Defentsarako eta bakerako izango omen den NATOren misilen kontrako ezkutua martxan jarri dutela jakinarazi du Turkiako Atzerri ministroak. Herrialdearen mendebaldean ezarri dute, eta distantzia nahiz altura handira dauden objektuak detektatu, jarraitu eta identifikatzeko gai dela azaldu dute. Teheranek, baina, ez du begi onez ikusten AEBetako armadak kudeatzen duen ezkutua bere mugetatik hain gertu egotea, eta «Iranera begira» jarri dutela kritikatu du. Jada handia den bi herrialdeen arteko tentsioa areagotzea eragin du, hain zuzen ere.
«Misilen kontrako ezkutua ez da onuragarria izango herrialde musulmanentzat», kritikatu zuen iragan astean Irango Legebiltzarreko bozeramaile Ali Larijanik, eta eskualdean egonkortasuna handitzeko ez duela balioko gaineratu zuen. Moskuk ere bat egin du oraingoan Teheranekin, Europan zehar ezarri nahi duten ezkutuak Errusiaren segurtasuna ere kolokan jartzen duela uste baitu.
Ez da Europarekin tentsioa eragin duen gai bakarra; izan ere, AEBen esanetara jokatzea egotzi dio Ramin Mehmanparast Irango Atzerri ministerioko bozeramaileak EB Europako Batasunari. Irani petrolio bahimendua ezartzea aztertzen ari dira 27ak, eta Teheranek euren interesei jarraitzeko gomendioa egin die, Washingtonen agenda jarraitu ordez. Izan ere, itsu-itsuan hori egiteak «arrisku serioak» izan ditzakeela ohartarazi die. AEBetako gobernuak «jokoz kanpo» utzi nahi dituztela ere adierazi du Mehmanparastek. Horrez gain, EBren seriotasuna zalantzan jarri du, erabakia urtebete atzeratzeko, edo zigorrak hiru hilabetetarako soilik jartzeko gai direla esanez».
Zientzialarien hilketak
Bestalde, iragan urtarrilaren 11n hil zuten Mostafa Ahmadi-Roxan zientzialariaren kasuaren inguruko «aztarnak» topatu dituztela adierazi du Larijanik. Hainbat lagun atxilotu dituztela ere jakinarazi du, eta AEBak, Erresuma Batua eta Israel hilketaren atzean daudela nabarmendu du. «Atxilotu ditugunek herrialde horiekin harremanak dituztela baieztatu dute».
Bi urtean programa nuklearrean lan egiten ari ziren hiru zientzialari hil dituzte Iranen. Hilketa horiek Teheranen aurrerapen nuklearrak ez dituztela geldituko ohartarazi du Larijanik. «Ez dago zientzia nuklearraren ezagutza duen pertsona kopuru mugaturik». Zientzialarien hilketek AEBen eta Israelen etsipena agerian uzten dutela nabarmendu du, bestalde.
Zigorrei aurre egiteko prest
Mendebaldea zigorrak aztertzen ari den bitartean «Iran edozein egoerari aurre egiteko prest» dagoela diote gobernuko iturriek. Irango petrolioaren bahimendua ezartzen badute ere, aurrera ateratzeko baliabideak dituztela jakinarazi du legebiltzarreko presidenteak.
Zigorrak, mehatxu militarrak, Irango Banku Zentralaren kontrako neurriak eta hilketak propaganda besterik ez direla uste du Larijanik, eta Irango programa nuklearrak helburu baketsuak dituela berretsi du. Dena den, Mendebaldeak hartzen dituen neurrien arabera, Ormuzeko itsasartea ixteko erabakia har dezaketela mehatxu egin du, berriz ere.
NATOk Turkian «Iranera so» misilen aurkako ezkutua jarri izana kritikatu du Teheranek
Europari ohartarazi dio AEBen esanetara jokatzeak eta Irani zigorrak ezartzeak arriskuak dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu