NATOk adierazi du herenegun Tripolin Muammar Gaddafiren bizitokiko eraikin baten aurka egindako erasoaren helburua ez zela diktadorea hiltzea. Charles Bouchard teniente jeneralak erran duenez, «aginte eta kontrolerako» erabilitako eraikin bat izan zen bonbardaketaren helburua. Handik «zibilei eraso egiteko aginduak» ematen zirela dio Bouchardek. Gaddafi eraikinean ez zegoela bazekitela adierazi du militarrak.
Eraso horrengatik, baina, Errusiako lehen ministro Vladimir Putinek gogor kritikatu du NATO. NBE Nazio Batuen Erakundearen 1973 ebazpenak Gaddafi hiltzeko baimenik ez duela ematen ohartarazi dio aliantzari. Gaddafiren aurkako jarrera hartuta, nazioarteko koalizioak ebazpena gainditu duela dio Putinek.
Hala ere, Libiako matxinoen hiriburu Bengazin ordezkari politiko bat ezartzeko aukera eztabaidatzen ari da NATO. Bruselan gaur bilera eginen du aliantzak, eta gai horri buruz mintzatuko dira, bertzeak bertze. Nazioarteko erasoaren zuzendaritza politikoa, berriz, heldu den maiatzaren 5ean elkartuko da Erroman.
Misratako portua helburu
NATOren bonbardaketak Gaddafi estutzen ari diren arren, erregimenak Misratan eraso handi bat egitea lortu zuen atzo, portua bonbardatu baitzuen. Matxinoek diotenez, hiru lagun hil ziren erasoan. Portuaren inguruan borrokan ari direla dio iturri horrek, Gaddafik haren kontrola berreskuratu nahi duelako. Misratak bi hilabete daramatza erregimenaren setiopean, eta oraingoz nazioartearen laguntza jasotzeko bide bakarra da portua.
Mendebaldean, berriz, erregimenak berbereen herriak bonbardatu ditu, matxinoek eta Tunisiara ailegatutako errefuxiatuek diotenez. Matxinoek diotenez, Nafusa mendikatean erregimenaren menpeko lurraldeak berreskuratzea lortu dute.
NATOk erran du Gaddafi ez zela bere helburua
Libiako diktadorea hiltzeko NBEren baimenik ez duela ohartarazi dio aliantzari Vladimir Putinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu