NATOk egindako erasoan zibilak hil direla salatu du Afganistango Poliziak

Kandaharren talibanek egindako eraso suizida bikoitzean 22 lagun inguru hil eta 50 zauritu dira

Ane Urrutikoetxea.
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Afganistango herritarrentzat azken urteetako egunik ilunenetakoa izan zen atzokoa. NATOk zibilen hilketak sahiestuko dituela agindu duen arren, ez du lortu zibilen aurkako erasoak etetea. Atzo Logar probintzian NATOk egindako erasoan hemezortzi zibil hil direla salatu du Afganistanek, tartean zazpi haur. Ustezko hamabi taliban inguru ere hil dituzte. Logarko poliziaburu Ghulam Sakhi Rogh Liwanairen esanetan, NATOk erasoa egin du bi etxeetan, talibanen gotorlekuak zirelakoan. Bertan Qari Sardar ustezko talibanen buruzagi bat aurkituko zutela uste zuten: «Bi etxeetan sartu ziren, bertan zeudenei eraso eginez. Ondoren, airez bonbardatu zituzten eraikinak».

NATOk adierazi du ez duela jaso zibilen hilketen daturik. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarretako teniente James Williamsek bi etxeetan erasoak egin zituztela aitortu du, baina esan du bertan aurkitutako zibil bakarrak zauritutako bi emakume zirela: «Jaso ditugu hildako zibilen salaketak. Erasoa egin dugula baiezta dezakegu, baina ez zaigu iritsi hildako zibilen inguruko daturik». Bestalde, Talibanen bozeramaile Zabiula Mujahidek adierazi du ez dutela ezagutzen NATOk harrapatu nahi zuen Sardar talibana.

AEBetako presidente Barack Obamak Afganistandik tropak 2014. urtean aterako dituztela berretsi zuen NATOren azken goi-bileran. Dena den, Afganistango egoera ez da baretu 2001ean gerra hasi zenetik, eta egoera nahasia da oraindik. Aurten, AEBetako tropen gehiegikeria ugari argitara atera dira Afganistanen, eta herritarren haserrea piztu dute. Martxoan, Kandaharren AEBetako soldadu batek hamasei zibil hil zituen, horietako bederatzi haurrak. Talibanen arabera, ordea, hildakoak 45 izan ziren, eta hiltzaileak, soldadu bat baino gehiago. Otsailean, berriz, AEBen Bagrameko basean koranaren aleak erre zituzten, eta hurrengo egunetako protesta oldeetan estatuko indarrek eta NATOkoek 30 lagun inguru hil zituzten.

NATOk behin baino gehiagotan adierazi du zibilen aurkako erasoak eteteko asmoa, baina Afganistango presidente Hamid Karzairen ustez, ahaleginak ez dira nahikoak. Karzaik Chicagoko NATOren goi bileran adierazi zuenez, AEBekin egindako itunak «garrantzia gal dezake» NATOren erasoetan zibilak hiltzen jarraituz gero. «NATOk egindako ahaleginak ez dira nahikoak, gerrarekin zerikusirik ez duten zibilak hiltzen jarraitzen dutelako. Ezinbestekoa da zibilen hilketak erabat etetea, eta, bitartean, NATOren erasoak salatzen jarraituko dugu». NATOren erasoek talibanenak bultzatzen dituztela salatu du Afganistango presidenteak.

Talibanen erasoak

Hain zuzen ere, Kandahar hirian gutxienez 22 lagun hil eta 50 zauritu dira, eraso suizida bikoitzean, eta zaurituetako asko larri daude. Talibanek bere gain hartu dituzte bi erasoak. Kandaharko aireportuko NATOren basea zen talibanen eraso suizida bikoitzaren helburua. NATOko basea hornitzen laguntzen ari ziren langile talde baten aurkako erasoa izan da; izan ere, herritar ugarik laguntza eskaintzen diote NATOri diru truke. Merkatu batean, suizida batek motorra leherrarazi du jendetzaren erdian. Ondoren, ingurukoak zaurituei laguntzeko hurbildu direnean, beste suizida batek bonba bat leherrarazi du. Talibanek NATOren hamazazpi soldadu hil dituztela aldarrikatu dute, baina NATOk gezurtatu egin du. ISAFeko bozeramaile baten esanetan, basea erasotik urruti zegoen: «Erasoa basetik kilometro askotara gertatu da, eta, beraz, ezinezkoa da NATOren soldaduak hil izana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.