Bai NATOk eta bai Putinek ere gogoeta baikorra egin dute bilera amaieran, «irekia eta eraikitzailea» izan dela iritzita. «Gaurko elkarrizketan garrantzitsuena izan da gure segurtasuna ziurtatzeko ditugun kezkak entzunak izan direla», iritzi dio Kremlineko buruzagiak. NATOko estatuen eta Errusiaren artean horma gisa dauden herrialdeak erakundearekin bat egitea -Georgia eta Ukraina-«oztopo handia» da Putinen hitzetan, elkarlanerako. Erasoaldi kasuan elkarri laguntzea agintzen duen NATOko 5. artikulua gogorarazi du, Errusiaren mugan horrelako blokea «mehatxutzat» izatea arrazoitzeko. «Ez da aski esatea erakundea jada Errusiaren arerio ez dela; izan ere, iraganean gisako agintzak entzun ditugu gero bete ez zirenak». Moskuk Europan, Kuban eta Afganistanen zuen indar militarra hein handi batean bertan behera utzi duela azaldu du Putinek, eta aldi berean Amerikako Estatu Batuek Bulgarian, Errumanian, Polonian eta Txekian base berriak egin dituztela. «Azpiegitura militarra gure mugetara lekualdatzea da hori, argiak eta zintzoak izan gaitezen».
AEBek Errusiako mugako estatuetan jarri nahi duten misilen aurkako ezkutua salatu du 26 herrialdeetako agintarien aurrean. Hala ere, Gerra Hotza berpiztea ezinezkoa dela gaineratu du Errusiako presidenteak: «Ez da inorentzat interesgarria iraganera itzultzea».
NATOren idazkari nagusi Jaap de Hoop Schefferrek begi bistakoa onartu du Bukaresten, erakundearen ekialderako hedapena Moskurekiko harremanetan duten auzia dela. Alemaniak eta Frantziak bi herrialdeen sarrera arbuiatzeko eman dituzten aitzakiak Errusia ez haserretzeko hartutako ekimenaren ildotik ulertu behar dira ondorioz. Bat egiteko ekintza plana martxan jarriko ez duten arren, Ukrainak eta NATOk harremanak indartzea hitzeman dute, etorkizunean urratsa egin ahal izateko.
George Bush AEBetako presidenteak Bukaresteko bilkuran bere helburu guztiak bete dituela aditzera eman du: Ekialdeko Europan AEBek jarri nahi duten misilen aurkako ezkutua babestu dute Europako herrialdeek; Afganistanera tropa gehiago bidal ditzatela erdietsi du; eta Ukraina eta Georgia etorkizunean NATOn sartuko diren promesa lortu du. Errumaniako lehen ministro Calin Popescu Tariceanurekin bildu ondoren, Kroaziarako bidea hartu du Bushek. NATOn sartzeko hautagai izendatu duten herrialdeko agintariekin elkartuko da asteburuan. Balkanetan Albaniak ere eskuratu du herrialdeen oniritzia, Mazedoniak, ordea, ez. Greziarekin deiturari buruz duen eztabaida askatu arte ez dute gonbidatuko.
BUSH ETA PUTIN ELKARTUTA ASTEBURUAN. Bestalde, Itsaso Beltzaren ertzean, Putinek eta Bushek bihar egingo duten bilkuran argituko dira neurri batean NATO-Errusia Kontseiluan jorratu gabeko gaiak. AEBetako eta Errusiako agintariek landuko dituzte bien artean eztabaida bizia sortu duten auziak, misilen aurkako ezkutua tarteko. Areago, hurrengo urteetan bi herrialdeen arteko harremana zuzenduko duen bide orria lotzeko asmoa dute Putinek eta Bushek.
Presidente gisa batera egingo duten azken bilera izango da Sochi herrikoa, eta litekeena da elkarri argi mintzatzea. Dmitri Medvedev, maiatzaren hasieran Putinen lekukoa hartuko duen buruzagia, eurekin izango da. Bushek urtarrilean Etxe Zuria utziko du, baina Putin ez da politikatik sobera urrunduko. Konstituzioak hala behartuta hirugarren legealdia hasi ezin zezakeelako utzi du presidentetza, eta Medvedev alderdikideak lehen ministro izendatuko du presidente karguaren zina egin bezain pronto.
Afganistango misiorako tresnak Errusiatik pasatzen utziko diete
Errusia eta NATOren arteko kontseiluan Afganistani buruzko akordioa hitzartu zuten atzo bi aldeek. Afganistanera doazen ISAF nazioarteko misiorako tresnak Errusiatik igarotzea baimenduko ditu Kremlinak. Era horretara misioaren hornikuntza hein handi batean arintzea lortuko du NATOk. Nolanahi ere, akordioak ez du barnean hartzen tropen pasabidea eta aireko garraioa, hau da, hasiera batean NATOk galdegin zuena.Bukaresteko bilkuran Afganistanera 2.000 soldadu gehiago bidaltzea hitzeman dute estatuek. Besteak beste, Frantziak mila bat soldadu gehiago bidaliko ditu, NATOn sartu nahi duen Georgiak 500 soldadu, eta Poloniak 400 soldadu gehiago bidaltzeko asmoa du. Herenegun, munduko 40 estatuk ISAF misioan jarraituko dutela hitzeman zuten.