NATOk milaka aholkulari bidali ditu Afganistanera, erretiratzea bizkortzeko

Herrialdeko segurtasun indarrei eskumenak eman arteko garaia bideratu nahi du ISAF misioak

Arnaitz Lasarte.
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
NATOk jakinarazi du milaka aholkulari militar bidali dituela Afganistanera. 2014. urte amaierarako iragarrita duen tropen erretiratzea «bizkortzea» izango da aholkulari horien zeregina. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrek 2014an emango dizkiete eskumenak Afganistango armadari eta Poliziari. Aliantzaren arabera, hara bidali dituzten aholkulariek trantsizio garai hori bideratzeko ardura izango dute, eta hango segurtasun indarren garapena bizkortu beharko dute.

Aliantza militarrak hamar eta hogei kidez osatutako 300 talde inguru bidali ditu Afganistanera, eta herrialde osoan banatu ditu. Baina, bereziki, gunerik gatazkatsuenetan jarriko dute arreta: herrialdearen hegoaldean eta ekialdean. Stephen J. Day Afganistango misioaren plangintzaren arduradunetako baten arabera, aholkulari militarren taldeak martxan jartzea «mugarri bat» da, ardura militarren eskumenak Afganistango indarren esku uzteko.

Dayk nabarmendu du historian matxinoen aurkako borrokak «indar indigenek» irabazi izan dituztela. Hori dela eta, ustedu NATOren jarduna arrakastatsua izatea errazten duela Afganistango soldaduen eta polizien gaitasunak hobetzeak.

Egun, Afganistango armadak 195.000 mila soldadu ditu. Kabulek eta NATOk adostutako bide orriaren arabera, kopuru horrek, poliziak gehituta, 352.000ra iritsi behar du urria baino lehen. Beraz, oraindik bi hilabete dituzte polizien kopurua handitu, eta zenbaki horretara iristeko.

Hala, NATOren helburua da herrialdeko segurtasun indar horiek 2014. urte amaierarako Afganistango segurtasunakontrolatzeko gai izatea.Aliantzak orduan bukatuko du tropak erretiratzeko prozesua. «Progresiboki» egingo dituzte urratsak.

Hala ere, 2015etik aurrera Afganistanen jarraituko duela iragarri zuen NATOk, Chicagon(AEBak) maiatzean egin zuten goi bileran onartutako agirian: «Kabulgo gobernuaren eskariz, prest gaude 2014tik aurrera misio berri bat ezartzeko. Bestelako misioa izango da, eta Afganistango segurtasun indarrei heziketa, dirua eta laguntza teknikoa eskaintzea izango ditu helburu».

Day misioaren arduradunaren esanetan, zehazteko dago oraindik luzera begira aliantzak zerzeregin izango dituen Afganistanen: «Ez nago ziur martxan jarri berri dugun aholkulari militarren eredua aukeratuko ote duten etorkizunean».

Kritikak, NATOren planari

The New York Times egunkariak erreportaje batean jaso duenez, Afganistan hegoaldean dauden AEBetako ofizial batzuk ez daude ados 2014 amaierarako tropak erretiratzearekin. Azaldu dutenez, aurreikusita zituzten zazpi proiektuetako bost gauzatzeko denborarik ez dute izango.

Ofizialen arabera, Afganistango Gobernua ikasten ari da eraikitzen ari diren proiektuei nola eutsi eta horiek nola erabili. Tropak erretiratuta, ikaste prozesu hori bertan behera geldituko litzatekeela uste dute ofizialek: «Errepide bat eraikitzen baduzu, errepide bat zainduko duen gobernu bat eratu behar duzu; gu ez garaerrepide onak eraikitzen ari, ezta gobernu on bat eratzen ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.