Polemikaz beteta hasi da NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea Bruselan egiten ari den goi bilera. Europa eta AEB Ameriketako Estatu Batuak inoiz baino zatituago iritsi dira bilerara, eta zaila ikusten da ados jartzea, batez ere defentsa gastuetara bideratu beharreko kopuruan. Gaur izan dute lehen hartu emana eta, besteak beste, 29 estatuek adostu dute Iraken "terrorismoari aurre egiteko entrenamendu misio bat" martxan jartzea, Bagdaden eskari bati erantzunez. Ezusteko handiena Donald Trump AEBetako presidenteak eman du, NATOko aliatuei eskatu baitie defentsara bideratzen duten kopurua bikoiztu dezatela.
Izan ere, NATOko aliatuek defentsa gastuetarako bideratzen duten diru kopurua handitzea da Trumpen helburuetako bat. 2024. urterako estatu bakoitzak BPGaren %2a defentsa gastuetara bideratzea adostu zuten 2014an 29 aliatuek eta, egun, bortz estatuk —AEBek, Greziak, Estoniak, Erresuma Batuak eta Letoniak— bakarrik betetzen dute xede hori. Hala ere, 2024rako hamabortzek bakarrik betetzea aurreikusten da. Trumpek adierazi du diru kopuru hori bideratzen ez dutenak AEBekin zorretan egongo direla.
Azken hilabeteotan Trumpek Parisko Klima Aldaketaren aurkako Akordioaren eta Irango akordio nuklearraren inguruan hartu dituen aldebakarreko erabakiek haserrea sortu dute Europako agintarien artean. AEBetako presidenteak, gainera, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren kontrako adierazpenak egin ditu gaurko bilera hasi baino lehen, eta horrek tentsioa areagotu du. Errusiaren menpe egotea egotzi dio Merkel buru duen gobernuari. Nolanahi ere, aldebiko bilera egin dute arratsaldean bi agintariek, eta "oso harreman ona" dutela esan dute handik atera direnean.
Alemanian erabiliko duten energiaren ia %70 Errusiatik iritsiko da —Gazprom enpresaren Nordestram II kanalaren bidez—, eta Trumpek Merkeli leporatu dio energia bertatik hartzeak Errusiaren "morroi" egiten duela. Trumpen arabera, ez da bidezkoa Alemaniak milioiak ordaintzea Errusiari bere energia hartzeko, AEBak Errusiaren kontrako borrokan dirua inbertitzen ari denean. Trumpek, gainera, aurpegiratu dio barne produktu gordinaren %1a soilik bideratzen duela defentsako gastuetara, AEBek %4,2 bideratzen duten bitartean.
Gaurko afarian eta biharko bileran, 29 estatuburu eta gobernuburuak Errusiaz eztabaidatuko dute. Trump Vladimir Putin Errusiako presidentearekin batzartuko da astelehenean, Helsinkin.