Afganistanen dagoen nazioarteko misioaren egoera zeharo larritu da azken egunetan, Bagrameko basean erretako Koran aleak agertu zirela-eta lehertu den indarkeria oldearen harira. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarraren —NATOren Afganistango misioaren— aurka aspaldian egindako eraso nabarmenena atzo gertatu zen, Afganistango Barne Ministerioaren barnean NATOko bi ofizial hil baitzituzten tiroz. Horren ondorioz, Kabulgo eta inguruko ministerioen egoitzetatik ISAFeko kide guztiak ateratzea erabaki duNATOk. Talibanek bere gain hartu dute erasoa. Erreketen aurkako protestek bortzgarren eguna izan zuten atzo, eta gutxienez lau hildakoren berri eman dute.
Kabulen gertatutakoari dagokionez, NATOk ez du argibide handirik eman. ISAFeko buru John Allen jeneralak berretsi duen bakarra da hildakoak bi ofizial izan direla da, eta erasoa Barne Ministerioaren egoitzaren barrenean gertatu dela. Atentatua «erantzunik gabe» ez dela geldituko erran du. Carsten Jacobson jeneralaren hitzen arabera, behintzat, erasoa lagun bakarrak egin duela ondorioztatu daiteke, bertzelako informaziorik ez dutela erran arren: «Ezin dugu berretsi hiltzailea nondik etorri den, zein den bere naziotasuna, ezta uniformea jantzita zeraman edo ez».
«Eztabaida» hildakoekin
Afganistango hedabideek argitaratu dutenez, hildakoak AEBetako armadako maior bat eta koronel bat dira. Argitaratu duten kontakizunaren arabera, Poliziaren uniformea zeraman jantzita, eta tirokatu dituen militarrekin «eztabaida bat» izan du. Hedabide horiek iturriak ez dituzte aipatu. BBCren arabera, berriz, zortzi tiro aditu dira eraikinean, eta tiroketa ministerioko aginte aretoan izan da. Hedabide horrek dioenez, gela horretan biltzekoak ziren 34 probintziatako ordezkariak, segurtasun plan bat hitzartzeko; gainera, erasoaren ordu berean Bismula Khan Barne ministroa eraikinean zegoela dio BBCk, Mendebaldeko goi ofizialekin bilkura batean. Ez ISAFeko, ez Afganistango agintariek ez dute bertsiorik berretsi.
Talibanek, ordea, bere gain hartu dituzte hilketak ohar baten bidez. Gainera, bi ez, «lau goi kargudun estatubatuar» hil dituztela aldarrikatu dute. AEBen Bagrameko base militarrean Koranak erre zituztelako «mendekua»hartu dutela diote talibanek. Jacobson NATOko jeneralak erran du, baina, erasoa ez dela protestekin lotu behar.
Hain zuzen, Bagramen gertatutakoagatik herritarren haserreak oraingoz ez du etenik. Ez dute deusetarako balio izan Barack Obama AEBetako presidentearen barkamen eskakizunak, ezta ISAFek eta Kabulek batera erreketei buruz ikerketa bat hasi izanak. Atzoko protestetan gutxienez lau hildakoren berri eman zuten, laurak ipar-ekialdeko Kondoz hirian. Afganistango Khaama Press egunkariaren arabera, protestan ari zen jendetzak NBE Nazio Batuen Erakundearen egoitza bati eraso dio, eta Poliziak tiro egin die. Bortz egunean 20-30 lagun artean hil dituzte horrelako protestetan. AEBek Kabulen duten enbaxada itxi zuten bigarren egunean, eta, atzo, Erresuma Batuak ere langileak enbaxadatik ateratzea erabaki zuen.
Hamabi «militante» hilik
Protesten testuingurutik kanpo ere, gainerako eraso eta borrokek ez dute etenik izan. Barne ministerioak jakinarazi duenez, Afganistango Poliziak, armadak eta ISAFek batera egindako operazioan gutxienez hamabi «militante» hil dituzte. Helmanden (hegoaldean) eta Paktian (ekialdean) izan dira erasoak. Ipar-mendebaldeko Badghisen, berriz, sei soldadu hil dira mina bat zanpatuta.
NATOko bi ofizial hil dituzte Afganistango Barne Ministerioaren egoitzan
Aliantza militarrak bere kide guztiak erretiratu ditu ministerioen eraikinetatik; talibanek bere gain hartu dute atentatuaNATOko jeneral baten arabera, erasoa ez da Koranaren erreketen protestekin lotu behar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu