Bi gertaera daude, antza, Kosovoko hainbat hiritara zabaldu diren serbiarren eta albaniarren arteko liskarren atzean. Batetik, astelehenean, serbiar bat hil zuten Caglavican, Pristina ondoko hirian. Serbiarrek errepideetan oztopoak jarri eta albaniarrek etxe batzuei su eman zieten. Bestetik, asteartean, hiru ume albaniar hil zituzten serbiarrek Mitrovican, Ibar ibaian itota. Horrek guztiak 1999tik honako liskarrik gogorrenak eragin ditu. Herenegun 22 lagun hil eta dozenaka zauritu ziren, eta atzo, iturri ofizialek esan zutenez, 31ra iritsi zen hildako kopurua.
Azken bi urteetan, giroa asko baretu da bi komunitateen artean, eta KFORek 50.000tik 17.000ra murriztu ditu bake indarretako kideak. Atzo, aldiz, Bosnian dituen soldaduetatik 1.000 Kosovora bidaltzea erabaki zuen Aliantza Atlantikoak, Bruselan premiazko bilera egin ondoren. AEBek 100-150 soldadu Kosovorako bidean jarri zituzten jada, eta Italiak beste 80; Erresuma Batua 750 bidaltzekoa zen. Serbiako Armadak, aldiz, muga itxi eta Kosovorako hegaldi guztiak bertan behera utzi zituen.
Dozenaka herritan izan dira liskarrak egunotan, serbiarren etxe zein elizen aurka eta albaniarren meskiten aurka, eta NBEko hiru polizia larri zauritu dituzte. Obilicetik 100 serbiar atera behar izan zituen K-FORek, eta Caglavican, bigarren egunez, manifestazioa egin zuten albaniarrek. «Ez dut uste gerra arriskurik dagoenik. Legea eta ordena berreskuratzeko behar dena egingo dugu», adierazi zuen atzo Jamie Shea NATOko eledunak. Baina KFOReko buruzagi militar Holger Kammerhoff jeneralak indarra erabiltzeko deia egin zien bake indarrei: «Agindua eman dut gure soldaduak babesteko beharrezkoa den indarra erabiltzeko, Kosovoko herritar errugabeak babesteko eta Kosovo osoan mugimendu askatasuna berrezartzeko». Gutxiengo serbiarra babesteko gai ez izatea egotzi die Belgradek NATOri eta NBEri. «Hau Kosovoko serbiarren aurkako garbiketa etnikoa da, aurretik pentsatu eta koordinatua», Vojislav Kostunica serbiako lehen ministroaren ustez. Asteazkenean Serbiako hiru hiri nagusitan egindako manifestazioetan meskitak eta musulmanen beste eraikin batzuk harrikatu eta erre zituzten herritarrek.
Zatiketa
NBEren UNMIK taldearen eskuetan dago egun Kosovo. Albaniarrek Serbiarekiko independentzia aldarrikatzen dute; serbiarrek, berriz, Serbiaren menpe egon nahi dute berriz ere. NBEk egoera politikoa egonkorra izatea nahi du estatusari buruzko negoziazioak hasi aurretik. Datorren urtearen erdialdean aurrerapausoen azterketa egitekoa da, eta, ontzat jo eginez gero, baliteke negoziazioak 2006an hastea.
NATOk Kosovo bonbardatu zuenetik (1999ko martxoaren 24a), ez da erroldarik egin. Hala ere, bi milioi biztanle inguru bide dira, eta horietatik 100.000 inguru dira serbiarrak, bonbardaketa aurretik zirenen erdiak baino gutxiago. Izan ere, ordu arte Serbiak jazarritako albaniarrak serbiar gutxiengoari jazartzen hasi ziren eta askok ihes egin zuten.
Etnikoki bitan zatituta dagoen Mitrovica iparraldean bizi dira serbiar gehienak. Gainerako herrietan, NATOren K-FOR bake indarraren gerizpean daude. NATOren bonbardaketaren urteurrena hurbiltzen denean, tentsioa areagotu ohi da bi etnien artean, baina badira egunotako liskarretan eragina izan zezaketen beste bi faktore: Kostunicak Kosovo kantoi bihurtzeko asmoa iragarri du berriki, albaniarren amorragarri, eta urrian Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira Kosovon.
KOSOVO
NATOk beste 1.000 soldadu bidaliko ditu Kosovora, liskarrak eteteko
Aliantzak herrialdea bonbardatu zuenetik, borroka gogorrenak izan dira, eta 31 lagun hil dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu