Libanoko Parlamentuko 118 parlamentarietatik 72ren onespena eskuratuta, gobernu berria osatzeko ardura hartuko du Najib Mikatik. Michel Aoun presidenteak berretsi du erabakia, eta Mikati lehen ministro izango da aurrerantzean. Besteak beste, Hezbollah eta Etorkizunerako Mugimendua alderdien, eta Saad Hariri eta Tamam Salam lehen ministro ohien babesa jaso du hark. Herrialdeko gerra zibila amaitu zenetik izaniko egoera ekonomiko txarrenari aurre egitea izango du lehentasuna.
Ez da Mikati lehen ministro izendatzen duten lehen aldia: 2005ean eta 2011tik 2014ra ere kargu hori izan zuen 66 urteko enpresariak. Oraingoan, baina, herrialdea bizi duen krisi ekonomikotik ateratzea izango du erronka. «Lehenbailehen jarri behar da martxan, herrialdeko egoera ekonomikoa salbatzeko erreformak egin daitezen», eskatu du Aounek. Izan ere, Libanok ia urtebete darama behin-behineko gobernu batekin. Haririk iazko urrian hartu zuen gobernua osatzeko betebeharra, baina, presidentearekin izaniko ulertu ezinak tarteko, uko egin zion uztailaren 15ean.
Egoera bideratzeko asmoz, herrialdearen garapenean laguntzeko Frantziak eginiko proposamenari baiezkoa eman diote Mikatik eta Aounek. Azken horrek eskerrak ere eman dizkio Frantziako presidente Emmanuel Macroni, besteak beste, Libanoko egoera tratatzeko goi bilera bat antolatzeagatik, iazko Beiruteko portuko leherketaren urteurrenarekin. Ezbehar hark 200 hildako baino gehiago eragin zituen, eta kalte material larriak. Haren ondorioz, langabeziak nabarmen egin zuen gora, eta herrialdeko bankuek herritar ugariren kontuak izoztu zituzten, egoera ekonomikoa are gehiago korapilatuz.