Misilen aurkako babes sistema partekatzeko NATOren baldintzak bere hutsean onartuko ez dituela ohartarazi du Dmitri Medvedev Errusiako presidenteak. Hamar urteko epean akordiorik ez badago berrarmatzea hasteko arrisku handia dagoela ziurtatu du Medvedevek.
Duela aste eta erdi Lisboan egindako bileran, Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak iragarri zuen Errusiarekin ados jarri zirela misilen aurkako defentsa sistema komuna sortzeko. «Lehen aldiz, bi aldeek batera egingo dute lan beren burua defendatzeko», gaineratu zuen. Proposamen horri zenbait ñabardura egin zizkion atzo Medvedevek, Errusiaren egoerari buruzko urtero Kremlinen egiten duen mezuan.
Presidenteak onartu egin zuen sistema bateratua gauza ona izango litzatekeela, baina ukatu egin zuen egintzat jo daitekeela. «Argi eta garbi esan nahi dut hurrengo hamarkadan bi aukerari egin beharko diegula aurre: misilen defentsan ados jarri eta kooperazio mekanismo bateratua sortzen dugu, ala berrarmatzeko lasterketa hasiko da berriro, eta eraso egiteko ekipamendu berria hedatzeko erabakiak hartu beharko ditugu». Azken aukera horrek «zailtasun handiak» sortuko lituzke.
Beste hitz batzuetan, Errusiak zuzenean parte hartu nahi duela misilen aurkako babes sistemaren sorkuntzan eta ez duelaNATOk dioena besterik gabe onartuko. Ikusteke dago, ordea, aliantza militarrak zein mailaraino prest dagoen bere sistemak errusiarrei zabaltzeko eta informazioa partekatzeko.
Biztanleriarekin kezkatuta
Hitzaldiaren zatirik handienean Errusiako barne gaiei buruz aritu zen Medvedev. Bereziki kezkatuta azaldu zen biztanleriaren txikitzearekin -1991an baino zazpi milioi errusiar gutxiago daude-, epe erdian Errusiarentzat «oso arrisku serioa» dakarrelakoan. Horregatik proposatuko du hiru seme-alaba edo gehiago dituztenei hilero 3.000 errubloko laguntza ematea (73 euro).
NATOrekin ados jarri ezean berriz armatzeko asmoa duela dio Medvedevek
Europa misilen aurkako erasoez babesteko sistema bateratua negoziatzeko prest dago Errusiako presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu