Lisboan hitzartutakoa erabaki politiko askoren abiapuntu izango da dudarik gabe, baina, horrez gainera, gori-gorian dauden arazoak ixten hasteko bideari ere ekin nahi dio: irtenbiderik gabea dirudien Afganistango gerrarako estrategia marraztuta aterako da Portugalgo bileratik, eta nazioarteko aurrekontuen partida handi bat hari egokitzeko erabakia hartuta, nahiz eta behin eta berrikusi egin beharko duten, kontrolik gabea dirudienera egokitzen joateko.
AEBak Afganistanera sartu zirenean, 2001ean, talibanak bota eta hauteskundeak antolatzeak ez zirudien horren zaila, demokraziarako ezinbestekoak ezartzea. Baina herri bat erabateko pobreziatik eta atzerapen ekonomikotik ateratzeko ustezko arrazoi horiek galdu egin dira milaka biktima zibilen atzean, bonbardatu edota tiro errazegi egin den gerran; CIAk zientoka milioi dolar eskura izan dituela jakin denean, ezkutuko egitasmoetarako. Okupazioak ahul ditzake talibanak edo Al Kaeda, baina indar militarrek jarritako gobernu usteldu eta interesatuak ez du egoera hobetzen laguntzen. Herritarrak zain daude zer gertatuko den alde batera edo bestera jartzeko, eta, bien bitartean, okupazioa izan zenetik garairik okerrena izaten ari dira aurten.
Orain nazioarteko indarrek handik atera behar dute, eta2014 bitartean tropa gehienak erretiratzeko ordua heldu da, trantsizio «arduratsua» eginez, Douglas Lute Afganistanerako Etxe Zuriaren ordezkariak zehaztu duenez. Afganistango segurtasunarekin zerikusia duen konpromiso «iraunkorragoa» ere egingo dute Hamid Karzai hango presidentearekin garapen politikoa ziurtatzeko. Alegia, «bakea bermatzearren» indar militarrak ziurtatuko ditu NATOk ez jakin noiz arte,kaosa Kabuleko gobernuaren esku erabat utzi arte. Uztailean hasiko dira tropak ateratzen, baina gaur-gaurkoz ez dirudi oso erreala iraganean eta tradizionalki lasaiak izan diren guneetan ere gatazka baita nagusi.
Gerra hasi zenetik, aurtengoa izan da urterik odoltsuena: 100.000 desplazatu berrik gizendu dute zerrenda. Orain, 450.000 dira, Afganistango Errefuxiatuen Ministerioaren arabera. Desplazatuak hartzeko gobernuaren eta Nazio Batuen Erakundearen programa 2006an amaitu zen, eta, harrezkero, «euren etxeetara itzultzeko gomendioa» egiten dute. Hala ere, «emaitzak urriak» izan arren, talibanen kontrako borrokan NATOk ekimena berreskuratu duela uste du Mark Sedwillek, Afganistanen Aliantzak duen ordezkari zibil nagusiak, baina modu berean, aitortu du hainbat gunetan «2015 edo beranduago arte» egon beharko dutela, «segurtasuna bermatu arte».
NATOren kontra
Bien bitartean, NATOren aurkako Koordinakundeak (ICC) Aliantza Atlantikoaren pare «milaka bakezale» elkartu nahi izan ditu Lisboan, indar militarren estrategien aurka protesta egiteko eta aurrera begira estrategia alternatibo bat bideratzeko, baina, salatu dutenez, hainbat ekintzaile sartu ezinik geratu dira, besteak beste Lucas Wiri, Koordinakundearen arduradunetako bat. Horien protesta ekimen nagusia bihar izango da, eta segurtasun neurriez jositako hiriak hartuko ditu.
Portugalgo segurtasun indarrek aurrekaririk gabeko neurriak jarri dituzte, 5.000 lagun inguru hartzeko, 60 herrialdeetako buruzagien eta kazetarien artean. 7.000 agente baino gehiago jarri ditu gobernuak haien zerbitzura, herri bakoitzak ekarritakoez gain. Iaz Estrasburgoko bileraren harira izandako iskanbilak saihestu nahi dituztela esan dute, baina, dirudienez, baita talde militarren kontrako edozein ekimen bakezale ere.
Bilerako gaiak
Misilen kontrako ezkutuak. Defentsa sistema bat onartuko du NATOk, gerta litekeen misil balistikoen jaurtiketaz kide guztiak babesteko. Dagoeneko herri batzuek prestatuta dituztensistematara egokitzeko 200 milioi euro aurreikusi dituzte urteko, hamar urtean. Horrez gain,Washingtonek Europako misilen kontrako ezkutuei dagokion ardura Aliantzak har dezan proposatuko du,eta ezkutu horiek AEBen eta Errusiaren arteko tirabirak neutralizatzeko izango dira bereziki.NATO eta Errusia. Misilen kontrako ezkutu sisteman Errusiak parte-hartzea izan dezan eztabaidatuko dute, AEBen eta Errusiaren artean zabaldu den aroarekin bat. NATOren bide berriaren oinarrietako bat Errusiarekiko harremana izango da. Haren aurkari izan beharrean kolaboratzaile izatea nahi dute, batez ere terrorismoaren eta partekatzen dituzten beste mehatxu batzuei aurre egiteko. Akordioa egiteko arazoak egon daitezke Errusiak ezkor erantzuten badu, Obamak hitzartutako Start programari AEBetan errepublikanoek ezezkoa emango diotela eta. Europa ekialdeko estatuek eskatuko dute, dena den, Errusiarekin elkarlanak ez dezala arriskuan jar herri haietako segurtasuna, eta kide guztien segurtasuna «berdin-berdin» bermatzea eskatuko dute.
Barne erreforma. Estatuburuek asmoa daukate NATOren kuartel eta agentzia nagusiak gutxitzeko, erakundearen antolaketan hobetzeko eta gastu operatiboak murrizteko. 11 kuarteletik zazpira murriztu nahi dituzte, 13.500 militarretik 9.000ra, eta agentziak hamalautik hirura. Neurri horiek ez dituzte datorren urteko uztailera arte hartuko, eta Lisboan eztabaida gogorrak aurreikusten dituzte.