NATOk prest ditu Turkia erasoetatik defendatzeko «beharrezko» plan guztiak

AEBetako hauteskunde kanpainan Romneyk adierazi du Siriako oposizioko taldeei armak emango dizkiela

Arnaitz Lasarte.
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Siriatik jaso ditzakeen erasoetatik Turkia defendatzeko «beharrezko» plan guztiak «prest» ditu NATOk. Hala adierazi du Anders Fogh Rasmussen erakunde horretako idazkari nagusiak. Hala ere, NATOk neurririk hartu behar ez izatea espero duela esan du Rasmussenek, «alde guztiek moderazioz» jardutea, eta «bi herrialdeen arteko tentsioak gora ez egitea». NATOko kide diren 28 herrialdeetako Defentsa ministroak Bruselan bildu ziren atzo, eta lehengo astean egindako larrialdizko bileran bezala, Turkiari babesa erakutsi zioten bertan.

Washingtongo Itunaren 4. artikulua jarraiki ari da urratsa egiten NATO. Haren arabera, aliantza militarreko kideren batek eraso bat jasanez gero, besteei laguntza eskatzeko eskubidea du. Hori horrela, igaro den asteazkenean Siriatik Turkiara jaurtitako obusaren ondorioz bost zibil hil zirenean, larrialdiko bilera bat egin zuen NATOk, Turkiak deituta. Erasoak gaitzetsi zituen aliantzak, eta Siriari gisa horretako ekintzak bertan behera uzteko eskatu zion.

NATOk Washintongo Ituneko 4. artikulua aplikatzen duen hirugarren aldia da. Aurreko bietan ere Turkiak deituta egin zituzten larrialdiko bilerak. Aurtengo ekainean bat, Siriak Turkiako armadaren hegazkin bat bota, eta bi soldadu hil zituenean. Lehenengoa, berriz, 2003an, Irakeko gerrarengatik. Orduan, Turkiaren segurtasuna bermatzeko hainbat neurri hartzea erabaki zuen aliantzak. Laugarren artikulu horrek, ordea, indar gutxiago du bosgarrenak baino. Izan ere, bosgarren artikuluak dio «aliatu baten aurkako erasoa guztien aurkako erasoa» dela, eta herrialde bakoitzari baimena ematen dio «aliatu horri laguntzeko» neurri militarrak hartzeko. AEBetako irailaren 11ko erasoen ondoren soilik aplikatu du artikulu hori.

Turkiako eta Siriako gatazkaren kasuan ez da horretaraino iritsi NATO. Auziari «irtenbide politiko bat» ematearen alde mintzatu dira aliantzako kideak, eta ez dute esku hartzeaz hitz egin. Atzo, esaterako, norabide horretan mintzatu ziren Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia eta Francois Hollande Frantziako presidentea ere Parisen egindako bileran. Siriako Gobernua alde bakarreko su-etena aldarrikatzeko eskatu zioten, gatazkari «konponbide politikoa» emateko.

Mitt Romney AEBetako presidentetzarako hautagaiak, berriz,kanpaina bete-betean adierazi duEtxe Zuriak gehiago esku hartu behar duela Siriako gatazkan: «Lan egingo dut gure balioak partekatzen dituzten Siriako oposizioko kideak antolatzeko. Baxar al-Assaden gobernuari aurre egiteko, armak jasoko dituztela bermatuko dut». Barack Obamak orain arte hartutako neurriak gaitzetsi ditu Romneyk.

Damaskon, eraso suizida

Mundu osoko erakundeak eta ordezkariak Siriara begira dauden bitartean, matxinoen eta armadaren arteko borrokek ez dute etenik. Atzo, Damaskon, atentatu suizida bat egin zuen oposizioak aire armadaren inteligentzia zerbitzuen egoitza baten aurka. Al-Nusra talde islamistak hartu du ekintza bere gain. Egoitza Londresen duen Giza Eskubideetarako Siriako Behatokiaren arabera, dozenaka lagun hil dituzte eraso horretan.

Libanoko berri agentzia nazionalak azaldu duenez, Libanoko armada Siriako mugan hedatu da. Siriako armadaren ustezko mugimendu batzuk kontrolatzeko hartu du neurri hori.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.