Enrico Letta Italiako lehen ministroak dimisioa eman ondotik, atzo hasi zituen Giorgio Napolitano Italiako presidenteak gobernua berrosatzeko bilerak alderdiekin. Helburua "krisi politikoari irtenbidea ahalik eta azkarren ematea" dela esan du Errepublikako presidenteak, eta gogora ekarri ditu 2011ko nahiz 2013ko negoziazio korapilatsuak. Hipotesi nagusien arabera, Matteo Renzi Florentziako alkatea izango da lehen ministro.
Gaur amaituko du Napolitanok bilera sorta. 16:00etan, presidentetzako egoitzan batzartuko da Angelino Alfano Zentro-eskuin Berria alderdiko ordezkariarekin, eta ondoren Forza Italiako Silvio Berlusconirekin.
Indar guztiekin batzartzeko asmoa duen arren, batek baino gehiagok ezezkoa eman dio jada. M5S Bost Izar Mugimenduko buru Beppe Grillok "iruzur" eta "itxurakeria" gisa definitu du negoziazio prozesua, aldez aurretik erabakia baitago zein izanen den lehen ministroa: "Napolitanok Renzi izendatuko du; hau da, parlamentari izan ez den norbait, eta hauteskundeetara aurkeztu ez dena. Monti eta Lettarekin gertatu zen bezala, bizkarra emanen die Napolitanok parlamentuari, konstituzioari eta italiarren borondateari".
Lega Nord alderdi ultraeskuindarreko ordezkari Roberto Maronik ere esan du "denbora galtze hutsa" dela Napolitanorekin biltzea: "Behingoagatik, ados nago Grillok esan duenarekin. Bilera hauek ez dute ezertarako balio, eta nire esku balego, Quirinalen ez litzateke Lega Norden ordezkaritzarik izanen". Alderdi horrek, alta, ez du oraindik erabaki ofizialik hartu.
Arratsaldean edo bihar goizean iragar dezake Napolitanok noren esku utziko duen gobernua osatzeko ardura.