Naomi Campbell modeloak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian lekuko gisa deklaratu zuen atzo, Herbehereetan. 1997an «harri zikin» batzuk oparitu zizkiotela eta bere ustez Liberiako presidente ohi Charles Taylorrenak zirela onartu du, baina hori erakusten duen frogarik ez duela argitu du. Harriak harribitxi odolduak izenarekin ezagutzen diren landu gabeko diamanteak ziren.
Taylor gizateriaren aurkako hainbat krimen egiteagatik epaitzen ari dira; horien artean, Sierra Leonako milizia batekin diamanteak armekin trukatzea. Horregatik, diamanteak berak eman zizkion jakin nahi dute.
Campbellek Taylor 1997an ezagutu zuen, Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohiaren etxean. Hitz egiten egon ziren, eta gau hartan bi gizonek zorro bat eman zioten. Campbellek esan du ez zekiela diamanteak zirenik, eta hala zirela jakin zuenean Nelson Mandela Haurren Aldeko Fundazioko arduradun Jeremy Ratcliffi eman zizkiola.
Erakundeko bozeramaile Oupa Ngwenyak diamanterik ez dutela inoiz jaso jakinarazi du, baina Ratcliff non dagoen ez dakitela ere gehitu du.
Campbellek diamanteak jaso izana ukatu zuen telebista programa batean, eta ez zuen auzitegira joan nahi izan, zazpi urteko kartzela zigorra jarriko ziotela mehatxatu zuten arte. Haren hitzetan, beldurragatik ez zuen joan nahi, Interneten Taylorrek ustez jende asko hil duela irakurri zuelako.
Naomi Campbell lekuko moduan galdekatu dute gerra krimenen epaiketa batean
Liberiako presidente ohiarenak izan zitezkeen «harri zikin» batzuk jaso zituela onartu du Hagan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu