NATO IPAR ATLANTIKOKO ITUNAREN ERAKUNDEA. NATOren adar militarrera itzuli da Frantzia

Frantzian atzerriko tropak egotea «arriskutsua» zelakoan, erakundeko adar militarretik irten zen herrialdea 1966an

Arantxa Elizegi - Allande Sokarros
2009ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Frantzia ez dago inork inbaditzeko arriskuan jada. Gaur egungo mehatxuak oso desberdinak dira, eta herrialde bakarti bat inolako eraginik ez duen herrialdea da». Horiek izan ziren atzo Frantziako presidente Nicolas Sarkozyren argudioak NATOren adar militarrera itzultzeko. Apirilaren hasieran gertatuko da hori; Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak 60 urte betetzen dituenean, hain zuzen ere. «Iritsi da unea. NATOra hurbiltzeak independentzia bermatzen digu. Aldiz, urruntzeak independentzia eta mugitzeko aukerak murriztuko lizkiguke».

Antzeko argudioa erabili zuen duela 40 urte inguru Charles de Gaulle jeneralak aurkako erabakia hartzeko; erakundearen adar militarretik irteteko, alegia. Gerra Hotza bero-bero zegoen garaian, 1966an, NATOren adar militarretik atera zuen Frantzia, argudiatuz egoera horretan ez zela «segurua» atzerriko tropak herrialdean egotea. De Gaullek berak azaldu zuenez, Estatuaren independentzia bermatzea izan zen erabakiaren arrazoia. Horiek hala, erakundearen kuartel nagusia Bruselara lekualdatu etaAEBek Estatuan zituzten base militarrak desegiteko agindu zuen De Gaullek. Horrekin, ordea, Washington haserrearazi zuen. Halaxe erantzun zion orduan AEBetako Estatu idazkariak: «Gure soldaduen gorpuak Normandiako hilerrietatik eramatea ere nahi dute?».

Oraingoan ere izan da Sarkozyren erabakia begi txarrez ikusi duenik; besteak beste, oposizioa. «Ez du ezerk zuritzen NATOren komando militarrera itzultzea. Ez dago presarik, ez beharrik, ez bada ideologia bilakatu den atlantizismoa», salatu du Alderdi Sozialistako buru Martine Aubryk. Ez da, ordea, jarrera kritikoa agertu duen bakarra. Irakeko Atzerri ministro izandakoak, Dominique de Villepinek, subiranotasuna galtzeko arriskuaz ohartarazi du. Bera izan zen Irakeko gerraren aurka gogorren hitz egin zuten buruzagietako bat, eta, haren iritziz, etorkizunean antzekorik gertatuz gero, eta NATOko kide izanik, Parisek bere kabuz erabakitzeko aukera galduko luke. «Frantziaren jarrera independentea nahitaezkoa da botere oreka bermatzeko. Bihar NATOra itzultzen bagara, Irakekin izan genuen jarrerari eutsi ahalko diogu?». Horiek hala, AEBen laguntasuna lortzearen truke «Frantzia sakrifikatzea» egotzi diote hainbat adituk Sarkozyri. Roland Hureaux idazle eta politikari ezkertiarra izan da horietako bat: «Sarkozyk Frantzia zikiratu nahi du betiko».

Ezer ez da doan

Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialde sortzaileetako bat izan zen Frantzia, horregatik hain zuzen ere, 1966an adar militarra utzi bazuen ere, erabakietan parte-hartzen jarraitu zuen. Parisek, ordea, ez zuen begi onez ikusten erakundeak atzerriko gatazketan esku-hartzea, horiek estatu kideak arriskuan jartzen ez bazituzten. Horiek hala, AEBen ingurukoek egotzi izan diote Afganistango esku-hartzea saihestu nahi izatea.

Lehenago ere, Jacques Chiracen garaian, esaterako, ahalegindu zen Paris NATOko kide oso bilakatzen, baina nazioarteak ez zituen haren baldintzak onartu. Orduan, 1996an, hegoaldeko tropen ardura Parisen esku uztea edo Europako buruzagitzako kide izateko aukera eskatu zuen Chiracek trukean, baina Washingtonek ez zuen onartu. Izan ere, NATO nazioarteko erakundea den arren, Etxe Zuriak izan du beti azken hitza.

Oraingoan ere, Sarkozyk ez du urratsik egingo musu truk.AEBetako administrazioarekin duen harreman estuak Chiracena baino etorkizun hobea bermatzen dio, eta pentsatzekoa da aterako duela irabazirik. Adituen iritziz, erakundean hainbat ardura eskuratzeaz gain, Europako Batasunak Itunean duen rola handitzen ere saiatuko da Frantziako presidentea. Bide beretik, Europako arma enpresek aukera handiagoa izango dute negozioak egiteko. NATOk eta AEBek, berriz, laguntza eskuratuko lukete Afganistango gatazka amaitzeko. «De Gaullek ez zuen nahi Frantziaren aginduetara egongo ez zen troparik herrialdean. Egoera aldatu egin da, ordea. Varsoviako Akordioa eta komunisten mehatxua desagertu dira», adierazi du Bernard Kouchner Atzerri ministroak berak.

Egun Parisko gobernua Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen adar armatutik kanpo zegoen. Baina horrek ez du eragin handirik izan Frantziak erakundean zituen eskumenetan. Zehazki bi batzordetara itzuliko da herrialdea: defentsa egitasmoak antolatzen dituenera eta plan nuklearrak zehazten dituen taldera. Lehenak estrategiak antolatzen ditu, eta bigarrenak, berriz, aholkularitza lanak egiten ditu. Itxuraz urrats txikiak izan daitezke Frantziako Gobernuari begira, baina Sarkozyk bere ospea handitzea lortuko du horrekin. Horretaz gain, kontuan hartzekoa da herritarren erdia baino gehiago, %52 eta 58 artean,NATOko kide oso izatearen aldekoak direla.





60 urteko bidea, Gerra Hotzetik bake misioetara

1949ko apirilaren 4a. Hamabi herrialdek eratu zuten NATO.

1955eko maiatzaren 5a. Mendebaldeko Alemania sartu zen NATOn.

1955eko maiatzaren 14a. Sobietar Batasunaren inguruan, zortzi estatuk Varsoviako Akordioa izenpetu zuten.

1966ko martxoaren 10a. NATOko agintaritza militarra utzi zuen Frantziak, subiranotasuna bermatzeko argudioarekin.

1989ko azaroaren 9a. Berlingo Harresia bota zuten.

1991ko uztailaren 1a. Varsoviako Akordioa desegin zuten.

1991ko azaroaren 3a. Alemania bateratu zen.

1994ko urtarrilaren 9a. Bakerako Lankidetzaabian jarri zuten NATOk eta Europa ekialdeko estatuek.

1997ko maiatzaren 27a. NATOk eta Errusiak elkarlan eta segurtasunerako hitzarmena sinatu zuten.

1999ko martxoaren 12a. Hungaria, Polonia, TxekiaNATOn sartu ziren.

1999ko martxoa-ekaina. Jugoslaviari eraso zion.

2003ko apirilaren 2a. Afganistanen, segurtasun indarren buru jarri zen NATO.

2004 apirilaren 2a. Zazpi herrialde sartu ziren NATOn.

2008ko urriaren 24a. Somaliako piraten aurkako operazioa hasi zuten.



7

NATOren misioak. Zazpi misio ditu NATOk nazioartean. Afganistangoa da handiena: 55.100 soldaduk osatzen dute. Kosovon, berriz, 15.453 militar ditu. Bosnian 7.000 geratzen dira, eta 180 Mazedonian. Albanian, Serbian eta Iraken ere baditu tropak NATOk.



Danimarka da NATOko idazkaritzarako faborito

Adierazpen ofizialik egin ez badute ere, Danimarkako lehen ministro Anders Fogh Rassmussenek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu duela dio prentsak. Areago, kargu horretara aurkeztuz gero, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak haren alde egingo luketela diote hedabideek. AEB Ameriketako Estatu Batuek ere babestuko luketela pentsa liteke, George Bush lehengo presidentearen aliatu sendoa baitzen. Baina, The Washington Post-ek dioenez, Kanadako Defentsa ministro Peter McKay sostengatuko dute. Radoslaw Sikorski Poloniako Atzerri ministroa ere kargurako lehian da. Apirilaren 3an aukeratuko dute idazkari nagusi berria.



Orain dela hamar urte, Hungaria, Polonia eta Txekia, Sobietar Batasun ohiaren aliatuak izandakoak hirurak, NATOn sartu ziren. Errusiak begi txarrez ikusi ditu betidanik bilakaera horiek.

Bi indarren arteko borroka

Allande Sokarros.

V arsoviako blokea desegin zenetik zortzi urtera, aliantza militar honetako partaide izan ziren Europa ekialdeko hiru herrialde NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartu ziren, hots, 36 urtez etsaia izan zen egituran. Aliantza Atlantikoan sartu ziren Hungaria, Polonia eta Txekian eginiko iritzi azterketak fidagarritzat hartuz gero, biztanleriaren gehiengo zabala kidetze honen alde zegoen: %70 Polonian, %65 Hungarian eta %60 Txekian.

Alta bada, iraganarekin erabateko haustura izaiteaz gain,NATOn sartzeak kostu handiak eragin dizkie. Zehazki, Poloniak, hamabost urteko epean, 1.175 milioi euro gastatu beharko ditu NATOra egokitzeko. 1999an, Hungariak, aldiz, 23 milioi euro eralgi zituen Aliantza Atlantikoan sartzearen ordainez, eta Txekiak, berriz, 10 milioi euro.

Ospakizun ekitaldiak AEBetako Independence hirian (Missouri) egin ziren. Hiri honetan bertan zuen AEBetako presidente Harry Trumanek NATOren eraketa iragarri, 1949an. Independence izena, berriz, nahikoa kontrajarrita dago Aliantza Atlantikoko kide bihurtzearekin, NATOn sartzea, nola edo hala, AEBen menpe jartzea baita.

Varsoviako Akordioko hiru partaide ohi NATOn sartzea begi txarrez ikusi zuen Errusiak. Sobiet Batasunaren eta Mendebaldearen arteko lehia ideologiko eta estrategikoak iraganeko kontu bihurtu arren, Moskuk ezin du jasan AEBek bere mugetatik hurbil zabal dezaten euren eragina.

Hungaria, Polonia eta Txekiaren partaidetza prozesua abian jartzea onartu bazuen NATOk Madrilen 1997ko uztailaren 8 eta 9an egin zen goi bileran, Europa ekialdeko blokean egondako beste bederatzi herrialderen kidetza asmoak baztertu egin zituen. Albania, Bulgaria, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Letonia, Lituania eta Mazedonia ziren horiek. Haatik, Aliantza Atlantikoak ez zizkien ateak erabat itxi eta Pragan 2002ko azaroan eginiko goi bileran kidetza prozesua abian jartzea onartu zuen. Europa ekialdeko beste zazpi herrialde NATOko kide egin ziren 2004ko apirilaren 4an: Bulgaria, Errumania, Eslovenia, Eslovakia, Estonia, Letonia eta Lituania.

Esku-hartzeak

Gerra Hotza amaitzearekin, beste eginkizun bat hartu du xedetzat NATOk: bake indar gisa jardutea. Alabaina, horretan ere Errusia ernegatu du, batik bat Jugoslavia ohiko gerretan esku-hartu duelarik. Hala, 1994an, NATOko gerra hegazkinek lurrera bota zituzten Jugoslaviako armadako lau aireko militar Bosnia-Herzegovinako aire eremua urratu zutelakoan. Slobodan Milosevic buru zuen Jugoslavia Errusiaren aliatua zen eta Moskuk gogor gaitzetsi zuen oldar egitea.

Moskuren samina eragin zuen halaber, NATOk Serbian eta Kosovon bonbardaketak egitea, horretarako, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren baimenik lortu gabe. Jugoslaviako armada Kosovotik alde egiterat behartua izan ondoren, NATOk herrialdean KFOR segurtasun indarra zabaltzeak areagotu zuen Moskuko gobernuaren kexua.

Alabaina, Errusiak NATOren zabalkundeari jartzen dion marra gorria da, duda barik, Aliantza Atlantikoko kide bihurtu daitezen Sobiet Batasuneko kideizandako herrialdeak. Horrela litzateke NATOko partaide bilakatuko balira Ukrainia edo Georgia. Bi estatu hauetako gobernu agintariek Aliantza Atlantikoan sartzea gura dute, baina NATOk oraindik zuhur jokatzea hobetsi du. Ukrainian, Moskuren aldeko indar politikoak nahikoa indartsu dira eta Georgiak itxura txarra eman du Hego Osetiaren aurka gatazka piztuz, iazko udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.