Apirilaren ondoren Kroaziarekin negoziazioei ekitea aho batez onartu dute herrialdeek eta Albaniak ere aukera guztiak ditu horretarako; Frantziak, Erresuma Batuak, Alemaniak eta AEBek, besteak beste, babesten baitute. Mazedoniaren izendapenaren inguruko gatazka da, NATOko buruen ahotan, Balkanetako hiru herrialde hauek erakundearekin bat egiteko azken oztopoa. Mazedonia izendapenak Grezia iparraldean dagoen lurraldea ere deitzen du, eta Skopjek zati hori bereganatu nahi duela salatzen du Atenasek. Mazedonia hitza Greziako lurraldeari deitzeko soilik erabiltzea nahi dute ere. NBEen sartu zenean bezala, Mazedoniari Jugoslavia ohiko Errepublika esamoldea gehitzea eskatzen du Greziak. Matthew Nimetz NBEren bitartekariak bost izen ezberdin eman dizkie bi aldeei.
Greziako Atzerri Ministro Dora Bakoyannisen arabera, adostasunik izan arte Mazedonia NATOn sartzea eragotziko du. «Herrialdearen izendapenean logika abertzalea duten ekimenak hartu ditu, eta Greziak NATOn sar dadin ahalbidetzea galarazten du». Bere erabakiarekin Greziak Balkanen egonkortasuna kaltetu dezakeela aitortu du Bakoyannisek. Hala ere, prozesua «oinarri sendoekin» egin behar dela azaldu du aldi berean.
Balkanetako estatuak NATOn sartzea eskualdeko egonkortasunari mesede egitea da Frank Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroaren arabera. «Egonkortasunaren izenean, Kroazia, Mazedonia eta Albania erakundean sartzea proposatu behar dugu». Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkaria baikor da Bukaresteko bilkura baino lehenago adostasuna lortzeko aukeren inguruan.
ERRUSIARI BEGIRA. Baliteke Kroazia eta Albaniarekin batera Mazedoniak ere NATOn sartzeko gonbita jasotzea. Horrela balitz, gutxienez bi urte iraungo lukeen negoziazio prozesua abiatuko litzateke hiru herrialdeak erakundean sartu arte. Halaber, litekeena da, Bosniak eta Montenegrok NATOrekin elkarkidetza indartzeko gonbita jasotzea, etorkizunean bat egiteko bidea abiatzeko. Serbiak ere antzerako eskaintza izan lezake mahai gainean, baina auzi berezia da hori, Kosovoren independentziaren ildotik Mendebaldearekin eztabaida piztu delako Belgraden. Atzo, Vojislav Kostunica lehen ministroaren eskaera ukatu zuen Gobernuak. EBrekin itun oro baztertzea eskatzen zuen Kosovoren independentzia indargabetu ezean.
NATOko Atzerri ministroek Georgia eta Ukrainaren sarbidea ere izan dute hizpide, eta epe motzean ez dela gauzagarria aditzera eman dute. Sobiet Batasun Ohiko herrialdeak NATOn sartzea mehatxutzat ikusten du Errusiak. Hala, Mendebaldeko estatuek uste dute Kosovogatik eta misilen aurka NATOk jarri nahi dituen defentsengatik eztabaida piztu ostean, antzua dela Ukraina eta Georgiaren sarrera bizkortuz krisia bultzatzea.Jean Asselborn Luxenburgoko ordezkariak hala adierazi du: «Errusian presidente berria dago eta bide berria hasi behar dugu».
NATO Kosovori buruz baikor dago, istilu larririk ez dagoelako
Jaap de Hoop Scheffer NATOko idazkari nagusiaren hitzetan, Kosovoren egoera zaila bada ere, erakundea baikor dago istilu larririk gertatu ez delako. «Ez da etnien arteko indarkeriarik egon, ez eta errefuxiatuen ihes masiborik eta ezta eraikuntza edo guneen kontrako erasorik ere». NATOren Kosovorako KFOR misioak, herrialdeko gehiengoak eta gutxiengoak babesten segiko duela adierazi zuen atzo Bruselan egin zuten bilkuran.Dena den,Kosovoko Poliziatikserbiar jatorriko 170 ofizialek kargua utzi dute independentziaren ostean. Mitroviçako hiri banatuan eztanda batek barealdia apurtu zuen atzo eta NBEren bi auto kaltetu zituen.Bestalde, Esloveniak Kosovoren independentzia aitortu zuen herenegun, Jugoslavia Ohiko lehen estatua da aitortzen duena.