Libiako erregimenaren aurkako operazioan nazioarteko aliatuek eman duten inprobisazio eta koordinazio eza nagusi izan dira azken egunetan. Baina atzo, azkenean, NATOk Libian izan behar duen esku hartzea nolakoa izan behar den adosteko lehen urratsak egin zituzten AEBek, Frantziak eta Erresuma Batuak. «Giltzarria izan behar du NATOren eginbeharrak», hizartu dutenez. Nicolas Sarkozy Frantziako lehen ministroak eta Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak telefonoz izandako elkarrizketa batean hitzartu zuten NATOren gidaritza buruak zein motatakoa izan behar duen. Erresuma Batuko lehen ministroa, David Cameron bat etorri zen erabaki horrekin. Ildo horretan, AEBek lortu nahi duena da NATOren «gaitasunak baliatzea», eta era berean aliatuak ez diren beste herrialdeak ere Libiako aferan sartzea. Esku hartze motari buruzko xehetasun gehiagorik ez zen atzo edizio hau ixterako orduan.
Norabide horretan, atzo arratsaldean, Alain Juppe Atzerri ministroak adierazi zuen, Erresuma Batuari proposatu diotela «organo» hori sortzea, eta koalizio militarreko kideekin eta Arabiar Ligarekin bilerak egitea. Gainera, Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako erasoaldia «motza» izanen dela iragarri du ministroak. «Iraupen laburreko esku hartzea nahi dugu bai guk, baita Ameriketako Estatu Batuek ere».
Barack Obama presidenteak bezperan adierazi bezala, Gatesek jakinarazi du AEBek hurrengo egunetan utziko dutela operazio militarraren agintea. Geroago, Etxe Zuriko segurtasunerako kontseilari Ben Rhodesek adierazi du NATO nazioarteko koalizioaren aginte egituraren «zati» izanen dela AEBek hura uztean.
NATOren atzoko bilkuran aire eremuaren debekurako plana onartu zuten 28 kideek, baina NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek zehaztu du horrek ez duela erran nahi operazio militarrean sartuko direnik. NATOk Libiako itsasora ontziak bidaltzea erabaki du, NBE Nazio Batuen Erakundearen 1973 ebazpenak ezarritako armen bahimendua betearazteko.
Errusiak eta Txinak, berriz, su-etena eskatu dute. Errusiako presidente Dimitri Medvedevek adierazi du «kezkatuta» dagoela «bereizketarik gabeko» aire erasoek zibilen artean eragin ditzaketen biktimengatik. Arabiar Ligak erran du aire eremua debekatzearen alde agertu zela, «zibilak eta herrialdeko instalazioak ez kaltetzeko baldintzapean».
Misilak Tripolin
Eztabaidak eztabaida, koalizioak erasoaldiarekin jarraitu du. Tripoli laugarren arratsez bonbardatu dute. AEBetako armadako bozeramaile batek jakinarazi du haien eta Erresuma Batuaren ontzi eta urpekontzietatik hogei Tomahawk misil jaurti zituztela atzoko egunean.
Koalizioaren jardunak, ordea, ez ditu Gaddafiren indarren erasoaldiak geldiarazi. Misratan—Tripolitik 200 kilometro ekialdera—, oposizioak jakinarazi du erregimenak berriz ere tankeekin eta artilleriarekin bonbardatu duela hiria. Oposizioak dioenez, herenegungo bonbardaketetan 40 lagun hil ziren. Mendebaldean oposizioaren esku dagoen hiri bakarra da Misrata.
Ekialdean, berriz, Erresuma Batuko armadako bozeramaile John Lorimerrek adierazi du Bengaziren gaineko erasoaldia «errotik» geldiarazi duela koalizioak. Bengazitik gertu, AEBen hegazkin batek lurra jo zuen atzo. Bi pilotuak onik atera ziren. Erresuma Batuko Channel 4 katearen arabera, herritarrek pilotuak lagundu zituzten, baina militarren bila AEBen helikoptero bat hurbildu zenean, jendetzari tiro egin eta sei lagun zauritu zituzten. Borroka frontea 160 kilometro hegoalderago dago, Ajdabijan. Oposizioak dio esku hartzeak Gaddafiren erasoaldia gelditu duela, baina diktadoreak oraindik arma anitz dituela borrokan segitzeko.
Protestak herrialde arabiarretan
NATOk Libian esku hartze mota «erabakigarria» izatea adostu dute
Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak dio «iraupen laburreko» esku hartzea nahi dutela bai Parisek, baita Washingtonek ereAliatuek Tripolin eraso egiten segitzen dute, eta Gaddafi gogor ari da Misratan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu