Napolitanoren hitzak entzun ostean, Pier Luigi Bersani Italiako PD Alderdi Demokratako buruak adierazi du presidenteak "Italiari eta mundu egonkortasun seinale bat" eman nahi izan diola, eta bere alderdiari dagokionean, Napolitanok adierazitako "bidean laguntzeko prest" azaldu da.
Italiako hedabide gehienek aukera bera jartzen zuten mahai gainean: Napolitano dimisioa ematea aztertzen ari dela, alderdiei akordio bat lortzera behartzeko, eta ondoren, bere ondorengoaren izena erabakitzeko. Napolitanok, baina, gezurtatu egin du gaur dimisioa emango duela. "Legealdiaren azken egunera arte geratuko naiz", adierazi du. Alderdiei "azken ahalegina" egiteko eskatu die gobernua eratu ahal izateko; bi alderdiri egin die erreferentzia bereziki.
Atzo alderdiekin egindako bilera errondan, Silvio Berlusconi prest agertu zen zentro-ezkerrarekin koalizio gobernua osatzeko; teknokratekin ez, ordea. Roberto Maroni Lega Nord-eko idazkari nagusia ere Berlusconirekin izan zen prentsaren aurrean. Hura teknokraten gobernu baten aurka agertu zen: "Mario Montiren gobernuaren aurka geunden; pentsa horrelako beste gobernu bat heltzen bada. Hobea da hauteskundeak egitea". Maroni ere "gobernu koalizio bat" babestearen alde agertu zen, "erantzunak emango dituen gobernu bat, ez gobernu tekniko bat".
Pier Luigi Bersanik ez du behar besteko babesik lortu gobernua eratzeko; beraz, presidentearen esku gelditu da beste aukerak bilatzeko ardura.