramaten matxinadari konponbide baketsua bilatzeko itzuli zen Al Sistani. Helburu horretan laguntzeko, Irakeko Gobernuak 24 orduko su-etena ebatzi zuen, menia hau indarrean sartu aurretik, haatik, gertaera odoltsuak jazo zirelarik Najafen eta Kufan.

Basoratik atzo goizean abiatu zelarik eta Najaferaino 400 kilometroko bidea egin ondoren, Al Sistanik atsedena hartu zuen Najafeko etxe batean. Haren mandatariak, haatik, Ali imamaren mausoleoa gotorleku bilakatu duten Moktada al Sadren ordezkariekin harremanetan sartu ziren berehala, gatazkaren konpontzeko eta Al Sistaniren eledun Hamed Khaffafek esan zuenez, «Najaf hiri santuaren suntsiketa saihesteko».Sekulako jendoldeak lagundu zuen Al Sistani Najaferako bidean, ibilgailu mota guztietan, dozenaka mila xiita hiri santurantz bideratu zirelarik aiatola nagusiaren konboiaren atzetik. Najafeko sarreran, baina, Irakeko Guardia Nazionalarekiko istilu batzuk gertatu ziren eta Ali al Sistanirekin batera joandako jendeketaren artean hogei hildako eragin zuten Irakeko segurtasun indarrek egindako tiroek. Gauzak horrela, hauxe aldarrikatu zuen Al Sistaniren bozeramaile Hamed Khaffafek: «Jendeei eskatzen diegu dauden tokietan geratzeko behin-behinean; segurtasun indarrek egindako araketen ostean, hiri santura sar daitezke». Hala ere, Al Sistaniren milaka jarraitzailek lortu zuten Najafera ez ezik, Ali imamaren meskitaren barrura ere sartzea. Santutegiaren hegoaldeko atetik sartu ziren, eskualde hau inguratzen zuten soldadu estatubatuarrek eta Irakeko Gobernuaren segurtasun indarrek bertatik alde egin eta gero.

Baldintzapeko amnistia

Moktada al Sadren gerrillariei gogor erasotzen zieten indar hauek Ali imamaren mausoleo ingurutik alde egin zuten, Irakeko lehen ministro Iad Alauik 24 orduko su-eten bat ebatzi eta gero, Al Sistaniren bake arartekaritzari laguntzeko xedez. «Ekitaldi militar guztien gelditzebat manatu dut gaurko [atzoko] 15:00etatik hasita eta AEBetako Armadak ere bat egin du erabaki honekin», zehaztu zuen Alauik izenpetutako oharrak. Era berean, Irakeko gobernuburuak berretsi zuen amnistia onartu zietela, armak utziko zituzten gerrillariei eta Moktada al Sadr bera ere libro irten ahal izango zela santutegitik.

«Bakea gurako duten miliziakide guztiei eskaintzen diegu amnistia eta Gobernuak bermatzen die santutegitik libro irtengo direla euren armak utzi eta gero; Moktada al Sadri berari, aldiz, segurtasun osoko aterabidea bermatzen diogu, borroka armatuari amore egiten diola aldarrikatuz gero», irakur zitekeen Irakeko gobernuburuak sinatutako agiri hartan. Alabaina, testu hark ohartarazten zuen Irakeko Gobernuak, halabeharrez, indarrez jokatzeko aukera gordetzen zuela, bake ahaleginek porrot egitearen kasuan. Hortaz, Adnane Zorfi Najafeko gobernadoreak zehaztu zuen AEBetako Armadako unitateak eta Irakeko segurtasun indarrak inguruetan geratuko zirela konponbide hitzarmenbat gauzatuta izan arte. Najafeko gertaerez kanpo, soldadu estatubatuar bat erasoz hil zuten atzo Bagdaden eta 7 atzerritar bahituta dauzkan talde batek hauek askatzeko intentzioaagertu zuen, enplegatzen dituen Turkiako enpresak Iraketik alde egiteko asmoa azaldu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.